Zuriak nagusi

2016/10/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Azterketa genetikoetan jatorri europarra ez duten pertsonak bazter uzten direla ohartarazi dute bi ikertzailek, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Hain zuzen, batek genomari buruzko ikerketen parte-hartzaileen % 96k jatorri europarra zutela erakutsi zuen 2009an egindako ikerketa batean. Orain, zazpi urte geroago, berriro egin dute analisia, eta ikusi dute jatorri europarreko parte-hartzaileen ehunekoa % 81ekoa da. Horrenbestez, balirudike dibertsitatea aintzat hartzen hasiak direla; ez da horrela, ordea, ez guztiz behintzat.

Azterketa horren arabera, beste jatorriren bat duten parte-hartzaile horietatik ia guztiak asiarrak dira, batez ere japoniarrak, txinatarrak, korearrak eta indiarrak. Beraz, gainerako jatorrietakoek gutxietsita jarraitzen dute. Horien artean daude jatorri afrikarra dutenak, Australiako aborigenen ondorengoak, Amerikako jatorrizko biztanleen hurrengoak, Estatu Batuetako hispanoak…

Ikertzaileek nabarmendu dutenez, genomari buruzko datu-baseetatik bazter uzteak ondorio kaltegarriak ditu jatorri europarra ez duten pertsona horientzat. Izan ere, datu-base genetikoak oso baliagarriak dira gene jakinen eta gaixotasunen arteko loturak edo botikak metabolizatzean egon daitezkeen gorabeherak detektatzeko.

Esate baterako, azterketa genetikoetan lortutako datuen analisiei esker jakin dute zenbait genek harremana dutela diabetesarekin, bihotzeko eta zirkulazio-aparatuko gaixotasunekin eta eskizofreniarekin,  besteak beste, eta horrek gaitz horiek hobeto ezagutzeko eta tratamendu eraginkorragoak eta seguruagoak bilatzeko aukera eman du.

Botiken metabolismoaren kasuan, berriz, CYp2D6 genea aipatu dute analisiaren egileek. Gene horrek botika askoren metabolismoan parte hartzen du, tartean, bularreko minbizia tratatzeko erabili ohi den tamoxifenoarenean.

Argi dago, beraz, zenbat eta dibertsitate handiagoa egon azterketa genetikoen parte-hartzaileen artean, orduan eta jende gehiagori egingo diola onura haietatik erauzten den informazioak. Alabaina, datu-base genetiko erraldoi horiek bi iturri nagusi dituzte: Estatu Batuetako Giza Genomaren Ikerketarako Institutua eta Europako Bioinformatika Institutua. Eta haietan parte hartzen dutenen gehiengoa, bistan denez, jatorri europarrekoa da.

Berez, badaude neurriak dibertsitatea aintzat hartzeko. Adibidez, 20 urte baino gehiago dira Estatu Batuetako Osasun Institutuak agindu zuela jatorri guztietako parte-hartzaileak hartu behar zituztela berak diruz lagundutako ikerketetan. Agindua, ordea, ez da eraginkorra. Eta Europan, arrazoi sozialak, kulturalak eta ekonomikoak aipatu dituzte analisiaren egileek, beste jatorrietakoak bazter uzteko. Haien ustez, bidegabekeria ez da zuzenduko, diru-laguntzak eta baliabideak bideratu ezean. Ea bada.

 

Berria egunkarian argitaratua.