Urakanen sasoia heldu da
2001/06/04 Elhuyar Zientzia
Ostiralean, ekainaren 1ean, eman zitzaion ofizialki hasiera urakanen sasoiari. Aurtengo denboraldian 8-11 ekaitz tropikal, 5-7 urakan eta 2-3 urakan oso bortitz espero dira eta bakoitzak izango duen izena ere aurreikusita dago.
Urakanak 27 ºC-tik gorako tropikoetako itsasoetako uretan sortzen dira. Gune horien gaineko aire hezea kondentsatzean, ezegonkortasun atmosferikoak eraginda biraka hasten da, ipar-hemisferioan ordulariaren orratzen kontrako noranzkoan. Munduko urakan-gune nagusiak Atlantikoaren mendebaldea, Pazifikoa eta Indikoa dira, ia erabat 30º N eta 30º S paraleloen artean. Paralelo horietatik at ez da urakanik izaten, ez eta 5º N eta 5º S latitudeen artean ere.
Urakanak naturaren fenomenoak dira eta ezin dira saihestu, ez eragotzi. Gizakiak ezin du urakana desbideratu. Baina ondorioak, heriotzak batez ere, eta neurri batean baita kalte materialak ere, hain larriak ez izatea lortzea ez da zaila, baldin eta populazioa aldez aurretik eta behar den denboraz jakinaren gainean jartzen bada eta segurtasun-neurriak taxuzkoak badira. Horretarako, lehen-lehenik, urakana non sortuko den, nola higituko den eta nola jokatuko duen jakin behar da, haren jarraipena egin eta haren ibilbidea eta bilakaera iragarri egin behar dira. Horretan ari dira meteorologo eta zientzialari ugari.
Informazio gehiago:
http://www.nhc.noaa.gov/
http://www.cnn.com/WEATHER/hurricanes/
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia