Min kronikoa
Elektroestimulagailua elektrodo bat da, nerbio-sistemari elektrizitatea bidaltzen diona mina gutxitzeko.
Disko-hernia baten ondorioz, Anbrosio aulki gurpildun bati lotua geratu zen duela ia 15 urte, eta baita sekulan joaten ez zaion minari ere. Mina bera gaitza bilakatu da, eta horri aurre egitea da eguneroko borroka.
ANBROSIO EGAÑA: Egon nintzen lau urte, bost ia, hil beharrean minarekin, ezin aguantatu. Eramaten ninduten Panplonara, baina... Panplonan ere ateratzen zidan... minarekin egon ezin. Ematen zidaten droga bezala, arratsaldean jartzen nintzen... beno... gaizki.
Min kronikoak Europako biztanleen % 20 ukitzen du; halere, gaixoen % 2k baino ez du tratamendua jasotzen.
Min kronikoak ospitale gutxi batzuetan baino ez du jaso beharreko arreta. Ospitale horietan min-unitateak sortu dira. Mina arintzeko unitateak dira; haietan, gaixoaren bizi-kalitatea hobetzen saiatzen dira.
Min kronikoaren arazoak gaitz asko ukitzen ditu, eta tratamenduak askotarikoak dira. Halere, ez dago langile espezializaturik, eta anestesiologoak eta neurokirurgialariak arduratzen dira normalean kasu horietaz min-unitateetan.
Min-unitateak duela hiru hamarkada sortu ziren munduan, eta gaur egun garatze-prozesuan daude oraindik.
Donostia ospitalean, min-unitate horietako bat dute.
MIGUEL MARIN; Donostia Ospitalea: Unitate hauek mina aztertu eta tratatzeko dira. Pertsona batek mina badu, lehenik familia-medikuarenera joan behar du, eta hasieran diagnostikoa egin behar diote, ikusi zer duen eta maila horretan konpontzen saiatu. Unitate hauetara ezin da inor etorri bere kabuz, diagnostikoa eta estudioa behar ditugu. Eta beste bideak agortuta daudenean, orduan ikusiko dugu ba ote dugun teknikarik haren mina arintzeko.
Sei hilabetetik behin, Anbrosio Donostiako Ospitaleko Min Unitatera joaten da azterketa egitera. Han etxean bezala sentitzen da.
MIGUEL MARIN; Donostia Ospitalea: Plakaz eta informez gainezka etortzen zaizkigu pazienteak, beste hamaika tokitan egon eta gero. Eta ez dute erreferentzia-punturik. Denek batetik bestera pasatzen dituzte, arazoak ez duelako konponbiderik, eta hala da, ez du konponbiderik.
Lehenik, gaiari heldu behar zaio:" honek ez du soluziorik, baina saiatuko gara hobeto egon zaitezen", eta hori esaten diegu pazienteei.
Analgesikoak dira tratamendua abiatzeko lehen urratsa, baina askotan ez da nahikoa.
MIGUEL MARIN; Donostia Ospitalea: Egoera batzuetan, teknikaren batekin, mina arintzeko gauza gara denboraldi baterako, eta pazienteak botikak hartzeari uzten dio. Baina, gehienetan, mina hor egongo da, eta beste edozein gaitz kroniko bezala tratatu beharko dugu.
Nerbioak blokeatzeko teknikak erabiltzen ditugu, bizkarrezur-muinaren abordatze-teknikak..., elektrodoak jartzen ditugu, morfina dosifikatzeko sistemak...
Anbrosiok bizkarrean duen elektroestimulagailuari esker botika-kantitatea gutxitu egin diote.
ANBROSIO EGAÑA: Lehen hartzen nituen 32-33 eguneko, eta orain 15 eta erdi edo16 hartzen ditut.
Anbrosiok bezala, Josek elektrodo bat dauka, baina garunaren azalean. Elektrodoak pultsuak bidaltzen ditu minaren bideen eroapena aldatzeko, eta Josek ez du gehiago min bortitza sentitzen.
Noizean behin, pila aldatzera eta gailua birprogramatzera joan behar du. Ondoren, berak kontrolatzen ditu elektroestimulagailuaren pultsuak mina arintzeko.
MIGUEL MARIN; Donostia Ospitalea: Gorputz-adarretako minarentzat, edo bularraldeko angina erresistentearentzat jartzen diren elektrodoetan pazienteak parestesia-atalasea sentitzen du. Kilima atseginek minaren lekua hartzen dutela antzematen du. Eta berak graduatzen du, bai orduak, bai intentsitatea...
JOSE: Medikazioa erdira jaitsi didate, eta bizi-kalitatea oso altua dut, % 75-80koa.
Minaren adituek erabiltzen duten beste teknika da irrati-maiztasunarena da. Mina eragiten duten sentimen-nerbioen muturrak erre egiten dituzte.
MIGUEL MARIN; Donostia Ospitalea: Haginkariak hagin bat desbitalizatzen dizunean bezala da; nerbio txiki hori hil egiten dugu, komatxoen artean, denborarekin berriro bideratu egiten baita; beraz, teknika horiek denboraldi baterako dira. Berriro egitea posible da. Min-sentsazioa modulatzen dugu pazienteak senti ez dezan.
Beste batzuetan, agente neurolitikoak erabiltzen ditugu nerbioa suntsitzeko. Normalean, minbizia duten pazienteekin erabiltzen dugu; min erresistentea dutenekin, morfina, eta, beste egoera espezifikoetan, banan-banan aztertu behar dira kasuak.
Min fisikoaz gainera, ondorio psikologikoak pairatu behar dituzte gaixoek.
Mª JESUS ETXANIZ: Mina ezin da neurtu, ez dago makinarik mina neurtzeko. Orduan, askok esaten dute, baita sendagileek ere, depresio bat izango da, asmatzen ari da, eta horrek sekulako inpotentzia ematen dizu. Zuk badakizu sufritzen dagoela eta ezin diozu esplikatu: mina daukat edo hori daukat. Hori oso gogorra da, bai gaixoarentzat, baina alboan dagoenarentzat ia gogorrago.
Anbrosiok eta Josek hemen aurkitu dute berriro bizitzeko gogoa. Mina joan ez zaien arren, orain eramangarria da, eta bizi-kalitatea berreskuratzea lortu dute.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian







