Antoniok idatzi digu Tafallatik. Barizeak nola sendatu? galdetu digu. Erantzun zuzenik ez dizugu emango, Antonio, kasu bakoitza mundu bat delako.

Izan ere, barizeez hitz egiten denean, jende gehienak uste du gaixotasun estetikoa direla, baina kontuan hartu behar da barizeen atzean beti dagoela odolaren zirkulazio-arazo bat, eta, kasuren batean, bihotzaren arazo larriren bat ere egon daitekeela.

Bihotzetik irteteko, arteriak erabiltzen ditu odolak. Gorputzak behar dituen elikagaiak eta oxigenoa banatzen ditu horrela. Itzultzeko, berriz, odolak zainak erabiltzen ditu. Gorputzaren goialdetik erraza da itzulerako bidaia, odola grabitatearen ondorioz jaisten baita, baina hanketatik itzultzea ez zaio hain erraza gertatzen: bidea luzea da, eta grabitatearen kontra. Horregatik, hanketako zainetan balbula batzuk daude, gora doan odola pisu hutsagatik ez dadin behera joan. Hanketako muskuluak mugitzean punpatzen da odola; horregatik, oinez ibiltzea ona da zirkulazioa bizkortzeko.

Batzuetan, odolari behar baino gehiago kostatzen zaio bueltako bidea egitea, eta pilatu egiten da gune jakin batzuetan. Horrelakoetan, zaina dilatatu egiten da, eta odola pasa daiteke. Baina pilaketak denbora gehiegi irauten badu, zainak amore ematen du, eta ez da ohiko formara itzultzeko gai. Barizeak dilatatuko zainak dira.

Gaur egun tratamendu ugari dago barizeei aurre egiteko, baina esandakoa, Antonio, kasu bakoitza mundu bat da, eta arazoren bat baduzu, zure medikuak emango dizu aholku zuzenena.

barizeak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali