Gau txiki bat egunaren erdian. Normalean ikusten dena ezkutatzean, normalean ikusezina dena agertzea. Lerrokatze zehatzen magia. Plasma magnetikoaren dantza. Ikusleen zirrara. Lilura. Hunkidura. Minutu bat edo bi, hiru agian. Gero, argia berriro.
Eguzki-eklipse osoa da fenomeno astronomikorik ikusgarrienetako bat; begiak babesteko iragazki soil batzuekin, edo itzalei erreparatuta, edo argia soinu bihurtuta, leku egokian dagoen edonork goza dezakeena.
Lehenengo argazkiak XIX. mendearen hasieran atera zituzten. Haietako batzuk dira Warren de la Rue 1860an, Arabako larrain batetik atera zituenak. Azkena, berriz, mende eta erdi geroago, Artemis II misioan atera zuten, beste inork inoiz izan ez duen ikuspuntutik.
Gure zeruaz harago ere gertatzen dira. Eta badira eklipse hirukoitzak eta laukoitzak ere; Jupiterren eta Saturnon, esaterako.
Izarren, planeten eta ilargien artean argi eta itzalen jolasa etengabea da.