}

Zelula amen diferentziazioa eragiten duen genea

2001/12/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Science aldizkarian argitaratu berri den lanaren arabera, zelula amak hesteetako zelula jariakorretan diferentzia daitezen eragiten du neuronen diferentziazioan parte hartzen duen gene batek.

Howard Hughes Mediku Institutuko eta Baylor Medikuntza Fakultateko ikertzaileek Math 1 izeneko genearen eginkizunak aztertu dituzte. Orain baino lehen neuronen diferentziazioan duen garrantzia ikusi zuten; horregatik, hesteetan ere parte hartzen zuela jakin zutenean, hango nerbio-sistemarekin erlazionatuta egongo zela pentsatu zuten.

Oker zeuden, ordea. Uste ez bezala, hesteetako nerbio-sisteman ez zuten gene horren adierazpenik aurkitu. Aldiz, hesteetako epitelioarekin erlazionatuta dagoela frogatu dute. Ikerketak hiru zelula jariatzaile motak Math 1 genea adierazten dutela azaldu du. Hain zuzen ere, jana mugitzeko behar den mukia jariatzen duten kaliza-formako zelulak, peptido erregulatzaileak jariatzen dituzten zelula enteroendokrinoak, eta mikroorganismoen aurkako peptidoak jariatzen dituzten Panethen zelulak dira Math 1 genea adierazten dutenak. Bestalde, enterozitoek, hau da, elikagaien absortzioan parte hartzen duten zelulek, ez dute Math 1 genearekin zerikusirik.

Hori frogatzeko, Math 1 genea ez zuten genetikoki eraldatutako saguekin egin zuten lan ikertzaileek; horrela, sagu mutanteetan ez zirela hiru zelula-mota horiek garatzen baieztatu zuten. Ikertzaileen esanean, Math 1 genea zelula amen oinarrizko diferentziazioan ezinbestekoa dela adierazten du horrek. Gainera, egin duten beste ikerketa batzuei esker, Math 1 geneak sortzen duen proteinak zelula endokrinoen diferentziazioa zuzentzen duen bidezidorra erregulatzen duela ikusi dute.

Hesteetako zelulen diferentziazioa ezagutzeak garrantzi kliniko handia du. Izan ere, zelula horiek ezinbestekoak dira elikagaiak xurgatzeko eta infekzioei aurre egiteko. Ikerketa horrek heste narritakorraren sindromea eta hesteen mugikortasun-arazoak sendatzeko bide berriak bilatzea ahalbidetzen du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia