}

Azkartasunaren zimurrak

2000/02/22 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

XX. mendeko zientzialaririk ospetsuena Albert Einstein izan da. Neurologoek bere jenialtasunaren jatorria garunean bilatu nahi diote. Horretarako, egituraren analisia egin dute eta emaitza harrigarriak topatu dituzte.

Albert Einstein Aorta arteriaren aneurismak hil zuen, 1955. urtean, 76 urte zituela. Momentu horretan ere ez zeukan burua galduta. Bere senideek eskatu zuten autopsia Thomas Harvey patologoak egin zuen. Garuna atera, pisatu eta formalinako disoluzioan gorde zen. Geroago neurketa ugari egin ziren konpasaren bitartez eta ikuspuntu guzietatik egin zizkioten argazkiak, bai garun osoarenak, bai hemisferio bakoitzarenak. Azkenik 240 zatitan ebaki zuten eta bestelako ebaketak egiten hasi ziren azterketa osatzeko. Ikerketa hori Einsteinek berak sustatu zuen. Lau urte lehenago, ikerketan erabiltzeko entzefalogramak egin zizkioten. Proiektu horretan beste fisikari batzuk ere izan ziren partaide.

Heriotzaren ondorengo egunetatik ez zen zientzialariaren garunaren analisi morfologikorik argitaratu. Orain horrelako ikerketa burutu da eta lehenengo emaitzak argitaratu. Ikerketa horretan «lekuko multzoa» izeneko taldea hartu da konparazioak egiteko.

Maisuaren aurreko erkaketa

Psikologikoki eta medikoki osasuntsu diren garun askok osatzen dute multzoa. Einsteinek 76 urte zituen hil zenean. Horregatik, 65 urtetik gora zituztenen garun talde bat erabili zen zahartzaroaren aldaketez jabetzeko. Emakumeen garunak ere erabili ziren konparazio morfologikoan.

Neurketa gehienetan Eisteinen garunak ez dauka ezberdintasun adierazgarririk. Garunaren pisua lekuko taldeenen pisu tarteen ba- rruan dago. Luzerari, zabalerari eta altuerari dagokienez ere ohiko neurriak ditu. Gingil parietaletan, ordea, bada desberdintasun bitxi bat. Silvioren arteka izeneko zatia ildo nagusi bateraino iristen da eta gizaki arruntetan, aldiz, ez. Hil ondoren egin zizkioten argazkietan ikusten denez, ezaugarri hori Einsteinen garunaren alde bietan azaltzen da. Garun normalek beste egitura bat badute jaio baino lehenago garatzen dena. Horrek esan nahi du Einsteinen fetuak malfomazio bat izan zuela eta ez zuela zati hori beste guztiak bezala garatu. Hurrengo galdera da ea hori den jenialtasunaren jatorria ala ez. Erantzuna bilatzeko ere jenialtasun apur bat behar da; agian Einstein bera gai izango zen erantzuna emateko. Zertxobait berandu gabiltza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia