}

Antibiotikoentzat aukera berria

2004/12/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hotzeriaren eta gripearen sasoian gaude bete-betean, mukizapien eta lepo-inguruko zapien garaian. Batek baino gehiagok sendagileari bisita egin beharko dio, ea marranta sendatzeko zerbait ematen dion, eta, askotan, aringarriak eta aholku onak besterik ez ditu jasoko. Antibiotikorik? Batzuetan bai, baina gehienetan ez, gaixotasunaren sortzailea ez delako bakterio bat, birusa baizik. Eta orduan alferrik dira antibiotikoak.
Hainbat antibiotikok eraginkortasuna galdu dute, bakterioak erresistente bihurtu baitira.

Antibiotikoak behar direnean bakarrik hartuta, bakterioak erresistente ez bihurtzea dute helburu sendagileek. Izan ere, bakterioek erresistentzia garatzen badute, akabo. Sendagaiak ez du ezertarako balio, eta beste formula baten bila hasi behar! Gaur egungo medikuntzan arazo larria da erresistentziena. Hala ere, badirudi konpontzeko bidean dela.

Hain zuzen ere, Illinoisko Unibertsitatean bakterioak erresistente egiten dituen DNA zatia kentzeko gai den molekula bat aurkitu dute. Beraz, molekula erabilita, bakterioak botikarekiko lortu zuen babesa galtzen du eta botikak eraginkortasuna berreskuratzen du.

Bakterioek mekanismo baten baino gehiagoren bidez lortzen dute erresistentzia. Batzuetan, botikaren jomuga den tokia mutatu egiten dute; hartara, botikak ez dauka non lotu edo itsatsi, eta eraginkortasuna galtzen du. Beste batzuetan, gene bat sortzen du bakterioak, botika neutralizatzen duen entzimaren genea, hain justu.

Erresistentzia ematen duten geneek bakterioaren genomatik aparte egiten dute lan. Gene-talde hori kiribil batean biltzen da, plasmido izenekoa, eta plasmidoa erraz, oso erraz, transmititzen da bakterio batetik bestera. Gainera, plasmidoak ematen duen erresistentzia ez da sendagai bakarrarekiko izaten, sendagai horren antzekoekiko ere erresistente bihurtzen dira plasmidoa duten bakterioak.

Erresistentzia ezabatzen duen molekula

Oso kontuan hartu behar dira sendagilearen aginduak botikak hartzeko garaian.

Beraz, plasmido hori kentzea lortuz gero, bakterioa atzera sentikorra da botikarekiko, eta botikak ez dauka bere lana egiteko eragozpenik, ezta gaixotasuna sendatzeko oztoporik ere. Horixe lortu nahian aritu dira ikertzaileak lanean, eta, azkenean, Illinoisko Unibertsitatean emaitza itxaropentsuak lortu dituzte.

Ikertzaileek molekula bat erabili dute bakterioari plasmidoa kentzeko. Molekulak apramizina izena du, eta plasmidoaren erreplikazioan eragiten du. Ondorioz, plasmidoa arrotza bihurtzen da bakterioarentzat, eta bakterioak ez du onartzen eta kanporatu egiten du. Orduan, bakterioa sendagaiaren aurkako babesik gabe gelditzen da, eta sendagaiak eraginkortasuna berreskuratzen du.

Sarritan gertatzen den bezala, ordea, hemen ere bada "baina" bat: apramizina molekula nahiko toxikoa da, eta ezin da erabili medikuntzan. Hala eta gutiz ere, ikerketa oso baliagarria da, plasmidoa ezabatzeko mekanismoa zein den jakin dutelako ikertzaileek, eta orain badakite nondik jarraitu.

Atzera begira

Beti bezala, gaitzari aurrea hartzea da onena.

Ikertzaileek molekula egokia aurkitzen duten bitartean, antibiotikoak arduraz hartzen jarraitu behar dute gaixoek, bestela erresistentzia gehiago sortuko dira. Neurri batean, antibiotikoak era desegokian erabiltzen direlako sortzen baita arazoa.

Antibiotiko ezagunena penizilina da. Penicilium notatum onddotik eratortzen da eta 1928an aurkitu zuen Flemming-ek, zoriz. Aurkikuntza hori ia-ia mito bihurtu da. Istorio asko kontatzen dira horren gainean, baina kontua da Fleming-ek aurkitu eta beste batzuk erabiltzen ikasi zuten antibiotiko horrek bizi asko salbatu zituela hamarkada batzuetan. Lehen sendaezinak eta hilgarriak ziren hainbat gaitz (gonokozia, meningitisa...) mendean hartu zituzten sendagileek penizilinari esker.

Zer egin erresistentzia ez sortzeko

Alabaina, denborarekin lehen penizilinak erabat suntsitzen zituen bakterioak erresistente bihurtu dira. Ondorioz, penizilina ez da hasieran bezain eraginkorra, ezta gutxiagorik ere. Gauza bera gertatu da beste antibiotiko askorekin. Zergatik?

Bakterioa babesik gabe uzten duen molekula aurkitu dute Illinoisko Unibertsitatean.

Batzuetan, antibiotikoak behar ez direnean hartzeagatik; adibidez, birusek eragindako gaixotasunak sendatzeko, automedikazioz... Beste batzuetan, sintomak desagertzen direnean, antibiotikoa hartzeari uzten zaio; artean, baina, badaude bakterioak, eta erresistente bihurtzeko aukera ematen zaie tratamendua bukatu baino lehen antibiotikoa hartzeari uzten bazaio. Ospitaleetan, berriz, erresistentzia sortzen da bakterioak etengabe kontaktuan daudelako sendagaiekin, eta, azkenean, erresistente bihurtzen dira

Horrelakoak saihesteko, sendagileek hainbat aholku ematen dituzte, besteak beste, antibiotikoak agindu bezala hartzea eta norberak ez hartzea botikak bere kabuz. Halaber, orain farmazian ezin da antibiotikoak erosi errezetarik gabe, eta ospitaleetan ere neurri bereziak hartzen dituzte bakterioen aurka. Bestalde, kontrol zorrotzak egiten dira abereetan erabiltzen diren antibiotikoen arrastoak janarien bidez gizakira iristea saihesteko. Ea neurri horiekin guztiekin eta aurkikuntza berriekin erresistentzien arazoa konpontzeko bidean jartzen den.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia