Asteko argazkia: Bouba borobila da, eta kiki zorrotza

Txita bat proban zehar, bouba eta kiki irudiekin. ARG.: Beatrice Malaman /Paduako Unibertsitatea


Argazkian ikusten diren bi irudi laranja horietatik, zein da “bouba” eta zein da “kiki”?

Erantzuna izan bada ertz borobilak dituena “bouba” dela eta ertz zorrotzekoa, berriz, “kiki”, argazkiko txitak eman zuen erantzunarekin bat dator. Are gehiago, bat dator hainbat kultura, hizkuntza eta alfabetotan hezi diren pertsonek emango luketen erantzunarekin, eta baita txakurrek adieraziko luketenarekin ere.

Bouba Kiki efektua psikologiako esperimentu klasiko batean oinarritzen da. Banakoari bi irudi erakusten zaizkio, bata ertz borobilduna, eta bestea, berriz, erpinez betea. Ondoren, galdetzen zaio ea bietako zein den “bouba” eta zein den “kiki”.

Erantzun guztiek bat etortzeak erakusten du burmuinak bi zentzumenetatik datorkion informazioa erlazionatzen duela; kasu honetan, soinu leun bat forma borobil batekin lotzen duela, eta soinu zorrotzago bat irudi zorrotzago batekin.

Argazkian ikusten den txitari, eta beste hainbati, Bouba Kiki esperimentua egin zitzaien, baina ahoz erantzun beharrean, irudira gerturatzen ziren soinu bakoitza entzutean. Esperimentua arrakasta bat izan zen.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Biologia