}

Zango nekatuentzako soluzioak

2002/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bena edo zainetako gutxiegitasunak gero eta pertsona gehiagori eragiten dio. Gaur egun, esan daiteke hiru emakumetik batek pisutsu sentitzen dituela hankak. Eta, zenbait kasutan, hain itsusiak iruditzen zaizkigun barizeak eta ultzerak ere agertzen dira. Nola lortu zangoak arin edukitzea? Zirkulazio onarekin. Eta, horrek zer esan nahi du? Kirola egitea, osasuntsu jatea eta ohitura desegoki batzuk aldatzea.

Emakumeek joera handiagoa dute gizonezkoek baino bena edo zainetako gutxiegitasuna jasateko (haurdunaldiak, hilekoaren inguruan gertatu ohi diren hormona-desorekak eta antisorgailuak hartzea dira joera handiago horren arrazoi nagusiak). Eta, horren kontra, odolaren zirkulazioa bizkortzea da soluziorik onena. Horrela, zangoak puztea ekiditeaz gain, likido gutxiago atxikiko dugu, zelulitisaren kontra babestu eta barizeen aurrean hesi edo traba moduko bat eratu.

Zangoak babestu

Gehiegizko beroa ez da batere ona odol-zirkulazioarentzat, beroak basodilatazioa eragiten duelako. Horregatik ez da komeni eguzkitan denbora gehiegi ematea; hobe da aldian behin hankak freskatzea. Kontuz dutxatzerakoan edo bainua hartzerakoan uraren tenperatura beroarekin, hobe da ur beroa hotzarekin txandatzea. Gainera, hankak argizariarekin depilatzen badituzu, aukeran hobe argizari epela edo hotza erabiltzea.

Arropa erosoak erabili

Aldaka eta izterretan arropa estuak eramateak ez dio odolari libre zirkulatzen uzten. Gauza bera gertatzen da oina estutzen duten zapatekin, takoi oso altuekin edota zola eta oin-bular zurrunak dituzten sandaliekin ere. Oinaren zatirik minberena oinzola da, oina lurrean jartzen dugun bakoitzean ponpa-moduan jokatzen baitu, odola gorantz bultzatuz, eta zirkulazioari eraginez.

Dieta osasuntsua

Soberan dauzkazun kilo horiek ere ez diote batere laguntzen odol-zirkulazioari zure beheko gorputz-adarretan. Gainpisuak odol-hodien lana oztopatzen du eta ez dio odolari gorputz osoan libre korritzen uzten.

Ura, ezinbestekoa

Ura da hankak arintzeko edaririk onena. Likidoak eta toxinak kanporatzen lagunduko dizu. Egunean pare bat litro ur edatea gomendatzen da, odolak bizkor korritu dezan zain eta arterietan.

Janari diuretikoak

Uraz gain, edan zuku naturalak, eta baita giltzurrunen lana errazten duten bestelako elikagaiak ere (patatak edo tomatea, adib.). Kontuz gatzarekin, eta ahal izanez gero ez edan kaferik, ezta terik ere.

Zenbat eta gantz gutxiago, hobe

Silizio asko duten jakiek (tipula eta baratxuria, esaterako), E bitamina dutenek (oliba-olio birjina), eta C bitaminan aberatsak direnek (zitrikoak) odol-zirkulazioa aktibatzen dute. Ez jan haragi gorririk, enbutido eta hestebeterik, ezta frijiturik ere. Hobeak dira arrain urdina eta entsaladak.

Zuntza idorreriaren kontra

Idorreriak zangoetako nekea ekartzen du, hesteek beheko gorputz-adarren goraztapenaz arduratzen diren odol-hodien gain egiten duten presioagatik. Presio hori saihesteko, hesteei beren lana normal egiten lagundu behar zaie, janari integralekin, fruta eta barazki freskoekin eta lekaleekin.

Mugitu zangoak

Kirola oso egokia da gorputza arintzeko. Muskuluak mugitzen direnean, zainei eragin eta odola gorputz osoan barrena hedatzea lortzen da. Astean ordu-pare bateko ariketa nahikoa izan daiteke. Baina egunero-egunero bizpahiru kilometro ibiltzea baino gauza hoberik ez da.

Ibili, ibili, ibili

Astean ordu-pare bateko ariketa nahikoa izan daiteke. Baina egunero-egunero bizpahiru kilometro ibiltzea baino gauza hoberik ez da.

Kontua ez da gustuko dendetako erakusleihoak ikusiz poliki-poliki paseatzea. Odol-zirkulazioa hobetzeko, pauso bizkorrean ibili behar da, eta horretarako oinetako erosoak behar dira. Hondartzan ibiltzeko aukera edukiz gero, ez alferrik galdu. Itsasoko urarekin eta hondarrarekin, zangoetako tentsioa deskargatzea lortzen da. Itsasoaren faltan, belarretan ibiltzea ere ona da, edo baita etxeko moketaren gainean ere, baina oinutsik.

Jarri hankak goian

Hori baino gauza errazagorik, gutxi: atseden hartzerakoan, edo baita lo egiterakoan ere, hankak maila horizontala baino hamar bat zentimetro gorago jarriz gero, bihotzaren maila berean geratuko dira.

Postura txarrak saihestu

Denbora luzean zutik egotea, edo baita eserita ere, hankak gurutzatuta, ez da batere egokia. Saia zaitez noizean behin paseotxoak egiten. Telebista ikusterakoan ere, oinak pixka bat altxatuta edukitzea komeni da, oin-euskarriren bat erabiliz, adibidez.

Terapiarik onena, prebentzioa

Zirkulazio-arazoak dituzten emakumeen % 30ek azkenean barizeak edukitzen dituzte zangoetan. Beste kasu askotan bezala, prebentzioa da biderik onena, behin barizea sortu ondoren, tratamendu medikoa behar baita arazoa konpontzeko.

  • Ariketa fisikoa
    Erresistentziako kirolak (igeriketa, bizikleta edo korrika egitea) dira gehien gomendatzen direnak. Noski, ibiltzea ahaztu gabe. Edo hiru bat kilometroko ibilaldia egunero, edo paseo laburragoak, baina sarri. Etxeko eskailerak igo eta jaistea ere oso ona da.
  • Herentzia genetikoa
    Barizeak, berez, ez dira hereditarioak, baina bai, ordea, horiek jasateko joera. Adituek diotenez, barizeak dituzten andreen alabek % 60ko probabilitatea dute barizeak izateko.
  • Tratamendua ezinbestekoa da?
    Barizeek min ematen ez badute, eta arrazoi estetikoengatik ez bada, ez dira tratatu behar. Baina mina edota beste konplikazioren bat agertuz gero (ultzerak, adibidez), medikuaren kontrola beharrezkoa da.
  • Haurdunaldia
    Familian aurrekaririk izanez gero, eta haurdun geratu aurretik molestiarik sentitu bada, hobe medikuari esatea, neurriak hartzeko.
  • Zirkulazioari ez trabarik jarri
    Ez erabili faxarik, ezta galtza edo gerriko estuegirik ere. Gaur egun badira zango astunentzat diseinatutako galtzerdi elastiko bereziak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia