54 ekarpen 54 egunetan

2014/06/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia

Apirilaren 28 abiatu zen #KZJaia2 suziria eta, ekainaren 20an lur hartu arte, kultura zientifikoaren espazioan ibili gara astroz astro. Izarrak, asteroideak, sateliteak… geldialdi bakoitza ikasteko eta kultura zientifikoa zabaltzeko baliatu dugu, duela sei hilabete lehenengo jaialdiarekin hasitako bideari jarraiki. Bidaiak iraun duen 54 egunetan 54 ekarpen jaso ditugu.

--> #KZJaia2ko 54 ekarpenenen bilduma

Ezin esan lehen jaialdi hartako erritmo frenetikoari eutsi diogunik, orduan 83 egunetan 120 ekarpen egin baitziren (batez beste, eguneko 1,4). Baina egunean bat egitea ere ez dago batere gaizki. Eta argi gelditu da, hasierako karra pasa ondoren ere, egitasmoak sendo jarraitzen duela eta kultura zientifikoa hedatzearen alde lan egiteko gogoari tinko eusten diogula.

Ia ekarpen guztiak lanegunetan argitaratu dira, batez ere asteko lehen hiru egunetan, eta horien artean astearteak izan dira gogokoenak. Ia denak testuak izan dira, irudiz lagunduak, normalean; baina izan dira argazki-galeriak, bideoak eta audioak ere. Gaiei dagokionez, berriz, askotarikoak izan dira, artetik hasi eta zientziaren historiara arte; 20 jakintza-arlo guztira. Horien artean nagusi izan da, nabarmen, Biologia (11 ekarpen), eta haren atzetik Fisika (6) eta Medikuntza eta Osasuna (5). Horretan, 1. jaialdiko joera bera mantendu da.

Guztira 35 egilek parte hartu dute jaialdian. Horietatik 20k ekarpen bana egin dute, eta beste 15ek bat baino gehiago. Azpimarratzekoa da Koldo Garcia Etxebarriaren lana: berak inauguratu zuen jaialdia, eta 10 ekarpen egin ditu. Bidaia honetako espazio-esploratzaile onenaren domina beretzat!

Parte-hartzaileen artean denetarik izan dugu, ikasle gazteak, irakasleak, ikertzaileak… Ikasleen artean gazteenak DBHko 4. mailakoak izan dira, eta horiez gain Batxilergokoek eta Unibertsitatekoek parte hartu dute. Profesionalak ere hainbat alorretakoak izan dira:  kazetariak, zientzia-dibulgatzaileak, hizkuntzalariak, biologoak, kimikariak… 

Ekarpenak 17 gunetan argitaratu dira. Kasu honetan, gune gehienek hainbat ekarpen jaso dituzte, eta aipatzekoak dira Edonola eta Zientzia Kaiera blogak, hamarna ekarpen egin baitituzte. Eta aipamen berezia  Galtzadaberri blogari ere; izan ere, ekitaldi honen aitzakian sortu zuten, 1. jaialdia hasi zenean, eta oraingoa ere tinko eutsi diote Donostiako San Ignazio Ikastetxeko ikasleek 4 ekarpen eginez.

Sare sozialak eta inpaktua

Kultura zientifikoaren jaialdiak inon indarrik badu, sare sozialetan du, dudarik gabe. Horixe da, hain zuzen ere, ekitaldi honen toki naturala. Ekarpen guztiak Twitter eta Facebook bidez zabaldu dira. KZJaia talde publikoan argitaratutako sarrera bakoitza 35 pertsonak ikusi dute, batez beste, eta Twitterren ia mila aldiz (965) txiokatu da #KZJaia2 traola bi hilabete hauetan.

Sare sozialetako mugimendu horrek ematen dio, seguru asko, oihartzun handiena ekimen honi. Eta horri esker betetzen dugu ondoen kultura zientifikoa hedatzeko helburua. Twittereko mugimenduaren ondorioz, Sustatu Interneteko Albistegiaren pilotu automatikoak 54 ekarpenetik 24 harrapatu ditu, % 44.

Bestalde, Twitterreko euskarazko jarduera neurtzen duen Umapen joerak aztertuta, ikus daiteke jaialdiak iraun duen 54 egunetatik 24tan euskaldunon artean gehien txiokatutako gaien artean egon zela. Hain zuzen, 15 egunetan 10 txiokatuenen artean egon zen, eta 6 egunetan 5 txikoatuenen artean. Rankingeko posturik onena ekarpen gehien (5) argitaratu ziren egunean lortu zen, maiatzaren 7an: 2. gairik txiokatuena izan zen.

#KZJaia2 suziria Lurrean da dagoeneko, eta harro esan dezakegu misioa ongi beteta bueltatu dela. Hogei jakintza-arlotako post, artikulu, audio edo bideo sareratu eta partekatu ditugu; 54 egunetan 54 ekarpen. Modu horretan, kultura zientifikoaren gaineko ezagutza, onespena eta interesa zabaldu ditugu Internet bidez. Kultura zientifikoa euskaraz jorratzen dihardugun eragileon elkarlana eta sarea indartu ditugu. Eta, batez ere, kultura zientifikoaz gozatu dugu.

Zientzia.net-entzat ohorea eta plazera izan da #KZJaia2 jaialdiaren anfitrioi izatea. Eta orain, gustu handiz pasako dio lekukoa #KZJaia3-ri. Baina horren berri uda ondoren izango dugu!

--> #KZJaia2ko 54 ekarpenenen bilduma

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia