}

Asteroideak ala sumendiek, zerk desagerrarazi zituen dinosauroak?

2019/02/22 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

asteroidea-ala-sumendiak-zerk-desagerrarazi-zituen
Dekkango basalto-arrokazko koladak (India). Arg. Courtney Sprain

Doitasun handiko datazio-teknikak erabiliz, duela 66 milioi urteko suntsipen masiboa nola gertatu zen argitzeko saiakera berri bat egin dute bi ikerketa-taldek. Biek ondorioztatu dute, asteroideaz gain, bolkanismoak eragina izan zuela, baina oso modu desberdinean. Bi ikerketak Science aldizkarian argitaratu dituzte (1, 2).

Aspaldiko eztabaida da dinosauro gehienak desagerrarazi zituen suntsipen masiboan zenbateraino eragin zuten Yucatanen erori zen asteroide batek edo bolkanismoak. Hori hobeto ulertu nahian, Dekkan-en (India) garai hartan isuritako labatik sortutako arrokak datatu dituzte ikertzaileek.

Talde batek, uranio-berun bidezko datazioa erabiliz, ondorioztatu du bolumen handiko lau erupzio-gertaera izan zirela, bakoitzak 100.000 urte inguru iraun zuela, eta erupzioak asteroidea erori baino hamarka mila urte lehenago hasi zirela. Ikertzaileen ustez, erupzio haietan isuritako gas-kantitateak erabat aldatuko zukeen klima, eta horrek suntsipena abiatuko zukeen, asteroidea iritsi baino askoz lehenago.

Bigarren ikerketa-taldea, aitzitik, argon-argon (40Ar/39Ar) datazioa erabilita, oso bestelako ondoriora iritsi da: asteroidea iritsi eta 600.000 urte geroago isuri zela Dekkango labaren % 75. Hala, iradoki dute asteroideak abiatuko zukeela suntsipena, eta ondoren etorriko zen bolkanismoak errematatuko zukeela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia