2024ko zientzia-albiste esanguratsuenen zerrenda osatu du Elhuyarrek
2024/12/19 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
2024a urte oparoa izan da zientziaren arloan. Albiste harrigarriak eta kezkagarriak ere tartekatu ditu: muturreko tenperaturak eta fenomo meteorologikoak, Ilargiaren ezagutza, garuna... Asko izan dira protagonistak, baina, guztien artean, urteko 10 zientzia-albiste nabarmenen zerrenda osatu du Elhuyarrek:
1. Tenperatura-igoeraren muga, gaindituta. Zientzialariek aurreikusi zuten, 1,5 ºC-ko tenperatura gaindituz gero, ondorio itzulezinak jasan zitzakeela planetak. Aurten gertatu da. Paraleloki, muturreko fenomeno meteorologikoak izan dira protagonista.
Elhuyar aldizkaria: "Parisko Hitzarmenean adostutako tenperatura-igoeraren muga gainditu da"
Ekosfera: "Valentzia: hondamendi baten gaineko gogoeta"
Teknopolis: "Muturreko gertaera meteorologikoak"
2. Hegazti-gripea, aurrera abiada bizian. Aurtengo agerraldi etengabeak eta gero, hegazti-gripea basabizitza bera arriskuan jartzen ari dela jakin da.
Elhuyar aldizkaria: "Hegazti-gripea basabizitza arriskuan jartzen ari dela ohartarazi dute"
Teknopolis: "Hurrengo pandemia"
3. Ilargiaren alde ezkutua agerian. Txinaren misioak ilargia sekretu gabe uzten ari dira. Alde ezkutuko laginak ekarri ditu eta satelitearen atlas geologiko xeheena osatu du.
Elhuyar aldizkaria:
"Ilargiaren alde ezkutuko laginek jarduera bolkanikoa egon zela baieztatu dute"
"Ilargiaren atlas geologiko xeheena osatu du Txinako Zientzien Akademiak"
4. Mikroplastikoek 20 urte. Planetako txoko guztietan daude jada: janarietan, edarietan, garunean… Aurten, giza karenean eta barrabiletan topatu dituzte. “Oso larria”, iritzi diote adituek.
Elhuyar aldizkaria: "Giza karenean ere aurkitu dituzte mikroplastikoak"
Teknopolis: "Plastikozko itsasoak"
5. Lur arraroen krisia. Ezinbestekoak ditugu trantsizio energetikoa egiteko, baina meatzaritza oso kutsagarria da, eta geopolitikoki oso gatazkatsua. Lur arraroak birziklatzea gakoa bihurtu da.
Norteko Ferrokarrila: "Lur arraroen menpe"
6. Adimen artifizialaren berrikuntzak eta kutsadura. AA sortzaileko sistemek berrikuntza etengabeak ekarri dituzte euskararentzat.
Norteko Ferrokarrila: "LATXA hizkuntza-eredua"
Elhuyar aldizkaria: "Euskarazko adimen artifizialerako eredu neuronal berria aurkeztu du Oraik"
Mundu-mailan, berriz, AAk duen ingurumen-inpaktuak hotzikara ematen du: adimen artifizial sortzaileko sistemek 5 milioi tona zabor elektroniko sortuko dituzte 2030erako.
Teknopolis: "Adimen artifizialaren arriskuak eta aukerak"
Elhuyar aldizkaria: "Adimen artifizial generatiboko sistemek 5 milioi tona zabor elektroniko sor ditzakete 2030erako"
7. Garuna bereizmen nanometrikoan. Aurtengo irudirik ederrenak eulien garunaren mapak eman ditu. Giza garunaren ikerketa ere emankorra izan da: milimetro kubiko baten 3D eredua sortu da, bereizmen nanometrikoan. Giza garunean inoiz ikusi gabeko egiturak erakutsi ditu.
Elhuyar aldizkaria:
"Ozpin-euli heldu baten garun osoaren mapa egin dute"
"Giza garunaren milimetro kubiko baten 3D eredua, bereizmen nanometrikoan"
8. Andere, Euskal Herriko neandertal zaharrena? Bizkaiko El Polvorín leizean aurkikuntza txundigarria izan da. Jose Miguel Barandiaranen taldeak 1983an jasotako hezurrek arreta deituta, berriz ere kobazuloan sartu, eta duela 150.000 urte baino lehenagoko neandertal batenak direla jakin dute arkeologoek.
Elhuyar aldizkaria: "Neandertal arkaiko baten fosilak aurkitu dituzte Karrantzako El Polvorínen"
Teknopolis: "Neandertalen aurpegi berria"
9. Obesitatea eta osasuna birdefinitzen. Iaz, urteko aurrerapen zientifiko nagusitzat jo zituen Science-k obesitatearen aurkako botika berriak, eta izugarrizko arrakasta izan dute 2024an. Industria farmazeutikoaren pagotxa, baina argi-itzal asko dituztenak. Obesitatea eta osasuna birdefinitzeko beharra agerian jarri dute.
Teknopolis: "Obesitatea, gizarteak baldintzatutako gaitza"
10. Grafenoz egindako lehen erdieroale funtzionala. Urte asko zain zeramaten ikerlariek, baina, azkenik, lortu da elektronika egiteko modu berri bati atera irekitzen dion aurrerapena. Konputazio kuantikoaren oinarria izango dela diote.
Elhuyar aldizkaria: "Grafenoz egindako lehen erdieroale funtzionala lortu dute"
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia