}

Zerk eragiten du glutenari alergia izatea?

2002/09/27 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Stanford Unibertsitateko zientzialari-talde batek glutenarekiko alergia sortzen duen konposatua identifikatzea lortu du.

Glutenari alergia dioten pertsonei zeliako deritze, eta 200 lagunetik batek pairatzen du gaitza. Glutena zereal askotan (garia, garagarra, zekalea...) dagoen proteina da. Zeliako batek glutena duen zerbait janez gero, bere sistema immunitarioak erantzun bortitza eragiten du: glutenak sistema immunitarioaren osagai diren T zelulak aktibatzen ditu, eta zelula horiek hesteetako paretetan hantura sortzen dute.

Stanford Unibertsitateko zientzialariek, glutena urdaileko eta areako entzimekin tratatu ostean, 33 aminoazidoko peptido bat digeritu gabe geratzen dela ikusi zuten. Peptido hori alergiaren eragilea zela frogatzeko, zeliakoen T zelulak peptidoarekin kontaktuan jarri zituzten. Zelulak etengabe ugaltzen hasi ziren peptidoaren eraginez. Horrela, alergiaren eragile nagusia peptido hori zela frogatu ahal izan zuten.

Alergiaren eragilea zein den jakinda, askoz ere errazagoa da gaitzarentzat tratamendu egokia bilatzea. Gaur egun, pertsona zeliakoek egin dezaketen gauza bakarra dieta asko zaintzea da eta glutenik gabeko elikagaiak erosi eta jatea.

Zientzialariek tratamendurako bi bide proposatu dituzte peptido horretatik abiatuta. Lehena peptidoa apurtuko lukeen entzimarekin osatutako botikak sortzea litzateke. Peptidoa apurtzeko behar den entzima ezaguna da, eta zein bakteriok ekoizten duen ere badakite. Bigarrena, peptidoan oinarritutako txertoa sortzea da. Baliteke, sistema immunea peptidoaren presentziara ohituz gero, hesteetan hanturarik ez sortzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia