}

Txantxiku I, Oñatitik estratosferara

2014/06/18 Manu Arregi Biziola

txantxiku-i-onatitik-estratosferara

2014ko ekainaren 14. Goizeko 11ak dira eta gutxi falta da jaurtiketarako. Dena ondo badoa, TXANTXIKU I misioa estratosferara igoko da gaur. Oñatiko ikastetxeetako 12 neska-mutikok parte hartu dute Oñatiko GaztelekuakIlatargi Astronomia Taldeak, Gasteizeko La otra mitad dibulgazio taldeak eta Bizkaiko Astronomia Elkarteak elkarlanen antolatutako ekintza honetan. Jende mordoa gerturatu da jaurtiketa ikusteko. Adin guztietako jende gaztea!!

Loiuko aireportuko kontrol-dorrearen OK-a jaso ondoren, hor doa zunda, azkar batean, 11h38m-tan. Abiadura 5 m/s-koa da. Oñatiko Errementari plazan gaude. Ez dabil apenas haizerik eta txantxikuak notarekin gainditzen du lehenengo froga: Aizkorriko mendilerroa zeharkatzea. 11h52tan Arantzazutik 400 m-tara pasa zen, baina 3.973 mko altueran. Lizarraruntz zihoan, nahiko zuzen. N1 nazionala zeharkatu zuenean, Zalduondotik hegoaldera, altuera 9.892 m-koa zen eta norabidea hego-ekialdekoa.

Nafarroako Antzin herritik 2 km ingurura galdu genuen GPSaren kontaktua. 12h36ak ziren (abiatu zenetik ia ordu betera) eta altitudea 18.235m-koa. GPS kontaktua berreskuratu zenean 13h29ak ziren eta 18.277 m-ko altuera markatzen zigun. Izkitik 2 km-tara zegoen, izen bereko Arabako natura parkearen erdialdean. Goi atmosferako "txorroko" korronteek izugarri desplazatu zuten mendebaldera, nahiko zuzen. Kantabria mendi lerroa Meano ingurutik zeharkatu zuen. 13h40ak ziren eta altuera 9.200 m. Parakaidasak motel-motel ekarri zuen lurrera txantxikua eta zunda, Bianatik 1 km, mahasti batera. Hau da GPSko datuek markatzen diguten ibilbidea. Etena, zunda 18.000 m-tik gora zegoenean GPSak kontaktua galdu zuelako. Mendebaldera egindako desplazamenduarekin nahiko bat dator.

Lurreratzea 14:00tan izan zen. Hegalaldiak, guztira 2h22min iraun zuen. 1h40m gora eta 40 minutu inguru jaitsiera. Datu definitiboa ez izan arren, zunda 35 000 m-tatik gora ibili zela uste dugu. Globoa gorantz zihoan heinean, presioa jaisten denez, puzten joan zen. Hasierako 2 metrotako diametrotik 10era pasa zen. Une horretan globoak eztanda egiten du eta jaisten hasten da. Oso azkar hasiera batean, atmosfera oso arina delako altuera horretan eta ez da nahikoa parakaidasa zabaltzeko. Behera datorren heinean atmosferaren dentsitateak gora egiten du eta, azkenik, nahikoa da parakaidasak bere lana egiteko. Harrigarria bada ere, gure txantxikua oso osorik lurreratu da Bianan. Beheranzko bidaian ikurriña galduko zuela uste genuen. Baina ez. Ondo eutsi dio txantxikuak gure ikur maiteari!! Eta beste gauza harrigarri bat: goizean egindako gure aurreikuspenek esandako tokian lurreratu zen. Biana markatzen zigun eta Bianan hartu zuen lurra. Ze handia den Zientzia!!

Bianako igerilekuetako kanpoaldean bazkaldu ondoren, zunda zabaldu eta emaitzak ikusteko unea zen. Grabatu al zuen zerbait txantxikuari begira zegoen GoPro kamerak? Bai horixe!! Ze poz eta algara lehenengo irudiak ikusi genituenean. Txikiak izan arren, kalitate izugarria ematen dute kamera hauek. Harrigarria txantxikua ia 36.000 m-tara ikustea, gure Lur maitea behean zuelarik.

Hemen misioaren laburpen bideo bat. Azkar batean editatu du La otra mitad taldeko Julio Correderak. Muntaketa definitiboa udan zehar egingo du. Bideo ugari eta milaka argazki ditugu. Lana izango du Juliok. Lan polita.

Misioak izan duen deigarriena irudiak izan arren, zientzia-misioa zen berez. Tenperatura eta presioa neurtu ditugu. Eta, horrez gain, Bizkaiko Astronomia Elkartekoek izpi kosmikoak detektatzeko aparatu bat sartu zuten. Eta ondo funtzionatu duela dirudi. Datu mordoa ditugu, patxadaz aztertu beharko direnak.

Misio osoaren amaierako bideoa nolakoa izango den irudikatzeko, hemen duzue 2013ko ekainean La otra mitadekoek antolatutako HAZIAK I, proiektuaren bideoa. Ederra benetan!

Haziak 1 from laotramitad on Vimeo.

Dena den Txantxiku I misioaren alderik ederrena ez da emaitza izan. Ederrena Oñatiko GaztelekuaIlatargi Astronomia Taldea, Gasteizeko La otra mitad dibulgazio taldea eta Bizkaiko Astronomia Elkartea -ren arteko elkar lana izan da. Zoragarriak zarete guztiak!!

 

"Sarrera honek #Kultura Zientifikoa 2. Jaialdian parte hartzen du"