Ozonoterapia

Aste honetan Bergarako Aitorrek herritar askok jasaten duten osasun-arazo bati buruzko galdera luzatu digu, bizkarreko minari buruzkoa. Aitorrek azaldu digunez, urteak daramatza bizkarreko mina jasaten. Duela gutxi erresonantzia magnetikoa egin diote, eta horri esker jakin du bizkarrezurraren azpialdeko bi orno kaltetuak dituela. Ozonoterapia gomendatu diote, baina tratamenduari buruzko zalantzak ditu. Ez daki jasaten duen patologia tratatzeko ona ala kaltegarria izan daitekeen.

Medikuen estimazioen arabera, herritarren % 80k, gutxi gorabehera, izango du inoiz bizkarreko mina. Kirolarien artean ere ohikoa da. Aimar Olaizola pilotaria ere minez ikusi genuen duela gutxi eskuz binakako txapelketako partida batean. Ohitura txarrek, kolpeek, mugimendu bortitzek, lan neketsuek... bizkarreko mina sor dezakete. Gehienetan, ez du tratamendurik behar izaten. Batzuetan, ordea, kirurgia ere behar izaten du. 90eko hamarkadaren bukaeratik aurrera, zenbait herrialdetan ebakuntza-gelaren ordezko moduan, ozonoterapia erabili izan da. Kirurgiarekin lortutako emaitzekin parekatu izan dira ozonoterapiaren emaitzak. Ozono eta oxigenoaren nahastura kaltetutako lekuan infiltrazio bidez sartzen da. Horri esker, besteak beste, ehunaren oxigenazioa hobetu eta hantura, baldin badago, txikitzea lortzen da. Dena den, aditu guztiak ez datoz bat ozonoterapiaren benetako eraginkortasunari buruz eta saiakuntza klinikoak ere gutxi dira.

Aitorrek terapiaren bat aholkatzeko eskatu digu. Guk horrelakorik ezin dugu egin, horretarako baitaude espezialistak. Ozonoterapiari buruz jakin duguna azaldu diogu. Erabili beharreko terapia espezialistarekin adostu beharko du. Hori da hemendik gure ikusleari konta diezaiokeguna. Beti bezala, gogoratzen dizuegu teknopolis@elhuyar.com helbidea eskura duzuela osasun-gaiei buruzko galderak bidaltzeko.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali