Autogarbiketa?

1997/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arnasten ari garen aireak bere burua garbitzeko gaitasunik ba ote du? Ez da nolanahiko galdera, alajaina! Leedeko Unibertsitatean “gas-hedapenaren bidezko fluoreszentzia-entseiua” izeneko teknika (FAGE ingelesez) garatzen ari dira milioiko galdera honi erantzuna emateko.

Atmosferak duen oxidazio-gaitasuna neurtzeko, eguzki-argiak eta erradikalek sortzen duten eragina ere hartu behar da kontuan. Horretaz aspaldi jabetu ziren ikertzaileak, baina neurketa horiek zehatz-mehatz egingo lituzkeen tresna falta zitzaien; horixe da, hain zuzen ere, FAGE izenekoa.

Kontzentrazio txikian egoten dira erradikalak atmosferan eta, gainera, oso gutxi irauten dute detektatzeko moduan. FAGEk laborategi mugikor modura funtzionatzen du; airea popa-bidez iristen da zehaztasun handiko neurgailuetara eta bertan burutzen da azterketa. Aire horren lagina laser ultramorearen eraginpean jartzen da eta horrek erradikal askeak kitzikaturik, fluoreszentzia sortzen du. Isla horren azterketa, ondoren, ordenadore bidez egiten da eta aurretik zehaztutako ereduekin parekatu egiten da.

Erradikalen presentzia eta eragin-gaitasuna ezagututa, Leedeko ikertzaileek poluitzaileen aurrean nola jokatzen duten argitu ahal izango dutela uste dute. Hala egitekotan, apika, ditxosozko galderari erantzun ahal izango diote...