}

ADN eta Sputnik

2000/08/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bukatzen ari den mende honetako errepasoan, Einsteinen kasua alde batera, hamarkada markatu duten gertaerak nabarmentzea gutxitan izan da 1950eko hamarkadan bezain argia: ADNaren egituraren aurkitzea, batetik, eta Sputnik satelite artifiziala espazioratzea, bestetik. Lehenak bizitzaren misterioa hobeto ezagutzeko balio izan zuelako; besteak, berriz, ondorengo urteetan sekulako indarra hartu zuen arloa piztu zuelako. Beharbada txipa ere tartean sar zitekeen, baina oraingo honetan elektronikari kanpoan geratzea egokitu zaio.

James Watson zoologo estatubatuarrak eta Francis Crick fisikari britaniarrak zer ikusi gutxi zuten elkarrekin 1951. urtean Ingalaterrako Cambridge-ko Unibertsitateko laborategietan topo egin zutenean. Bizitzaren misterioa argitzeko grinak besterik ez zituen elkartzen. Biek uste zuten material genetikoa gordetzen duen ADNaren egitura aurkitzen zuten egunean, informazio genetikoa transmititzeko mekanismoa ere aurkituko zutela. Ziurtasun horrekin ekin zioten lanari. Maurice Wilkins-en esperimentuen eta Rosalind Franklin-en ADNaren erradiografien laguntzarekin, handik bi urtera ADNaren egituraren berri eman zuten. Orduan jakin zenez, ADNak -herentziaren molekulak- helize bikoitzeko egitura du eta edozein izaki bizidun sortzeko beharrezko aginduak eta planoak ditu.

Aurkikuntza zela eta, Watson-ek, Crick-ek eta Wilkins-ek bederatzi urte geroago, 1962an, Nobel Saria jaso zuten. Rosalind Franklin kimikariak ez zuen saririk jaso, ordurako hila baitzen eta Nobel Saria bizirik daudenei ematen zaie. Aurkikuntzaren bidez biologia molekularra sendotu egin zen eta zientzia biomedikoek aurrera egin zezaten garrantzitsu bihurtu zen. Ez hori bakarrik, eboluzioaren teoria berria ere horren ondorio da, geneak kromosomaren parte izatetik informazio biokimikoa duten substantziak izatera iritsi baitira. Klonazioa, giza genoma proiektua, gene-terapia eta abar biologia molekularra garatzearen ondorio dira. Beraz, ADNaren egitura aurkitu eta ezagutzea XX. mendeko zientziaren lorpen garrantzitsuetakotzat hartu beharko litzateke.

Molekulen barrualdearen txikitasuna ulertu ez ezik, orduko zientzialariek unibertsoaren handitasunera ere hurbildu nahi zuten. Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko lehia -gerra hotza- gori-gori zegoen arlo guztietan. Hori mesedegarria izan zen espazioa ikertu nahi zuten zientzialarientzat, espazioko lasterketa herrialde bien arteko ikur bilakatu baitzen. Aurrena izateari sekulako garrantzia ematen zitzaion. Horiek horrela, 1957ko urriaren hasieran Sobietar Batasunak Sputnik 1 satelitea, lehen satelite artifiziala alegia, Lurraren orbitan jarri zuen. 58 zentimetro diametroko eta 83,6 kiloko trasteak, barrualdean goi-atmosferaren dentsitatea eta tenperatura neurtzeko tresnak zituen. Lurrera igorri zituen espazioan jasotako datuak. Sputnik satelitea orbitan jartzeak oihartzun itzela izan zuen munduan, batez ere, Estatu Batuetan. Sputnik espazioratu eta gero, Estatu Batuetako politikariek, zientzialariek eta militarrek sobietarrek lortutakoa berdintzeko ahalegin guztiak egin zituzten eta, beharbada horregatik, handik urtebetera, 1958an, NASA sortu zen. Bitartean, Sobietar Batasunak Sputnik-a espazioratu eta hilabetera bigarren satelitea ere bidali zuen espaziora. Bigarren hura lehena baino handiagoa eta konplexuagoa zen eta, gainera, barruan izaki bat sartu zuten, Laika txakurra. Ondorengo hilabeteetan espazioko lasterketak abiada bizia hartu zuen. Azpimarratzeko beharbada, bi gertaera: Luna 3 sobietarren zundari esker, gizakiek Ilargiaren alde ezkutua ikusteko aukera izan zuten (1959). Luna 2 zunda Ilargira iritsi zen. Horrela, gizakiak bidalitako zerbait lehenengoz beste planeta batera iritsi zen (1959). Antza denez, espazioko lasterketaren lehen urratsetan buruan sobietarrak ibili ziren.

Aipatutako biak 1950eko hamarkadako gertakari garrantzitsuenak izan daitezke, baina izan, horiek baino gehiago izan ziren:

  • Lehen giltzurrun transplantea egin zen Chigacon, Richard H. Lawler zirujauaren eskutik (1950).
  • Tergala, arropagintzan berehala arrakasta izan zuen poliester-mota, atera zuten, (1950).
  • Lehen sexu-aldaketarako ebakuntza egin zuen Christian Hamburger doktore daniarrak. George Jargensen newyorktarra Christine Jargensen bihurtu zen (1950).
  • Datu informatikoak gordetzeko zinta magnetikoak erabiltzen hasi ziren. Univac 1 ordenagailuaren, helburu komertzialarekin egindako lehen ordenagailu digitala, egin zen proba (1951).
  • Suedian Ruben Rausing-ek eta Erik Wallenberg-ek Tetra Park enpresa ireki zuten, ontziratzeko sistema berriarekin. Tetraedro formako ontzia kaleratu zuten, litro erdi esne gordetzeko gai zena (1951).
  • Transistoreak egiteko lehengaia zen germanioa silizioaz ordezkatu zuten, horrela potentzia handiagoko tresnak egin zitezkeen (1951).
  • Nazioartean transmititutako lehen telebista-programa. Isabel II.a erreginaren koroazioa eman zuten (1953).
  • SEB sistemako lehen presio-eltzeak kaleratu zituzten. Algortan, SEB Magefesa izenaz egiten hasi ziren (1953).
  • Bich baroiak Bic boligrafoa atera zuen Frantzian (1953).
  • Sobietar Batasunean lehen zentral nukleoelektrikoa jarri zen abian, Obninsk hirian. Gaur egun munduan 435 erreaktore nuklear daude (1954).
  • IBMk lanparetan oinarritutako ordenagailuak egiteari utzi egingo ziola iragarri zuen eta bere produktu guztietan transistoreak erabiliko zirela (1954).
  • Severo Ochoa espainiarrak ARNa sintetizatzea lortu zuen, proteinetan ADNaren eraldaketa genetikoa posible egiten duen molekula. Lau urtera Nobel Saria jaso zuen (1955).
  • Lehen urpeko atomikoa, Nautilus-a, abian jarri zen (1955).
  • Ampex enpresak lehen bideo-grabagailua aurkeztu zuen. Dena den, hamar urte geroago arte ez zen komertzializatu (1956).
  • Boeing 707 hegazkina, hegaldi zibiletarako lehen erreakzio-hegazkina, aurkeztu zuten (1957).
  • Lehen taupada-markagailua gauzatu zen, Clarence Walton sendagile estatubatuarrak eginda. Handik urtebetera Suediako Ake Senning zirujauak gizon bati jarri zion (1957).
  • Laborategian lehen txipa probatu zen, arrakastaz probatu ere. Jack St. Clair Kilby estatubatuarrak egin zuen. Tamaina handikoa zen, baina gaitasun txikikoa. Zirkuitu integratuak elektronikaren iraultzaren urrats berria izan ziren (1958).
  • David Warren australiarrak hegazkinendako kutxa-beltza asmatu zuen (1958).
  • Xerox fotokopiagailua atera zuten merkatura (1959).

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia