}

Azido folikoa aitagaientzat ere garrantsitua da

2001/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Ama izan nahi duten edota haurdun dauden emakumeentzat azido folikoak duen garrantzia aspalditik ezagutzen da. Gaur egun, egoera horretan dauden emakume guztiek jasotzen dute informazio hori eta gehienek egunero pilula bat hartzen dute, bitamina horretatik behar adina hartzen dutela ziurtatzeko. Izan ere, horrela umeak arantza bifidoa izeneko bizkarrezurreko malformazioa saihesten dela jakina da.

Kaliforniako Unibertsitateko zientzialarien azterketa berri baten arabera, aita izan nahi dutenentzat ere oso garrantzitsua da behar adina azido foliko hartzea. Fertility and Sterility aldizkarian argitaratu duten azterketan, azido folikoaren gabezia espermatozoide-kopuruaren eta espermaren dentsitatearen beherakadarekin erlazionatuta dagoela azaltzen dute.

Horretaz gain, azido folikoak espermatozoideen ADNaren sintesian eta konponketan ere parte hartzen duela susmatzen da. Beraz, azido foliko gutxi izanez gero, kromosomak kaltetuak izateko arriskua dago eta, ondorioz, seme-alabek osasun-arazoak izateko aukera gehiago dute.

1991n ikerlari-talde berak egindako azterketan, C bitamina gutxiegi hartzen zuten gizonezkoen espermatozoideek kalte genetiko gehiago zituztela azaldu zuten. Gainera, erretzaileak baziren, arriskua are handiagoa zen.

Jokaerak eta ohiturak (dieta, erretzeak, alkohola edateak) ugalketa-osasunean eragin handia dutela da azterketa horien ondorio nagusia. Horregatik, aita izan nahi duten gizonezkoek beren jokaeraren inguruko hausnarketa egin beharko lukete, orain arte arreta batik bat emakumeengan jarri den arren, beraiek ere maila berean hartzen baitute parte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia