}

Ultrasoinuak entzun ez, baina ikusi ...

2000/02/27 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Mundua soinuz beteta dago. Autoen bozinak, jaietako etxaferoek, auzoaren taladroak… atzera eragiten dute; beste asko, aldiz, gozagarri gertatzen dira: kilkirren doinu erritmikoak, belarri ondo-ondoan entzundako amodiozko hitz leunak, sentimentuz jotako biolinak…. Badira, hala ere, gizakiek entzun ezin dituzten soinuak: ultrasoinuak. Entzuten ez direnez nekez eragingo dute nazkarik edo gozamenik, baina uste baino erabilera hedatuagoa dute.

Zakurrek eta saguzaharrek, adibidez, ultrasoinu batzuk entzuteko gai dira, baina gizakiak ezer ez. Hala ere, gizakiak ikasi du entzun ezin diren soinu horiek etekina ateratzen.

Ultrasoinuak aspalditik ezagutzen dira. 20.000 hertz-etik gorako soinuak izaten dira, horregatik giza entzumenak ezin ditu atzeman. Ultrasoinuen portaera ohiko soinuen antzekoa da: ingurune batez baliatzen dira bidaiatzeko -airea, giza ehunak…-, abiada jakin batean mugitzen dira, uhin-gisako itxura izaten dute eta energia garraiatzen dute.

Horrelako soinuen aplikazioak ugariak dira. Izan ere, ultrasoinuak material ugari zeharkatzeko gai dira. Materialaren egituraren eta konposizioaren arabera, ultrasoinuen portaera aldatu egiten da. Erabilerarik ezagunetarikoa ehun biologikoen azterketa da. Horrelakoetan ultrasoinu-sorgailua -transduktorea- sonarra bezala erabiltzen da, eta uhinak pazienterantz bideratzen ditu. Jakina, uhinak gero islatu egiten dira, baina islapen hori uhinek bidean aurkitzen dituzten ehun-moten araberakoa izaten da. Islatzen diren uhinen azterketaren bidez, organismoaren barrualdeko irudiak lor daitezke. Beraz, ultrasoinuen erabileraren ondorioz medikuntzak informazio ugari lor dezake.

Ekografiak, esate batera, printzipio horretan oinarritzen dira, eta horregatik fetoen edo eta organo bigunen irudi egokiak ematen dituzte. Ultrasoinauk gorputzean sartu eta hedatzen diren heinean sortaraz dezaketen islak intentsitatea galtzen duenez, eraginkortasuna galtzen dute. Jakina, eraginkortasuna handitzeko, posible izango litzateke ultrasoinuen energia handitzea, baina muga baten barruan lan egiten da, bestela ultrasoinuek pazientearengan ondorio kaltegarriak ere eragin ditzakete eta.

Kasu batzuetan interesgarria izan daiteke maiztasun desberdineko ultrasoinuak erabiltzea. Soinuaren energiaren ondorioz, ehunetako molekulek dar-dar egiten dutenez, prozesu honetan beroa eta energia mekanikoa sortzen da. Horrela, aplikazioaren maiztasunaren arabera, ultrasoinuak diagnostikoak egiteko, mina leuntzeko, ehunak konpontzeko, eta ehunak suntsitzeko ere erabil daitezke.

Erabilera terapeutikoa duen ultrasoinu-tresnetan, frekuentzia handiko sorgailuak korronte elektrikoa sortzen du. Elektrizitatea kable baten bidez transduktorera iristen da. Transduktorearen buruan dagoen kristala, jasotzen duen elektrizitatearen arabera, hedatu edo kuzkurtu egin daiteke, eta modu bateko edo besteko uhin-soinuak sortzen ditu.

Ultrasoinuak zuzenean erabil daitezke azalaren gainean edo beste bitartekoren bat erabilita, ura adibidez. Lehen kasuan gelatina-itxurako substantzia erabiltzen da -zubi-lana egiteko-. Izan ere, horrela egingo ez balitz, azalak energia islatu ahal izango luke. Bigarren kasuan, urez betetako ontziak erabiltzen dira. Horrelakoetan ultrasoinuak zehaztasunez fokatzen dira, gorpua ukitu gabe, eta beste erabileraren bat izan dezakete, giltzurrunetako harriak suntzitzea adibidez.

Frekuentzia handiko soinu horiek ehun biologikoetan eragin bikoitza dute: batetik mekanismo termikoa dago -beroa-, uhinak zurgatzen duen energiaren emaitza; bestetik, aldiz, kabitazio-mekanismoa, barrunbeetan egon daitezkeen gasen edo likidoen presioa eta tenperatura igoarazten dituena; erresonantziak, alegia.

Horiek ez dira ultrasoinuek dituzten erabilera terapeutiko bakarrak. Duela urte batzuetatik hona, estetika-kontuetan ere erabiltzen dira. Osasun-kontuak alde batera, beste era bateko aplikazioak ere badituzte. Saguzaharrek inguruaren "mapa"k egiteko erabiltzen dituzte -burmuinak uhinen islaren interpretazioa egiten du eta bidean aurki ditzaketen trabak kokatzen ditu; ingeniariek, berriz, egitura metalikoen barruan egon daitezkeen pitzadurak aurkitzeko.

Materialen barrura sartzeko gai direnez, eta hortik informazio ugari lortzen denez, sektore askotan ultrasoinuak erabilera handiko tresna teknologikoa dira. Entzun ez dira entzungo, ez dute zarata handirik egingo, baina argi dagoenez ultrasoinuek gero eta eragin handiagoa dute eguneroko bizitzan.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia