}

Ardoa autoak elikatzeko

2007/07/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Europako Batasunak dirutza gastatzen du merkatuan saltzen ez den ardoari irtenbidea emateko. Zehazki, 1.300 milioi euro bideratzen ditu ardoaren industriara , eta hortik % 7 krisi-destilazioak egiteko erabiltzen da. Hau da, ardo-soberakinak distilatzeko diru-laguntzak ematen ditu Europako Batasunak. Distilatutako produktua ez da edangarria, eta, beraz, ez dio lehiarik egiten brandyari; aitzitik, industrian erabiltzen da erregai gisa. Autoek ere gero eta gehiago erabiltzen dute erregai hori, ohikoarekin nahasita: bioetanola da.
Merkatuan irteerarik ez duen ardo asko bioetanol bihurtzen dute.

Europako ardo-ekoizle handienak Espainia, Italia eta Frantzia dira, eta merkatuan irteerarik ez duen ardo asko bioetanol bihurtzen dute. Hala, Espainia da erregai-mota hori gehien ekoizten duena. Hain juxtu, urte-hasieran ireki zuten Gaztela-Mantxan bioetanola egiteko ardoa bakarrik erabiltzen duen lehen instalazioa . Acciona bioerregai-enpresa da jabea, eta urtean 33 milioi litro egiteko asmoa dute.

Bioetanola egiteko, azukre edo almidoi asko duten lehengaiak erabiltzen dira, adibidez, artoa, erremolatxa, azukre-kanabera eta zerealak. Gainera, bioetanolaren ekoizpenera bideratutako landaketak bultzatzen ditu Europako Batasunak, bioetanola erregai fosilen ordezko egokia baita. Hain zuzen, 2020. urterako garraio-alorrean erabiltzen den erregaiaren % 20 iturri berriztagarrien bidez lortutakoa izatea nahi du Europako Batasunak.

Bioetanola, erregai berriztagarria

Izan ere, garraio-arloak ia erabateko mendekotasuna du petrolioarekiko. Bioetanola, berriz, landare-jatorrikoa da, berriztagarria beraz, eta bi eratara erabiltzen da garraioan. Batetik, berunaren ordezko gisa, berunik gabeko gasolinetan. Motorrean erregaiak berez su hartzea galaraztea du helburu. Horretarako, baina, ez da bioetanol asko behar. Hortaz, ingurumenaren aldetik, interesgarriagoa da bigarren aplikazioa: gasolinaren edo gasolioaren ordezkoa.

Oraingoz, ezin da bioetanola bakarrik erabili petroliotik eratorritako erregaien ordez, baina bai haiekin nahasita. Dagoeneko, gasolindegi batzuetan badaude % 5 eta % 10 bioetanol duten erregaiak. E5 eta E10 izena dute, eta edozein autotan erabil daitezke, ez baitute eraginik motorrean. % 15 baino bioetanol gehiago nahasiz gero, aldiz, motor bereziak behar dira.

Saab etxearen auto honen motorrak gasolina nahiz bioetanola onartzen ditu.
(Argazkia: Saab)

Ford, Saab, Volvo eta beste auto-konpania batzuek badituzte bioetanola onartzen duten autoak. FFV deitzen zaie ( Fuel Flexible Vehicles edo Flex Fuel Vehicles ), eta petroliotik eratorritako erregaiak nahiz bioetanola % 85eko proportzioan nahasita dutenak erabil ditzakete. E 85 deitzen zaio erregai horri, eta autoetan erabiltzea erabat onuragarria da ingurumenerako: hein handi batean berriztagarria izateaz gain, hura erretzean gasolinarekin baino karbono dioxido gutxiago isurtzen da atmosferara (ia % 80 gutxiago).

Datu horiek ematen dituzte, behintzat, bioetanola bultzatzen duten enpresek eta erakundeek. Gainera, haien esanean, nekazaritza-arloari ere mesede egiten dio, bioetanola egiteko hainbat landare hazteko aukera baitute orain nekazariek. Hori gutxi ez eta, nekazaritzako hondakinak eta soberakinak ere balia daitezke bioetanola egiteko, baita saldu gabe gelditu den ardoa ere. Hain juxtu, 2005. urtean egin zen bioetanolaren laurden bat ardotik eratorri zen, aurreko urtean baino bi aldiz gehiago.

Edateko, ez erretzeko

Etorkizunean joera horri eutsiko zaio, ez baitago beste modurik Europako Batasunak erregaiei dagokienez jarri dituen helburuak betetzeko. Gainera, Europan bioerregaien eskaera eskaintza baino askoz handiagoa da. Munduan, AEBn eta Brasilen ekoizten da bioetanol gehien; 16,6 eta 15,5 mila milioi litro, hurrenez hurren. Europako ekoizpena, berriz, ez da mila milioi litrora iristen. Hortaz, Europako Batasunak bioetanola ekoizteko laguntzak ematen ditu.

Lehengaiak beste batzuk ere izan daitezke, baina ardoa ez dute baztertzen. Adibidez, Gaztela-Mantxan Accionak ireki berri duen instalazioan ardoa bakarrik erabiltzen dute bioetanola egiteko. Zehazki, lehengaia ardotik distilatutako alkohola da, 92 gradukoa, eta horrekin 99,9 graduko bioetanola lortzen dute. Horretarako, alkoholari sufrea, ura eta metanola kentzen dizkiote.

Europako Batasunak ardogintzari ematen dizkion diru-laguntzek eztabaida piztu dute.

Bioetanol hori egokia da ibilgailuen erregaiarekin nahasteko. Gainera, Accionaren esanean, bioetanola erretzeak ez du areagotzen berotze globala. Hain zuzen ere, parekoak dira konbustioan sortzen den karbono dioxido-kantitatea eta ardoaren jatorri diren mahatsondoek xurgatzen dutena.

Edonola ere, ardotik abiatuta bioetanola egiteko ematen diren diru-laguntzek eztabaida piztu dute. Askok kritikatzen dute a

rdo-soberakinak distilatzeko eman izan diren laguntzek ardo gehiegi egitea sustatu dutela. Haien ustez, horren ordez, hobe zen dirua beste helburu batzuetara bideratzea, adibidez, ardoaren kalitatea hobetzera edo merkatuan duen prezioa jaistera, salmentak areagotzeko.

Kritika horiekin bat eginez, Europako Batasunak ardoa distilatzeko eman dituen azken diru-laguntzak ez dira ardo-ekoizle guztientzat; orain, bioetanol-ekoizleek bakarrik jasoko dituzte laguntzak. Horrela, bioetanol-produkzioa bultzatuko dute, ardo gehiegi ekoizteko erraztasunak eman gabe. Horrez gain, mahastiak kentzeko diru-laguntzak ere emango ditu Europako Batasunak, bost urtean 200.000 hektarea kendu nahi baititu. Neurri horiek eztabaida sortu dute, eta ez dirudi kopa bat ardok baretuko duenik.

Gara-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia