Uretatik hidrogenoa erauzteko teknologia merkatu dute

2020/03/10 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Terry Vlisidis / Unsplash

Uraren elektrolisia egiteko katalizatzaile merke bat garatu du AEBko ikertzaile-talde batek. Teknologia hori hidrogenoaren bitartez energia biltegiratzeko erabil daitekeela adierazi dute. Nature Energy aldizkarian eman dituzte prozesuaren inguruko xehetasunak.

Orain erabiltzen den teknologiarekin, protoien trukea ahalbidetzen duen mintzez osatutako katalizatzaileak erabiltzen dira uraren elektrolisia egiteko. Baina uraren molekulan lotuta agertzen diren oxigenoa eta hidrogenoa banatzeko azidotasun handiko egoera beharrezkoa da. Hori dela eta, platinoa eta iridioa bezalako metal preziatuak erabili behar dira katalizatzaile modura, eta horrek prozesua garestitzen du. Gainera, titaniozko xaflak erabili behar dira, prozesuaren ondorioz sortzen den korrosioari eutsi ahal izateko.

Orain garatu duten sisteman, berriz, truke anionikoa ahalbidetzen duen mintz bat baliatu dute, polimero eroale baten laguntzarekin. Horrekin, egoera alkalinoetan uraren elementuak banatzeko gai izan dira. Elektrolisia egin ahal izateko, metal preziatuak beharrean, nikela eta burdina erabili dituzte katalizatzaileetan. Azken hauek metal merkeagoak eta arruntagoak izanik, prozesua merkatu dute, laborategian bederen.

Ikertzaileek adierazi dute etorkizunean aurrerapen hau erabilgarria izan daitekeela energia biltegiratzeko. Izan ere, eguzki-energia edo energia eolikoaren bitartez eskuratzen den baina unean bertan kontsumitzen ez den argindarra uraren elektrolisia egiteko erabil daiteke. Modu horretan lortutako hidrogenoa gorde daiteke, momentuz garapen-fasean dagoen hidrogenoaren ekonomian erabiltzeko modukoa izan dadin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia