}

Zabor espaziala

2014/05/07 Itzalpean

zabor-espaziala
Gaur egungo Fengyun 1C satelitearen zaborra

Denok entzun dugu noizbait espazioan gero eta zabor gehiago dagoela. Egia da urte hauetan Lurraren orbitan dauden satelite artifizialen kopurua asko hazi dela, eta horrela jarraituz gero 50 urtetan satelite bat aireratzea ziurrenik ezinezkoa izango litzatekela. Hori dela eta, gaur egungo potentzia espazial handienak akordio batera iritsi dira. Lehenik, 25 urte baino gehiago daukan pieza ez-erabilgarri bat zabor espaziala dela adostu dute, eta denbora tarte horretan naturalki atmosferan birsartzen ez bada, pieza horrek erregaila izan beharko du maniobratzeko eta atmosferan birsartzeko, edo gutxienez maniobratzeko eta ahal den orbita baxuenean gelditzeko, atmosferaren higaduraren bidez birsartu dadin.

Orbita baxuan dauden sateliteak, 200 eta 1.000 km artean daudenak, atmosferaren higaduraren ondorioz, 25 urteko denbora tartean birsartzen dira. Arazoa da, gaur egun orbita baxuan (Low Earth Orbit) dauden sateliteen zenbakia oso handia dela, konkretuki 12.726 pieza (artikulua idazten ari naizen momentuan). Talka bat gertatzeko probabilitate handiak daude. Eta talka hori gertatuz gero, Estazio Espazial Internazionala, beraren tripulazioa eta beste espaziontzi ez-tripulatu ugari arrisku larrian egongo lirateke. Gehiago esanda, urtero 7 aldiz baino gehiago maniobratu behar du Estazio Espazialak zabor zatiekin talka egitea edo gehiegi hurbiltzea ekiditeko. Maniobratzeko denborarik ez badago, astronautek Soyuz espaziontzietan sartu eta han itxaron behar dute hurbilketa maximoaren momentua pasa arte.

Orbita baxuko 12.726 piezen gehiengoaren jatorriak bi dira: txinatarren ASAT proba, eta Kosmos 2251-ren eta Iridium 33-ren arteko talka.

2007ko urtarrilaren 11an, txinatarrek misil bat jaurti zuten beraien Fengyun 1C satelite meteorologiko apurtuaren aurka. Satelitea 3.393 zati handitan apurtu zen (golf-pilota bat baino handiagoak). Estimazioek esaten dute zentimetro bat baino handiagoko piezak 150.000 baino gehiago direla, baina ezin dira ez kontatu ezta jarraitu ere, txikiegiak direlako. Gaur egun bataz-beste 3 egunetik behin Fengyun 1Cko pieza bat birsartzen da atmosferan, gutxi gorabehera. Golf-pilota bat baino tamaina handiagoko 2.803 pieza gelditzen dira orbitan oraindik. Iragarpenek esaten dute 3.100 bat aldiz pasa direla beste satelite baten 5 km edo gutxiagoko distantziara, zabor gehiago sortzeko arriskuarekin.

2009ko otsailaren 10ean 584 metroko hurbilketa bat antzeman zen Kosmos 2251 satelite militar sobietarraren eta Iridium 33 komunikazio-satelite iparamerikarraren artean.

Kosmos 2251 eta Iridium 33ren gerturatze maximoa

 

 

 

 

 

 

Hurbilketa maximoaren momentuan Iridium 33 ixilik gelditu zen bapatean. Ordu batzuen ostean AEBko USPACECOMen bi zabor multzo berri zeudela esan zutenean, talka berretsita gelditu zen. Iridium 33a 598 piezatan eta Kosmos 2251a 1.603 piezatan apurtu ziren. Gaur, Iridium 33ren 390 eta Kosmos 2251ren 1.197 pieza gelditzen dira Lurraren orbitan, oraindik.

Kosmos 2251 eta Iridium 33tik gelditzen diren zabor zatiak

Beste gertaera batzuek ere zabor-pieza ugari sortu dituzte:

-Briz-M etaparen leherketa (orbitan): 82 zati

-Pegasus suziriaren leherketa (orbitan): 713 zati

-Titan 3C Transtage leherketa (orbitan): 142 zati

Guztira 9.963 pieza daude leherketa, zati-banaketa eta talken artean sortuak.

Satelite geoegonkor edo geosinkronoak 35.750 km-ko altitudean daude, eta altitude hain handia izanda, ezinezkoa litzateke atmosferan birsartzea 25 urte pasa eta gero, erregailu kantitate oso handia behar delako horretarako. Hori ekiditeko, “graveyard” edo hilerri-orbitara bidali beharko dituzte satelite geoegonkor zaharrak, legez. Orbita hori orbita geoegonkorra baino 100 km altuago dago, eta ez du inolako funtzio erabilgarririk. Horregatik, han ez dute gehiegi molestatzen.

GEO “eraztuna”, eta hilerri-orbitan dauden satelite batzuk

Orbita geoegonkorra suziri-etapaz ez betetzeko, suziriek GTO orbitan (Geo Transfer orbit) utzi behar dituzte GEO sateliteak, eta gero haiek autonomoki maniobratu behar dute orbita geoegonkorrera iristeko. Hori dela eta, GTO orbita suziriz, etapaz, tankez eta egokigailuz beteta dago. Zabor hori oso zaila da kentzeko, eta orbita baxua eta erdiko orbita zeharkatzen dituzte, GPS sateliteen eta orbita baxuko sateliteen orbitak, hain zuzen ere. Birsartze naturala gertatzeko, 25 urte edo gehiago behar dituzte normalki. Orbitaren apogeoa pixkanaka jaisten da perigeoan atmosferaren higadura pairatzen dutelako. Apogeoa orbita baxura iristen denean birsartzen dira normalean. Arazo hauek direla eta, nahiko permisiboak dira enpresa eta agentzia espazialekin gaur egun zabor mota honi dagokionez.

Gaur egun, AEBko USPACECOMa eta afizionatuek katalogatua dauzkaten satelite kopurura 15.857 da. Azken kalkuluen arabera, 1.168 funtzionamenduan dauden sateliteak dira. 14.689 zabor pieza katalogatu daude, beraz, eta kalkulu batzuen arabera milioi bat eta erdi baino gehiago egon litezke zentimetro bat baino handiagoak.

Eguneko edozein momentuan gure zeruan daukagun satelite-kopurua, kolore more, urdin, gris, edo berdearekin irudikatuak.

Kesslerren sindromea izeneko fenomenoa gertatzea saihestu nahi da. Ekuazioak dioenez, zabor-pieza batek satelite bat jo eta zabor gehiago sortuko luke, eta azken zabor horrek satelite gehiago jo, eta gero eta zabor gehiago (esponentzialki) sortuko litzateke, Lurraren hainbat orbita erabilezinak bihurtzera arte.

 

Informazio gehiago:

Satobs.org

Celestrak.com

“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du”

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia