Zalantzak eragin ditu mugikorrak eta minbizia lotzen dituen azken ikerketak

2016/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Getty Images

Mugikorren erradiazioak sagu eta arratoiei minbizia eragiten dietela ondorioztatu du Estatu Batuetako gobernuak bultzatutako ikerketa batek. Ikerketa hori azterketa zabalago baten zatia da, eta hura ez da 2017ra arte amaituko. Alabaina, emaitzen berri ematea erabaki dute, gaiak gizartean interes handia eragiten duela aintzat hartuta.

Interesa ez ezik, ordea, kezka ere eragin du, eta baita galderak ere, adituen artean. Izan ere, ikerketaren emaitzak ez dira oso sendoak, eta, parte hartu duten ikertzaile batzuen ustez, litekeena da mugikorren eta animalien minbiziaren arteko erlazioa ez izatea zuzena, baizik eta halabehar hutsa, alderdi batzuk ez baitituzte azaltzerik izan. Esaterako, badirudi arrei bakarrik eragiten diela, eta ez emeei; bestalde, erradiazioaren eraginpean egondako animaliak luzeago bizi dira, erradiaziorik jaso ez dutenak baino.

Esperimentuan, bi urtez ikertu dituzte saguak eta arratoiak. Kaiolatuta zituzten, eta haietako batzuk mugikorren erradiazioa gorputz osoan jasotzeko kutxa berezi batzuetan zeuden, hiru multzotan banatuta: 1.5, 3 eta 6 watt/kg-ko erradiazioa jaso zutenak (Estatu Batuetan ezarrita duten erradiazioaren muga 1.6 watt/kg-koa da).

Esperimentuaren ondoren, bi minbizi-mota aurkitu zituzten, biak arraroak: glioma (garuneko tumore gaizto bat), erradiazioa jasotako animalia arren %2-3an, eta bihotzeko Schwann zelulen minbizia, hau ere arren %2-6an. Aipatzekoa da azken hauetan erlazio zuzena zegoela dosiaren eta minbizi-kasuen artean; ez, ordea, garuneko tumoreetan.

Horrenbestez, oraindik galdera asko dituzte erantzuteko. Eta orain arte egin diren ikerketek, haietako batzuk benetan handiak, baztertu egin dute edo ez dute frogatzerik izan erlaziorik dagoenik mugikorrak erabiltzearen eta minbizia garatzearen artean. Nolanahi ere, ikertzen jarraituko dutela agindu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia