Alkorta Zuzenbide Zibileko doktorea da. Bere jardunean, gizarte-konpromiso estua erakusten du; bereziki, giza ugalketarako teknikek eta teknologia berriek (plataforma digitalak, adimen artifizialeko sistemek) sortzen dituzten eztabaidetan. Haiei buruz aritu da batez ere, sakon eta zintzo.
Donostian jaio zen, 1967an. Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea izateaz gain, Iura Vasconiae Fundazioaren presidentea, eta Jakiundeko zein Elhuyarreko kidea, besteak beste. Hain zuzen, Elhuyarren egoitza nagusian izan da elkarrizketa, eta beste behin erakutsi du zein trebea den gai konplexuak alderdi desberdinetatik aztertzen eta argi azaltzen.
Letrak/zientziak banaketa dikotomiko horretan, Zuzenbidea ikasi zenuen, baina zientzia eta teknologian aplikatu duzu zure ezagutza.
—Bai, hori izan da, nire ustez, nire ibilbidearen ezaugarri nagusia: mugalari izatea. Nik Zuzenbidea ikasi nuen, baina ikusi nuen Zuzenbidearen desafio nagusia zela, hain zuzen ere, zientziaren eta teknologiaren garapenak ekartzen dituen erronkei erantzutea. Horrela, bioetikaren bidetik jo nuen, eta datu-babesaren auzian sartu nintzen, orain adimen artifizialaren gainean nabil lanean…
Iruditzen zait zientziak/letrak bereizketa hori gainditu behar dugula, eta integrazio bat behar dugula. Izan ere, gizartean teknologiarekiko eta zientziarekiko mendekotasun batzuk dauzkagu. Alde batetik, bizimodua hobetzen digute; horretan ez dago zalantzarik. Baina, bestetik, arriskuak ere ekartzen dizkigute. Esate baterako, natura hondatzen ari gara aldaketa klimatikoarekin; teknologiaren aplikazioaren ondorioz edo, giza erabakimenaren eta gure datuen gaineko kontrola galtzen ari gara… Teknologiak dauzkan arrisku horiei erantzuteko, biak behar ditugu.
«Iruditzen zait zientziak/letrak bereizketa hori gainditu behar dugula, eta integrazio bat behar dugula»
Esaldi batean laburtu beharko banu, esango nuke zientzialariek eta teknologoek ezin dutela balioen mundua albo batera utzi, edo ezin dutela jokatu balioak existituko ez balira bezala. Integratu egin behar dute balioen mundua beren jardunbidean, eta horretarako, ezinbestekoa da, hain zuzen ere, gizarte-zientziak indartzea. Eta nik uste dut kontrakoa egiten ari garela. Haien arteko arrakala handitzen ari gara, eta jo behar dugu benetan elkar-ulertze eta sintesi batera.
Dena dela, gerta liteke ikertzaileek ez edukitzea erabakimenik beren jarduna mugatzeko. Bonba nuklearra da adibide argiena.
—Hori da. Eta, gainera, jokoan dauden balioak ez dira ikertzaile bakoitzaren balio pertsonalak, baizik eta gizarte osoari dagozkionak. Horregatik, ezin dugu ardura guztia zientzialariaren edo teknologoaren gain utzi.
Horrekin lotuta, Joxe Azurmendiren Teknikaren meditazioa etortzen zait gogora. 1998an formulatu zuen gaur ere bete-betean dugun arazoa: gure ahalmen zientifiko eta teknikoa izugarri handitu da, baina ez neurri berean ahalmen hori orientatzeko kontzientzia publikoa eta erantzukizuna. Azurmendik «kontzientziaren atzerapena» deitzen dio desoreka horri. Gero eta gauza gehiago egin ditzakegu; baina hortik berehala sortzen da galdera: posible den guztia gizatiarra eta zilegia al da? Hor dago, nire ustez, gaur egungo teknologiaren gobernantzaren arazo nagusietako bat.
«Posible den guztia gizatiarra eta zilegia al da? Hor dago, nire ustez, gaur egungo teknologiaren gobernantzaren arazo nagusietako bat.»
Erabaki horiek ezin ditu zientzialari batek bakarrik hartu, baina merkatuaren esku ere ezin dira utzi. Gizarteak parte hartu behar du zientziari eta teknologiari norabidea ematen.
Zuk hasieratik ikusi zenuen behar hori, eta giza ugaltze-teknologietatik abiatu zinen. Zer dela eta?
—Doktore-tesia giza ugalketa artifizialari buruzko lehen legearen inguruan egin nuen, eta han konturatu nintzen zein zaila den teknologia gobernatzea. Teknologia batek zerbait egiteko aukera ematen digunean, joera handia dago aukera hori praktikara eramateko, aldez aurretik ondorio sozial eta juridikoak behar bezala neurtu gabe.
Ugalketa-teknologietan oso argi ikusi dut hori: aukera berriak ireki ahala, merkatu berriak ere sortu dira, eta ez dira beti behar bezala kontuan hartu emakumeen eskubideak eta teknika horien bidez jaiotako haurrenak. Hortik dator, neurri handi batean, teknologiaren gobernantzarekiko nire interesa.
Ugaltze-teknologiak orduan eztabaidagai ziren, eta orain are gehiago korapilatu da auzia.
—Bai. Nik tesia 1990eko hamarkadan egin nuen, eta orduko galderak nahiko mugatuak ziren: in vitro ernalkuntza, enbrioiak izoztea, gametoen dohaintza edo filiazioa. Gaur egun, berriz, beste maila bateko galderak ditugu: haurdunaldi subrogatua, obuluen izoztea, enbrioien hautaketa, geneen edizioa edo adimen artifiziala erabiltzea enbrioiak aukeratzeko.
Beraz, teknologia bera askoz sofistikatuagoa da, baina, batez ere, aldatu egin da planteatzen dizkigun galderen izaera. Jada ez gara soilik teknika jakin bat baimendu behar den ala ez galdetzen ari; jokoan ditugu, esaterako, ugalketa nola ulertzen dugun, zer-nolako seme-alabak nahi ditugun edo teknologiari noraino uzten diogun gure bizitzaren erabaki oso intimoetan sartzen.
Diozunez, galdera berri horiek ez dira sortu teknologia aurreratu delako bakarrik, baizik eta gizartea ere aldatu delako.
—Hori da. Eta niretzat aldaketarik garrantzitsuenetako bat da arazo kolektiboei gero eta gehiago erantzuten diegula irtenbide indibidualen bidez. Ugalkortasunarekin oso argi ikusten da.
«Arazo sozialak gero eta gehiago bihurtzen ditugu norbanakoak bere kabuz konpondu beharreko arazo»
Gure bizimoduak, lanaren antolaketak, etxebizitzaren prezioak edo familia osatzeko adinak aldatu egin dira, eta horrek ugalkortasunean ondorioak ditu. Baina arazo horiei gizarte-politiken bidez erantzun beharrean, askotan norbanakoari eskaintzen zaio irtenbidea: teknologia erabil dezala, hemen ezin badu atzerrira joan dadila, edo merkatuan bila dezala bere beharretara egokitzen den aukera. Haurdunaldi subrogatua da horren adibide argienetako bat. Arazo sozialak gero eta gehiago bihurtzen ditugu norbanakoak bere kabuz konpondu beharreko arazo.
Edo lehenesten delako produkzioa, futbolarien kasuan bezala.
—Bai, eta hor beste desoreka bat dago. Emakumearen ugalkortasun biologikoaren garairik onena eta gure gizarteak bizitza profesionala eraikitzeko ezartzen duen garaia ia aldi berean gertatzen dira. Hain zuzen ere, umeak izateko biologikoki adin egokienean ari gara ikasketak amaitzen, lana egonkortzen, etxebizitza lortzen edo karrera profesionala sendotzen. Eta politika publikoek ez dute pizgarri nahikorik ematen bi gauzak bateragarri egiteko.
Hutsune horretan sartzen dira teknologia eta merkatua, promesa batekin: orain ezin baduzu edo ez baduzu ama izan nahi, gorde zure obuluak eta gero izango duzu aukera. Teknologiak denbora biologikoa atzeratzeko aukera eskaintzen digu, baina aukera hori merkatu-produktu bihurtzen da. Eta hor dago niretzat galdera interesgarria: zergatik egokitu behar du emakumearen gorputzak produkzio-sistemaren denboretara, eta ez alderantziz?
Orain, Ellen Hesterrek azaldu duenez, beste buelta bat dator, bronatalistek haurrak sortzeko prozesu osoa artifizialtzeko helburua baitute, hasi gametoen diseinutik eta umetoki artifizialetara.
—Bai. Ellen Hesterrek kritikoki aztertu du auzi hori, eta haren aurretik Carmel Shalevek eta beste batzuek ere bai. Haiek planteatzen zuten, ikuspegi feminista batetik, teknologiak emakumea askatuko zuela umeak izateko lotura fisiologikotik, eta aukera emango ziola bere ugalkortasuna atzeratzeko eta kontrolatzeko, bizimodu autonomoago bat izate aldera. Baina urteen poderioz konturatu dira teknologia hauen bilakaera justu kontrakoa izan dela.
Izan ere, lortu dena da ugalkortasuna pribatizatzea, eta horrek hainbat arazo sortzen ditu. Besteak beste, diskriminazio ekonomikoa dago, ordaindu dezakeen emakumeak eskuratu baitezake hainbat zerbitzu, eta besteek ez.
Egile feministak aipatu dituzu, eta zure lanetan ere oso nabaria da ikuspegi feminista. Zer eman dizu pentsamendu feministak?
—Feminismoa askotan aktibismoarekin lotzen da, baina niri, horrez gain, marko teoriko bat eman dit: galderak egiteko modu bat. Teknologia edo aukera berri bat aurkezten denean, galdetzen dut: Nork baliatu dezake? Nor geratzen da kanpoan? Noren mesedetan da, eta noren kontura? Nork hartzen ditu arriskuak eta nork ordaintzen ditu kostuak?
Pentsamendu liberalak gizabanakoa autonomo eta independente gisa irudikatzeko joera izan du. Feminismoak, berriz, erakutsi digu pertsonak interdependenteak garela: zaurgarriak gara, besteak behar ditugu eta gure erabakiak beti hartzen ditugu baldintza sozial jakin batzuen barruan. Horrek autonomia beste modu batean ulertzera behartzen gaitu.
«Pentsamendu liberalak gizabanakoa autonomo eta independente gisa irudikatzeko joera izan du. Feminismoak, berriz, erakutsi digu pertsonak interdependenteak garela»
Ugalketan oso argi ikusten da. Gaur egun, gero eta gehiago esaten zaigu bakoitzak bere «ugalketa-proiektua» planifikatu behar duela: noiz izango dituen umeak, obuluak izoztuko dituen, zenbat inbertituko duen... Baina horrela, gizarte-arazo baten erantzukizuna emakumearen gain jartzen dugu. Autonomiaren izenean, beste zama bat gehitzen diogu: bere ugalkortasuna ere berak kudeatu eta finantzatu behar duela. Eta horrek desberdintasun ekonomikoak eta diskriminazio berriak sor ditzake.
Alegia, ez garela konturatzen zer prezio duen merkatuak egiten digun promesak.
—Merkatuak ez dizu aukera bat bakarrik eskaintzen; aukera hori desiragarri bihurtzen du, eta batzuetan ia betebehar. Esaten dizu: zure ugalkortasuna kontrolatu dezakezu, amatasuna nahi duzun arte atzeratu, zure bizitza planifikatu. Baina aukera gehiago edukitzea ez da beti autonomia handiagoa edukitzea.
Horregatik galdetu behar dugu nork definitzen duen zer den desiragarria. Benetan emakumeok eskatzen al dugu gure ugalkortasuna gero eta gehiago luzatzea eta teknologizatzea? Edo merkatuak sortzen ditu lehen ez genituen behar batzuk, gero haien irtenbidea saltzeko?
«Askatasuna ez da aukerak metatzea bakarrik; aukera horiek zergatik nahi ditugun eta nork orientatzen dituen ulertzea ere bada»
Niretzat hori da funtsezko galdera: teknologia batek zerbait egiteko aukera emateak ez du esan nahi egin behar dugunik, ezta aukera hori edukitzeak askeago egiten gaituenik ere. Askatasuna ez da aukerak metatzea bakarrik; aukera horiek zergatik nahi ditugun eta nork orientatzen dituen ulertzea ere bada.
Ugaltze-tekniketatik abiatuta, datuen kontrolari eta adimen artifizialari buruz hitz egin dezakegu.
—Bai. Azken urteotan gure gorputza gero eta gehiago kuantifikatzen hasi gara: hilerokoa, ugalkortasuna, loa, jarduera fisikoa… Datu horiek bildu, gurutzatu eta gure jokabideari buruzko ondorioak ateratzen dira. Baina orain beste urrats bat egiten ari gara: datu neurologikoak ere eskuratu eta interpretatzeko gai diren teknologiak garatzen ari dira.
Horrek beste dimentsio bat ematen dio auziari. Orain arte datuen babesa, batez ere, intimitatea eta informazio pertsonalaren kontrola bermatzera bideratu dugu. Baina teknologia gai bada gure arreta, asmoak, emozio-egoerak edo bestelako egoera mental batzuk inferitzeko, jokoan dagoena ez da pribatutasuna bakarrik.
Europak datuen babeserako arau sendoak garatu ditu, baina teknologia horiek beste galdera batzuk planteatzen dituzte. Zer inferitu ahal izango da gure datu neurologikoetatik? Nork erabili ahal izango ditu? Zertarako? Eta, batez ere, noraino utzi nahi dugu teknologia gure erabakietan eta gure barne-esparruan sartzen?
Hor berriro agertzen da teknologiaren anbibalentzia. Garuneko seinaleak interpretatzen dituen gailu batek, adibidez, mugikortasuna edo komunikatzeko gaitasuna berreskuratzen lagundu diezaioke pertsona bati. Baina teknologia berak pertsona horri buruzko informazio oso intimoa ere sor dezake.
Gogora ekarri dit erabateko paralisia dutenentzat garatu zuten gailu batean, pazientearekin adostutako pentsamendu bat zela pasahitza.
—Bai, eta horrek erakusten du noraino irits daitekeen babestu beharreko esparrua. Baina bada beste arazo bat ere: baimena nola ematen dugun. Egunero onartzen ditugu baldintzak, cookieak edo datuen erabilerak, baina zenbateraino da benetan askea baimen hori, diseinua bera «bai» esatera bideratuta badago?
«Tabakoarekin antzeko zerbait ikasi genuen: enpresa batek badaki bere produktuak kaltea sor dezakeela, ezin du erantzukizun guztia kontsumitzailearen esku utzi.»
Plataformek oso ondo dakite gure arreta nola atxiki eta gure portaera nola orientatu. Estatu Batuetan, adibidez, auzi handiak izan dira Meta-ren aurka, bereziki nerabeengan erabilera konpultsiboa sustatzen duten diseinu-ezaugarriengatik. Europan ere diseinu adiktiboari isunak jartzen hasi gara.
Horrek aldaketa garrantzitsu bat dakar: ezin dugu erantzukizun guztia erabiltzailearen gain utzi, «zuk baimena eman zenuen» esanez. Diseinatu duen enpresak ere erantzukizuna du, batez ere badakienean bere produktuak mendekotasuna edo kaltea sor dezakeela. Tabakoarekin antzeko zerbait ikasi genuen: enpresa batek badaki bere produktuak kaltea sor dezakeela, ezin du erantzukizun guztia kontsumitzailearen esku utzi.
Zure ustez, zer da eraginkorragoa: plataformen diseinua legez mugatzea, edo haien erabilera debekatzea adin batetik beherakoei? Edo biak bateragarriak dira?
—Nire iritziz, biak egin behar dira, eta Europak ere hortik jo du.
Enpresa hauek osasun mentala arriskuan jartzen badute, erantzukizuna dute. Horregatik Estatu Batuetan ireki zen Metaren kontrako makro-auzian, enpresak nahiago izan zuen epaileekin zigorra adostu, epaia ekidinez, eta aurretik ordaindu. Bestela, ikaragarrizko soka luzea etor zitekeen atzetik, kaltetuek automatikoki eskatuko luketelako kalte-ordaina.
Egia da, tabakoarekin alderatuta, kausa-eragina ez dela hain erraz frogatzen. Enpresa digitalak saiatzen dira erlazio hori ukatzen, eta korrelazio hutsa dela defendatzen dute. Baina zigorra epaileekin adostu izanak iradokitzen du badakitela kausalitatea frogatzeko arriskua dagoela.
Adierazgarria da, bai. Eta oso esanguratsua izan da, baita ere, adimen artifizialaren arloan dabiltzan enpresa estatubatuar handienek eskatzea araudiak zorroztea, beraiek garatutako sistemak arriskutsuegiak bihurtu direlakoan.
—Bai, baina uste dut hori ere testuinguru ekonomiko eta geopolitiko jakin batean ulertu behar dela. Adimen artifizialeko eredu aurreratuenek inbertsio izugarriak eskatzen dituzte, eta oraindik ez dago guztiz argi negozio-eredu horiek epe luzera nola izango diren errentagarri. Aldi berean, lehia teknologikoa gero eta handiagoa da, bereziki Estatu Batuen eta Txinaren artean.
Horregatik, enpresa handiek arautzea eskatzen dutenean, segurtasunarekiko kezka egiazkoa egon daiteke, baina beste interes batzuk ere egon daitezke jokoan. Araudiak, adibidez, merkatuan sartzeko kostuak handitu ditzake eta jada posizio sendoa duten enpresei mesede egin. Eta enpresek, jakina, gobernantza-eredu horretan ahotsa izan nahi dute. Horregatik, kontuz ibili behar dugu autorregulazioa nahikoa dela pentsatzearekin.
Azken batean, hasierako galderara itzultzen gara. Teknologiaren norabidea ezin dute merkatuak eta enpresek bakarrik erabaki. Interes ekonomikoak, eskubideak, segurtasuna eta gizartearen lehentasunak orekatu behar dira.
Ildo horretatik, lan handia egiten duzu gizarteari begira, EHUn ez ezik, baita beste erakunde (Jakiunde, Elhuyar) eta hedabide orokorren bidez ere.
—Bai, uste dut ikertzaileok badugula gizartearekiko ardura bat. Ezagutza sortzea ez da nahikoa; ezagutza hori partekatu egin behar da, gizarteak bere erabakiak hartu ahal izateko. Ez modu paternalistan, baizik eta gardentasunez: zer dakigun, zer ez dakigun, zer aukera irekitzen diren eta zer arrisku egon daitezkeen azalduz.
Teknologiekin arazo bat dugu: oso azkar naturalizatzen ditugu gailu berriak. Gure egunerokoan txertatzen dira, eta, konturatu orduko, ez dute bakarrik gure egiteko modua aldatzen, baita geure burua eta mundua ulertzeko modua ere. Une horretan, askotan, geratzen zaigun aukera bakarra egokitzea da.
Horregatik iruditzen zait garrantzitsua eztabaida lehenago egitea. Gizarteak informazio zorrotza eta ulergarria behar du, teknologiaren norabideari buruzko erabakietan parte hartu ahal izateko. Ikertzaileen eta gizartearen arteko zubi-lan hori ezinbestekoa da erabakimena berreskuratzeko.
Eta hori ez da zientziaren edo teknologiaren aurka joatea. Alderantziz: konfiantza sortzen du eta garapenari sendotasuna ematen dio. Joxe Azurmendik aipatzen zuen jakinduria hori behar dugu: ezagutza edukitzeaz gain, jakitea zertarako erabili nahi dugun eta non jarri nahi ditugun mugak. Azkenean, falta zaiguna ez da teknologia gehiago, baizik eta iparrorratz bat.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia