Adikzioan berriro erortzea; Erloju atomikoa baino zehatzagoa; Ile bati esker; Kontuz eguzki-oheekin

ADIKZIOAN BERRIRO ERORTZEA
Ikerketa berri baten arabera, hipokretina izeneko molekulek zeregin garrantzitsua dute tabakoaren mende berriro erortzeko arriskuan. Hipokretinak garunaren hipotalamoko neuronetan dauden neuromodulatzaile batzuk dira, eta, berriki jakin denez, lotura dutesaritze-mekanismoekin eta adikzioarekin. Frogatu da hipokretinen gehiegizko jarduera batek antsietate-egoera piztu eta adikzioa sortzen duten substantzien kontsumoan berriz erortzea eragin dezakeela. Ikerketa Pompeu Fabra Unibertsitatean egin dute, eta Journal of Neuroscience aldizkarian argitaratu da.

ERLOJU ATOMIKOA BAINO ZEHATZAGOA
Quantum Logic izeneko erlojua denbora neurtzeko erreferentzia bihur liteke, eta ohiko erloju atomikoei tokia kendu. Ohiko erloju atomikoek segundo bateko desfasea izaten dute 30.000 urtetik behin. Quantum Logic erlojuak, berriz, desfase hori 3.700 milioi urtetik behin izango luke. Ohiko erloju atomikoek zesio atomo baten bibrazioaren arabera definitzen dute segundoa, eta Quantum Logic-ek aluminiozko ioi baten bibrazioaren arabera. Erloju berria Estatu Batuetako National Institute of Standard and Technology-n garatu dute.

ILE BATI ESKER
Danimarkako zientzialari-talde batek egindako ikerketa batek duela 4000 urte Groenlandian bizi izan zen gizon baten hainbat ezaugarri erakutsi ditu. Lana egiteko, ikertzaileek 1980ko hamarkadan Groenlandiako iparraldean aurkitutako ile-lagin bat erabili dute. Material genetikoa atera eta genoma osoa osatu dute. Horri esker, zientzialariek jakin dute gizonak begi marroiak zituela, ile eta azal iluna, eta aurpegi iletsua, eta burusoil geratzen ari zela. Ilea Saqqaq kulturako gizon batena zen, izotzezko uhartean bizi izan ziren lehen gizakiena.

KONTUZ EGUZKI-OHEEKIN
Europako Batasuneko 10 estatutan egindako ikuskapen batek erakutsi du eguzki-oheak uste baino kaltegarriagoak izan daitezkeela. Aztertu diren ohetan zazpitik batean ultramorearen erradiazio-maila segurtasun-mugetatik gora zegoen. Era berean, ikuskapenak agerian utzi du erradiazioaren balizko arriskuei buruzko informaziorik ez dela ematen, ezta adin txikikoek zerbitzu horiek erabiltzeko debekuaren inguruko informaziorik ere. Guztira 550 eguzki-ohe aztertu dituzte 350 hiritan.

 

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali