}

Van Allen, James Alfred

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1914- )

Fisikari estatubatuarra Iowa-ko Mount Pleasant-en jaio zen 1914an. Bere jaioterriko unibertsitatera joan zen eta bertan lizentziatu zen 1935ean. Ordurako ikerketa gogoko zuela nabaria zen. Ikasle zen artean izpi kosmikoei buruzko lehen neurketak egin zituenean. 1939an doktoratu zen eta geroztik Iowa-ko Unibertsitateko fisika-saileko burua izan da.

Bigarren Mundu Gerran irratiz gidatutako hurbilpen-sistema berria diseinatu zuen. Bere asmakizunak irrati-uhinak igorriz erasotu nahi den objektua lokalizatzea erraztu zuen. Objektu horretara hurbiltzen den neurrian, lokalizaziotik erasora pasa daiteke arma berria. Lehergailuen kasuan esaterako, ohiko armen eraginkortasuna handiagotu egin zuen Van Allenen sistema berriak. Lan praktikoan trebatu zen garai horretan. Zeregin horietan miniaturizazioak duen garrantziaz ohartu zen. Tresna elektriko txikiak lortzeko modua eskaintzea bere ikerketen xede nagusi egin zuen.

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Van Allenek Alemaniako Armadak erabilitako V-2 koheteak ezagutzeko aukera izan zuen. Ezagutu ezezik, bere ikerketak egiteko ere erabili zituen. Izpi kosmikoen intentsitatea neurtu nahi zuen Van Allenek eta berak diseinaturiko tresneri miniaturizatua sartu zuen V-2 kohetetan. Ikerketa-proiektu horren lehen emaitzak jaso zirenean, Van Allen ez zen erabat ados geratu. Izpi kosmikoen erradiazioa oso altua zela atzeman zuten bere neurgailuek, baina maila batetik aurrera ez zuten ezer adierazten. Urte asko egin zituen Van Allenek neurgailuen diseinua biribiltzeko eta 1958an "Explorer IV" satelitea jaurti zutenean lortu zuen bere ametsa. Espazioan zegoen erradiazio-maila ordura arte uste zena baino askoz handiagoa zela postulatu zuen Van Allenek. Bestalde, Lurraren magnetismo-eremuaren inguruan gerriko-antzeko egiturak sortzen direla ikusi zuen eta magnetosferaren azterketa oinarri horietan finkatu beharra zegoela esan zuen. Gaur egun Van Allenen gerrikoak esaten zaie erradiazio-egitura horiei bere aurkitzailearen omenez.

Sateliteen jaurtiketarako lehen oinarriak Van Allenek berak jarri zituen bere ikerketetan koheteak eta globoak erabiltzen hasi zenean. 1955ean EEBBetako presidenteak iragarri zuen lehen jaurtiketa, baina Errusiako "Sputnik 1" aurreratu zitzaien. Van Allenek ez zuen sekula onartu bigarren geratu izana hasi berria zen satelite-lasterketa horretan. Vanguard egitasmoko buru izendatu zuten eta bere ingurura garaiko fisikaririk onenetako asko bildu zen. Zientzilarien artean zabal-du zen lehiakortasun-giro horrek makina bat ikerketa abiarazi zuen, geroago ikusi ahal izan denez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia