Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zabor nuklearra gainetik kendu ezinik

1993/02/01 Susaeta, Tomasa Iturria: Elhuyar aldizkaria


Lantzean behin komunikabideetan hondakin nuklearrei buruzko berriak agertzen dira. Arestian, Frantziatik Japoniara plutonioa garraiatu zuen Akatsuki Maru kargauntziak zalaparta ugari eragin zuen, Frantzian batez ere, ekologistek haren aurka egindako protesta-ekintzak zirela eta. Baina komunikabideetan ez agertu arren, arazoak lehenean dirau: munduko zentral nuklearretan ehundaka tona zabor erradioaktibo sortzen dira urtero eta inork ez daki ongi zabor horri zer egin. Orobat, militarren eskuetan dauden arma nuklearretako asko eta asko zabor bilakatu dira dagoeneko.

Zaborra itsaspean

Gaur egun, 500dik gora urpekuntzi nuklear dabiltza harat-honat ozeanoetan barrena eta ia beste 100 untzi nuklear ere bai. Gainera, ia guztiak arma nuklearrez hornituta daude. Horrelakoek ez ote dute inoiz istripurik izan?

Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziak (AIEAk) istripuei buruzko azterketa bat egin du; militarrek ez baitute inoiz horrelako istripurik garbi aitortu nahi izaten. Azken 42 urteotan gutxienez 31 istripu gertatu dira material erradioaktiboa zeramaten ibilgailu militarretan: hegazkin, satelite, urpekuntzi, gerrauntzi, etab.etan. Istripu hauetan hondoratutako arma nuklearren kopuru zehatza jakiterik ez dago, militarrek jakiterik nahi ez dutelako. Istripua gertatu ondoren ibilgailuak hondoratutako tokian gelditzen dira, urpetik ateratzea ia ezinezkoa delako.

Beraz, milioika becquerel (erradioaktibitate-unitatea da) daude barreiatuta itsasoetan, hots, Txernobilgo istripuak atmosferara igorri zuen erradioaktibitate-dosia baino askoz handiagoa. Istripuz itsasoratutako material erradioaktibo horri, 1946.az geroztik eta 1982rarte zenbait estatuk itsasoratu duten zabor erradioaktiboa gehitu behar zaio.

Plutonio ibiltaria
Akatsuki Maru 4.800 tonako kargauntzi japoniarrak krosko bikoitza du. Diesel motore autonomo bi ditu eta gutxi gorabehera 13-15 korapilo orduko abiaduraz ibil daiteke. Talkaurkako radar-sistema bat ezarri zaio eta itsas trafiko txikiko itsasbideetan nabigatuko du. Ekipo eta nabigaziorako laguntza onenekin ere, istripu-arriskua ez da erabat desagertzen. Hona hemen datu bat: urtero-urtero 700-800 kargauntzi handi hondoratzen dira.
Akatsuki Maruk bi hilabete inguru behar izan ditu Frantziatik Japoniarakobidea egiteko. Bidean, Ozeano Barean tropikoen artean dagoen tifoi-eremua zeharkatu du. Egindako ibilbidea ezkutuan mantendu dute eta EEBBetako lau satelitek etengabe gainbegiratu dute bidaia osoan zehar. Hornos lurmuturretik pasa ez bada, Esperantza Oneko lurmuturra inguratuko zuen. Ondoko mapan aukerako bi ibilbideak ikusten dira; baita gune arriskutsuenak ere.

Hondakin nuklear hauek aktibitate txikikoak edo maila ertainekoak direla esaten dute. Alta, hori egia den ez dago hain garbi. Azkenik, 1982an debekatu egin zen horrelako hondakinak itsasoratzea. Bitartean dozenaka mila upela urperatu dira. Upela horiek asfalto edo porlanez inguratuta daude, baina itsasoko urak 10-15 urtean desegin egiten ditu gainestaldura horiek. 36 urtez 100.000 tona hondakin erradioaktibo itsasoratu dute Erresuma Batua, Suitza, Estatu Batuak, Belgika, Frantzia, Herbehereak, Korea, Japonia, Suedia, Zeelanda Berria, Alemania eta Italiak. Hauetatik, Erresuma Batua (hondakin guztien % 76,5), Suitza (% 9,6), Estatu Batuak (% 7,7) eta Belgika (% 4,6) izan dira itsaso-zikintzaile nagusiak.

Ipar Atlantiarra da hondakindegi nagusia. Irudiko mapan ikusten denez, hilerri erradioaktiboetako batzuk ez daude Euskal Herriko kostaldetik oso urruti. Haien inguruan zesio- eta plutonio-kopuru handiak neurtu izan dira. Horregatik debekatu zen hondakin nuklearrak itsasoratzea. Alabaina, kaltea egina dago. Mantxako kanalean, Normandiako kostaldean, krustazeoek erradioaktibitate-tasa handiegia daukate. Handik 30 km-ra, 65 eta 160 m-ko sakonera bitartean, britainiar eta belgikarrek beren zabor nuklearra itsasoratu zuten.

Bestalde, Norvegiako gobernuak arrantza debekatu du Ipar itsasoko esparru batean, Norvegiako kostaldetik gertu, bertako erradioaktibitate-tasa arriskutsua delako. Bertan, 1989ko apirilaren 7an, misilak zeramatzan urpekuntzi sobietar bat hondoratu egin zen. Ondorengo miaketek frogatu dutenez, urpekuntziko erreaktore nuklearra erradioaktibitatea isurtzen ari da eta korrosioa uste baino lehenago iritsi da misiletako buru nuklearretara. Hauek, dakizkigun adibideak dira. Eta ez dakizkigunak?

Zabor nuklearra harat-honat itsasoan zehar

Hondakin erradioaktiboak itsasoan urperatzea 1982. urtean debekatu zela esan dugu. Baina arazoa ez zen horrenbestez amaitu. Ikusi dugunez, airean, urpean, estratosferan nahiz itsaso gainean, energia nuklearrez elikatutako ibilgailu-mordo bat dabil eta istripuak noiznahi eta nonnahi gerta daitezke. Eta gertatu egin dira, aurreko lerroetan frogatuta gelditu denez. Hori ezezik, energia nuklearra erabili ez baina hondakin erradioaktiboak garraiatzen dituzten ibilgailuen arazoa dago. Izan ere, gaur egun munduko zentral nuklear askotan plutonioa ekoizten da hondakin gisa. Eta plutonio hori birziklatu egiten da zenbait tokitan; Frantziako La Haguen dagoen plantan, adibidez. Baina horretarako plutonioa zentral nuklearretatik plantaraino eraman behar da eta bide horretan istripuak gerta daitezke.

Plutonio-trafikoa kontzeptua erabiltzea zilegi da beraz; Europan batez ere. Alemania, Herbehereak, Suitza eta Belgikak, Frantzian birziklatzen dituzte beren hondakin erradioaktiboak. Astero-astero, plutonio(IV) oxidoz kargatutako kamioi bat irteten da La Hagueko plantatik Europako toki desberdinetara. Eta orain, japoniarrak ere beren hondakinak Frantzian birziklatzen hasi direnez, plutonioak mundua alderik alde zeharkatu behar du.

Europako itsaspeko hilerri erradioaktiboak
Mapan ikusten diren tokietan, 36 urtez, hondakin erradioaktiboak zeuzkaten upelak hondoratu dituzte. Hilerri bakoitzaren ondoan metatutako erradioaktibitatea gigabecquereletan adierazita dago.

Hasiera batean, Japoniarako plutonioa Iparramerika zeharkatuz hegazkinez eramatekoak ziren, baina Alaskak eta Kanadak debeku biribila ezarri zioten proiektuari. Inork ez du plutonioa bere buruaren gainetik pasatzerik nahi. Beste ibilbide bat bilatu zen orduan: Ipar poloko bidea, Bering itsasartean eta Norvegiako itsasoan barrena, Boeing 747 karga-hegazkin batean (orain dela gutxi Amsterdamen etxebizitza baten kontra lehertu zena bezalakoan, hain zuzen) garraiatuko zena. Baina hegazkinaren zama-gelan ezarri beharko litzatekeen edukinontziaren gutxieneko segurtasun-baldintzak betetzea ezinezkoa zen. Horrelako edukinontzirik oraingoz ez dago eraikitzerik.

Beraz, aireko garraioaren asmoa baztertuta, itsas bidea hobetsi zuten. Bide hori segurua al da? Egia esan, istripu-arriskua eta beronen ondorioak aurrikustea ez da erraza. Baina, dena dela, nuklearrak beldurra baino gehiago izua eragiten du eta zenbait estatuk debekatu egin dute beren menpeko itsasaldeetan hondakin erradioaktiboak garraiatzea. Ondorioz, Frantziatik Japoniara joateko, ibilbide luzeenetako bat egin behar izan du Akatsuki Maru kargauntziak.

Egindako hitzarmena beteko bada, untzi horrek edo besteren batzuek bidaia hori gutxienez urtean hirutan eta 10 urtez egin beharko dute. Eta hau plutonioari dagokiona baino ez da. Birziklatzeak zer dakarren ongi ulertu behar da: lehenik, erreaktore nuklearretatik irtendako hondakinak planta birziklatzailera eraman behar dira. Bigarrenik, birziklatzeak berak sortzen dituen produktu eta hondakin guztiak berriro ere beren jaioterrira itzuli behar dira.

Hondakin erradioaktiboen joan-etorri zoro hau gertatzen den bitartean, ekologisten eta nukleokraten arteko eztabaida inoiz baino goriago dago. Baina, urteak joan urteak etorri, balantza ekologisten aldera makurtzen ari da, gero eta nabarmenago. Gaur egun, plutonioaren birziklapenak ez dauka justifikazio ekonomikorik. EEBB-ek, erraldoi nuklearrak, supersorgailu eta birziklapenari buruzko programak bertan behera utzi zituen orain dela urte batzuk, Carter lehendakari zela. Frantzia ia bakarrik gelditu da bide horretan eta supersorgailuen programa geldirik daukate.

Japonia bere supersorgailua eraikitzen ari da, baina oso txikia izango da. Supersorgailuen bidea ia etenik dagoela, birziklapena umezurtz gelditu da (izan ere, planta birziklatzaileen helburua eta izateko arrazoia horixe baita: zentral nuklear arruntetan sortutako hondakinetatik plutonioa atera eta plutonio hori supersorgailuetan erregai gisa erabiltzea). Bestalde, birziklapenaren kostua gero eta handiagoa da, prozesu osoan gero eta segurtasun-baldintza zorrotzagoak bete behar direlako.

Birziklapena ez da mauka!

Zenbat balio du erabilitako erregai nuklearra birziklatzeak? 105.000 pta (5.000 libera) kilogramoko. Hauxe da oraingo prezioa.

Jo dezagun zentral nuklearretan ohizkoa den 900 megawatteko erreaktore nuklear bat dugula. Honek 72 tona uranio ditu. Erregai hori pixkanaka agortu egiten da eta hiru urtean behin erregaiaren herena, 24 tona, berritu egin behar da. Erabilitako erregai hori birziklatzea 2.500 milioi pta. (120 milioi libera) kostatuko litzateke.

Ez da kostua hor amaitzen ordea. Birziklatze-kostuari garraioarena eta metaketarena gehitu behar zaizkio. Hau da, erabilitako erregaia planta birziklatzailera eramatea, handik erregai birziklatua jasotzea eta gainera, birziklatzeak sortzen dituen gainerako hondakinak jasotzea eta metatzea.


"Itsaspeko txernobilak"

Hona hemen, Energia Atomikorako Nazioarteko Agentziaren arabera, material erradioaktiboa zeramaten ibilgailu desberdinen istripu-zerrenda (dauden guztiak izan dira, baina izandako guztiak ba ote daude?)

  1. Arma nuklear bat zeraman B-36 hegazkin estatubatuar bat itsasoan galdu zen Alaska inguruan (1950-II).
  2. Arma nuklearrez hornitutako hegazkin estatubatuar bat Ozeano Barean galdu zen (1950-X).
  3. Arma nuklearrez hornitutako B-36 hegazkin estatubatuar bat Ternua inguruan galdu zen (1953-III).
  4. Material erradioaktibozko bi kapsula zeramatzan B-47 hegazkin estatubatuar bat Mediterranioan galdu zen (1958-III).
  5. Arma nuklear batez hornitutako B-47 hegazkin estatubatuar bat Atlantiar Ozeanoaren erdian galdu zen (1958-III).
  6. Misil nuklear bat zeraman F-102 ehizegazkin estatubatuar bat Haiphong badian galdu zen (1960-V).
  7. Tiraketa-saio batean, EEBBetako kontinentearteko misil bat itsasora erori zen Johnston irla ondoan (1962-VI).
  8. Tiraketa-saio batean, EEBBetako kontinentearteko beste misil bat itsasora erori zen Johnston irla ondoan (1962-VI).
  9. Thresher urpekuntzi estatubatuarrak Cod lurmuturretik gertu hondoratu eta eztanda egin zuen 2.600 m-ko sakoneran. Haren erreaktore nuklearrak 1.147.000 gigabecquereleko aktibitate erradioaktiboa zuen (1963-IV).
  10. Transit 5 BN-3 satelite estatubatuarra Madagaskarretik gertu erori zen. Haren sorgailu nuklearrak 630.000 gigabecquereleko aktibitate erradioaktiboa zuen (1964-IV).
  11. Hegazkin estatubatuar bat Ticonderoga hegazkinuntzitik erori eta 5.000 m-ko sakoneran hondoratu zen Japonia inguruan. Arma nuklear bat zeraman (1965 XII).
  12. B-52 hegazkin estatubatuar batek lau bonba atomiko galdu zituen Espainian. Bat Mediterraniora erori zen, baina berreskuratu egin zuten (1966-I).
  13. B-52 hegazkin estatubatuar batek lau arma nuklear galdu zituen itsaso izoztuan. Barreiatutako plutonioaren zati bat baino ez da berreskuratu (1968-I).
  14. Bost arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat Hawaii irlen ondoan hondoratu zen (1968-IV).
  15. Lau arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat Atlantiar Ozeanoaren IE-an galdu zen (1968).
  16. Scorpion urpekuntzi nuklear estatubatuarrak Azoreetatik HM-ra hondoratu eta eztanda egin zuen. Haren erreaktore nuklearrak 1.295.000 gigabecquereleko aktibitate erradioaktiboa zuen (1968-V).
  17. Nimbus B-1 satelite nuklear estatubatuarra 100 m-ko sakonerara erori zen Santa Barbara inguruan. Berreskuratu egin zuten (1968-V).
  18. Arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat Napoliko badian hondoratu zen (1970-I).
  19. Apollo misio espazial estatubatuarraren sorgailu nuklear bat Fiji irletatik hegoaldera erori eta 6.000 m-ko sakoneran hondoratu zen. 1.650.000 gigabecquereleko aktibitatea zuen (1970-IV).
  20. Lau arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat Atlantiar Ozeanoaren IE-an galdu zen (1970-IV).
  21. Propultsio nuklearreko Mutsu kargauntzi japoniarrak, egitura-akatsak eraginda, neutroi-ihesa izan zuen Japonia ondoan (1974-IX).
  22. Arma nuklearrez hornitutako Kashin Klass gerrauntzi sobietarra Itsaso Beltzean galdu zen (1974-IX).
  23. F-14 ehizegazkin estatubatuar batek Phoenix misil bat galdu zuen Eskoziako kostaldearen ondoan (1976-IX).
  24. Sheffield destruktore britainiarra hondoratu egin zuen Argentinako itsas armadak Malvinetako gerran. Britainiarrek diotenez, ez zeraman arma nuklearrik, baina hasieran kontrakoa esan zuten (1982-V).
  25. Kosmos-1402 satelite nuklear sobietarra Brasilgo kostaldetik 1.600 km-ra erori zen. 1.000.000 gigabecquereleko aktibitatea zuen (1983-II).
  26. Zortzi arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat Kamtxatka inguruan galdu zen (1983-VI).
  27. 30 tona uranio hexafluoruro zeramatzan Mont-Louis kargauntzi frantsesak talka egin zuen autoak zeramatzan ferry britainiar batekin Ipar itsasoan. Karga handik bi hilabetera berreskuratu zen (1984-VIII).
  28. Resolution urpekuntzi britainiarrak Polaris misil bat galdu zuen Floridako kostaldean. Britainiarrek diotenez, misilak ez zuen buru nuklearrik (1985-V).
  29. Kruzero-misil estatubatuar bat Beaufort itsasoan galdu zen (1986-II).
  30. Arma nuklearrez hornitutako urpekuntzi sobietar bat 5.000 m-ra hondoratu zen Bermuda irletatik gertu (1986-X).
  31. 31 Komsomolets urpekuntzi nuklear sobietarrak su hartu zuen eta Norvegiako kostaldetik gertu hondoratu zen (1989-IV).

Birziklapena bera ere zikina

Erabilitako erregaiaren osagaiak bereizi eta berreskuratzean datza birziklapena. Hondakinak dauzkaten zorro metalikoak zizailatu egiten dira eta azido nitrikoa borborka daukan edukinontzi batera hondoratzen dira. Zenbait prozesu kimikoren ondoren, uranio eta plutonioa nitratoak sortuz disolbatzen dira. Orduan, disolbatzaile organiko bat erabiliz, nitratoak bereizi egiten dira beste fusio-hondakinetatik (hauek, erreakzio nuklearren azpiproduktu diren estrontzio 90 eta zesio 137 dira nagusiki).

Azkenik, bi nitratoak bereizi egiten dira: batetik plutonio(IV) oxidoa lortzen da eta uranio nitratoa bestetik. Bi produktu hauek berriro erregai nuklearra fabrikatzeko erabil daitezke. Fisio-hondakinak beiratu egiten dira eta altzairu herdoilgaitzezko edukinontzitan metatzen dira. Beiratutako hondakin horiek bost urteko epean gorde behar dira, “hoztu” arte. Ondoren, planta birziklatzailetik atera egiten dituzte.

Gainerako hondakinak, hau da, erabilitako erregaia zeukaten zorro metalikoak, hormigoiz estaltzen dira. Prozesuan zehar sortutako lohiak asfaltoz estaltzen dira. Hormigoi eta asfalto horietan bizitza luzeko erradioelementuak daude; batzuk ehundaka urtez erradioaktibo iraungo dutenak. Guzti horiek, beiratutako hondakinak bezala, lurpean sakon-sakon sartuko dituzte.

Birziklapenak sortzen duen azken hondakin-mota bat dago: zabor teknologikoa, hau da, birziklapenean erabilitako material eta tresna poluitu guztiak, hala nola erreminta, eskularru, zapata, etab. Guztiak ez dira aurrekoak bezain erradioaktiboak. Porlanez estali eta lorzoru gainean pila daitezke.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia