Zorionak zuri, zorionak beti, zorionak Henrietta?

2021/07/07 Oihane Díaz de Cerio Arruabarrena - Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea (EHU) | Beñat Zaldibar Aranburu - Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakaslea (EHU) Iturria: Elhuyar aldizkaria

Guztiontzat horren berezia eta gogorra suertatu den 2020. urtean, non COVID-19a ia berri guztien buru izan den, fokuetatik kanpo geratu da (gure uste apalean) urteurren bat, Henrietta Lacks-en jaiotzaren 100. urteurrena hain zuzen ere. Henriettaren bizitza labur eta xumea izan zen arren, haren zelulek ez dute soilik COVID-19a mendean hartzen laguntzen, baizik eta beste hainbat gaixotasunen nondik norakoak ulertzen eta aztertzen laguntzen dute. Berebiziko garrantzia duten tresna bilakatu dira zelula horiek. Hau da gure omenaldi txikia.

Henrietta Lacks, 1945-1950 inguru. Arg. Henrietta Lacks Foundation

2020. urtean, besteak beste, Xalbador bertsolariaren, Charlie Parker saxofoi-jotzailearen eta Ray Harryhausen zinemagilearen jaiotzen 100. urteurrena bete da. Pertsonaia famatu horiekin batera ere, horren ezaguna ez den Henrietta Lacksen jaiotzaren 100. urteurrena ere bete da. Fama gutxiago izan arren, Henriettak berebiziko garrantzia izan du hainbat ikerketa biomedikotan. Hari esker, poliomielitisaren aurkako txertoa sortu zen, eta hiesa, Parkinsonen gaixotasuna, giza papilomabirusa, minbizia eta beste zenbait gaixotasuni aurre egiteko hainbat aurkikuntza ere egin dira. Izatez, gutxienez dozena-erdi bat Nobel saridunek hari zor diote beren aintzatespena, neurri batean behintzat.

Baina nola heldu da goi-mailako ikerketan euskarri nagusi bat izatera 31 urterekin hil zen tabako-laborari hau?

Henrietta, 1951. urtean, Baltimoreko John Hopkins ospitalera hurbildu zen, eta klinika ginekologikoaren sarreran, “I got a knob in my womb” (uteroan korapilo bat daukat) esan. Hasierako miaketa egin eta gero, Henriettaren umetoki-lepoan masa trinko bat aurkitu, eta, bertatik, garaian ohikoa zen bezala, lagin bat eskuratu eta ospitaleko patologia-laborategira eraman zuten diagnostiko sakonago bat egiteko. Garai hartan, laborategia George-Otto Gey eta Margaret Koudelka senar-emazteen zuzendaritzapean zegoen.

George minbizi-ikertzailea izanik, bere entseguak egiteko, zelula berriak behar zituen etengabe; izan ere, in vitro baldintzetan, zelula gehienak azkar samar hiltzen zitzaizkion (nahiz eta Margaret zelulen mantenuan eta laborategi asepsia-baldintzen mantenuan sekulako aditua izan). Baina Henriettaren tumoretik eskuratutako zelulak, ordea, 24 orduan behin zatitzen ziren eta ez zioten zatitzeari uzten! George guztiz txundituta geratu zen, eta, ohikoa zuen moduan, lortu berri zituen zelula horiek gaixoaren izen-abizenak konbinatuz izendatu zituen, HeLa zelula gisa. Bitartean, ospitalera lehendabiziko bisita egin eta 10 hilabetera hil zen Henrietta, laborategietan bere minbizi-zelulek zatitzen jarraitzen zuten bitartean.

Esku artean potentzial handiko tresna bat zuela konturatu zenean, Estatu Batuetako laborategietara zelulak modu zabal eta askean banatzen hasi zen George. Aipagarria da Georgek HeLa zelulekin ikerketak egin aurretik ere debalde eman zizkiela HeLa zelulen laginak hainbat laborategiri. George Gey ikertzaile edo enpresari baino gehiago irakaslea zen, eta Henriettaren zelulak zientziarako opari gisa tratatu zituen.

Henriettak bizi zelarik egin zuen bidaiarik luzeena Clover (Virginia) eta Baltimore (Maryland) bitartekoa izan bazen ere (400 kilometro inguru), haren zelulek munduko bazter guztietara iritsi dira, milaka kilometro bidaiatu dute laborategiz laborategi. Espaziora ere heldu dira! MIRen zein Nazioarteko Espazio Estazioan egon dira eta.

Kilometroak alde batera utzita, diruak ere zeresan handia dauka istorio honetan. ATCCren (American Type Culture Collection) webgunean sartuta, adibidez, “HeLa (ATCC® CCL-2TM)” zelulak eskatzen direnean, zelula-tutuak 595 € + garraioa balio du. Henriettaren zelulek, 1954. urteaz geroztik, milioika eta milioika euro sortu dituzte enpresa farmazeutikoentzat, eta sekulako aurrerapen medikoak gertatu dira haiei esker. Hala eta guztiz ere, ez Henriettak, ezta haren 5 seme-alabek ere, ez zuten aseguru medikorik ere eduki. Arestian aipatu den moduan, Henriettak ohiko tratamendua egiteko inprimakia sinatu zuen, baina biopsia-laginak eskuratzeko idatzizko adostasunik ez zuen eman eta ez zitzaion sekula azaldu zer egin zen bere minbizi-zelulekin. 1951. urteko prozedurari jarraitu zitzaion, eta emakumea eta azalez beltza izateak ez zioten bere eskubideak bermatzen lagundu.

Zelula horiek, munduko laborategi guztietan sakabanaturik egoteaz gain, beste zelula-hazkuntza batzuk kutsatzeko gai dira. 1960-70eko hamarkadetan, hainbat ikertzailek beste zelula-mota batzuekin lanean ari zirela pentsatuz, konturatu ziren beren hazkuntza-ontzietan HeLa zelulak zituztela! Henriettaren zelulek zatitzeko ahalmen handia zuten, eta horrek ahalbidetzen zien ontziko jatorrizko zelulak ordezkatzea. Horrek HeLa zelulen gaineko interesa piztu zien ikertzaileei, eta haien jatorriaren inguruan galdezka hasi ziren. Nor zen, beraz, “HeLa” izenaren atzean zegoen gaixoa? Hasiera batean, Gey senar-emaztearen laborategiak jatorrizko izena ezkutatu nahian, bestelako izengoiti batzuk eman zizkieten (Helen Lane edo Helen Larsen) jatorria bilatzen ari ziren ikertzaile zein kazetariei. Hala ere, sekretua ezin izan zen luze mantendu. Henriettaren senideek, ordea, are eta luzeago itxaron behar izan zuten horren berri izateko, eta are gehiago aurkikuntzaren garrantzia ulertzeko.

Egun, gaixo baten ehunak ikerketarako eskuratzen direnean, beharrezkoa da gaixoak idatzizko adostasuna ematea. Behin lagina eskuratuta, anonimoa izatera pasatzen da eta orduko emailea, pazientea, ez da laginaren jabe. Hau da, gaixoak ez dauka etorkizunean ehun horietatik erator daitezkeen diru-sarreren inguruko eskubiderik.

Egoera hori, ordea, nabarmenki aldatu zen 2013. urtean. G3: Genes, Genomes, Geneticsaldizkarian HeLa zelulen andui baten karakterizazio genomikoa argitaratu zen (Landry et al., 2013), eta genoma osoa eskuragarri jarri zen online. Oso interesgarria da hori ikertzaileentzat, baina gorabehera etiko ugari ditu. Seguruenik, 62 urte igarota HeLa zelulek asko mutatu duten arren, Henriettaren eta haren familiartekoen informazio genetikoa publiko eta eskuragarri geratu zen. Genomaren sekuentzia datu-base ezagun baten webgunetik kendu eta gero, Europako Biologia Molekularreko Laborategia (EMBL), Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionala (NIH) eta Lacks familia akordio batera heldu ziren HeLa zelulen erabilpenaren inguruan.

Zoritxarrez, Lacks familiarena ez da kasu bakarra; gaur egun, milaka lerro zelular daude, eta sekuentziazio- eta bioinformatika-alorretan lortzen ari diren aurrerapenei esker, posible da emaileen anonimatua zalantzan geratzea. Beraz, gero eta beharrezkoagoa da emaile, ikertzaile eta erakundeen arteko erlazioak sustatzea.

Henriettaren zelulen transformazioa

Henriettaren tumore-zelulen jatorria giza papilomabirus (HPV) batean dago. Zelulak endozitosi-prozesu zelularren bitartez barneratzen ditu birus horiek, eta, ostean, DNA birikoa zelula ostalariaren DNAn txertatzen da. Henriettaren kasuan, DNA birikoaren txertaketa hori c-myc genetik gertu gertatu zen. Zatiketa zelularra bultzatzen duen gene garrantzitsuenetako bat izanik C-myc, aukera ematen du HeLa zeluletan modu konstitutiboan (modu jarraituan) adierazteko; beraz, zatiketa zelularra etengabe bultzatzen da. Bestetik, HeLa zeluletan telomerasaren jarduera altua da. Telomeroak kromosomen muturrak dira, eta telomerasek egonkortzen dituzte. Zelulen zatiketak gertatzen direnean, telomeroak laburtuz doaz, eta, tamaina kritiko bat lortzen denean, zelulak zatitzeari uzten diote edo zatitzeko zailtasun gehiago dituzte. Telomeroak luzatzeko, telomerasa entzimaren jarduera beharrezkoa da; beraz, HeLa zelulen kasuan, nahiz eta zatiketa ugari burutu, telomeroak nahikoa luzeak dira zelulen zatiketa gertatzen jarraitu ahal izateko.
Giza papilomabirusaren infekzio-eskema orokorra. Birusa (1) zelularen mintz-hartzaileekin lotu eta kapsidan zenbait aldaketa gertatuta, endozitosi bitartez (2) barneratzen da. Besikula endozitikoa (3) lisosomekin fusionatu eta pH baxuagoa duen endosoma berantiarra sortzen da (4). Endosoma berantiarraren pH baxuago horrek kapsida ezegonkortzen du, eta birusaren DNA agerian uzten. DNA birikoa besikula-garraio atzerakoian sartzen da, eta, Golgi aparatuaren zisternetan zehar (5), nukleoraino heltzen da garraio besikuletan (6). Bertan, zelularen DNAn sartzen da (7), eta, HeLa zelulen kasuan, zelularen hainbat geneen adierazpena bultzatzen du, c-myc eta telomerasa geneen kasua (8), adibidez. Arg. Artikuluaren egileek

Henrietta duela 100 urte jaio zen, eta duela 69 hil, baina haren zelulek oraindik ere bizirik diraute mundu osoko laborategietan. HeLa zelulek ez diete erantzunik ematen Deborah-k, Henriettaren alabak, bere amari buruz dituen galdera pertsonalei (zein zen amaren kolore gogokoena? Dantzatzea gustatzen ote zitzaion?), baina beste hainbat galdera zientifiko erantzuten lagunduko dute. Batek daki haren zelulek urtebetetzeak betiko ospatzen jarraituko duten.

Milesker zientziari egindako ekarpenagatik, eta zorionak Henrietta!

Irakurketa gehigarria:

Landry JJ, Pyl PT, Rausch T, Zichner T, Tekkedil MM, Stütz AM, Jauch A, Aiyar RS, Pau G, Delhomme N, Gagneur J, Korbel JO, Huber W, Steinmetz LM. 2013. "The genomic and transcriptomic landscape of a HeLa cell line". G3: Genes, Genomes, Genetics. 3 (8): 1213-24.

Skloot R. 2010. The inmortal life of Henrietta Lacks. 2010. The Crown Publishing Group. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia