UEU dela eta…

1997/05/01 Meñika, M. Karmen Iturria: Elhuyar aldizkaria

Luis Bandres Unanue

Ez da erraza ez, 1973ko euskal giroak bizi zuen egoera gaur egun azaltzea. Euskararekin zerikusia zuen guztia debekatuta ez zegoenean, mesprezatuta, baztertuta eta zapalduta zegoen, erakundeen aldetik, bereziki. Laguntzak edo subentzioak jasotea ametsetan ere ezin zitekeen pentsatu, partikularren baten ahalegin borondatetsua, baina, jakina, urria ez bazen behintzat Unibertsitateak bizi zuen egoerari dagokionez, Euskal Herrian ez zegoen unibertsitate publikorik; pribatuak bai, Nafarroakoa eta Deustukoa. Artean, eta gogoratzeko besterik ez bada, Gipuzkoan zeuden unibertsitate-ikastetxe publikoak (Peritu Eskola, Irakaskuntza Eskola eta Zuzenbidea, oker ez banago) Valladolideko Unibertsitatearen adarrak ziren, esate baterako. Eta antzera gainerako lurraldeetan ere.

ARGIA

Gutariko gutxi batzuk, 60.eko hamarkadan unibertsitatean ikasle ginelarik, euskararen gaiari heldu genion eta lehenengo urratsak egiten hasi ginen. Horrela, Donostiako Injinerutza Eskolan lagun batzuk geure kabuz euskara teknikoa eta beste zenbait gai lantzen hasi ginen. Bide horretatik segituz, 1968an Euskal Kultur Taldea (EKT) antolatu genuen eta horren bidez euskarazko eskolak (euskara irakasteko, noski, ikasgeletan euskara erabiltzea amets hutsa baitzen), euskal kultura eta euskara teknikoa, besteak beste, lantzen hasi ginen.

1972. urtean Injinerutza Eskolan titulatu berri batzuk eta karrerako azken urteetako ikasle-talde bat elkartu ginen, geroago Elhuyar izango zen taldearen lehen urratsak egiteko, hots, zientzia eta teknika euskaraz normaltasunez lantzeko. Horregatik, 1973ko uztailean Donibane Lohizunen, aurreko urtean Baionako euskal kulturaren astearen barruan egin ziren hitzaldien segida bezala, Udako Euskal Unibertsitatearen lehen ekitaldia antolatzeko asmotan zebiltzala jakin genuenean, inolako zalantzarik gabe gure taldeko batzuk bertan parte hartzea erabaki genuen.

Horrela, 1973ko txanda hartan bertan bildu ginen. Egituraz eta programaz eskas ginen, noski, baina gogoz eta asmoz beterik. Gaur egungo egiturarekin alderatuz, hura sailez osatutako zerbait antolatua baino, denok elkarrekin egindako mintegi-andana izan zen. Zenbat lagun elkartu ginen lehen txanda hartan? Ez dakit, baina oso gutxi izan ginela esan dezaket.

Pixkanaka-pixkanaka hasi ginen UEUn eta arian-arian jendea gehituz joan zen. Donibaneko “Maurice Ravel” institutua berehala geratu zitzaigun txiki; beste nonbait habia aurkitu behar eta Iparraldeko lagunak, Manex Goihenetxe bereziki, arduratu ziren horretaz, Uztaritzeko egoitza aurkitu arte. Bertan izandako txandak ahaztezinak dira niretzat: adiskide-giroan egindako klaseak, eztabaiden seriotasuna, atseden-orduetako alaitasuna... Urte horietan UEUk bere sailkako egitura hartu eta egokitu zuen.

UEUko zuzendari ohiak, "dinosauru" nagusiak. Ezkerretik hasita: Martin Orbe, Kepa Altonaga, Inaki Irazabalbeitia eta Baleren Bakaikoa.

Beraz, Hegoaldean frankismoaren hankapean geunden bitartean, Iparraldean aurkitu zuen UEUk bere kokalekua. Alabaina, partaide gehienak hegoaldetarrak ginenez, lortzen zen diru apurra batik bat Hegoaldean eskuratzen genuenez, UEUko partaideak gero eta gehiago zirenez eta Iparraldeko antolamendu-arduradunak gutxi zirenez, azkenik Hegoaldera pasatzea proposatu eta erabaki zen. Iruñeko Larraona egoitzara joan ginen. Geroagoko ibilbidea askoz ezagunagoa da eta ez noa hemen orain ezer esatera.

Orain dela 25 urteko hasiera hartan jakinduriaren esparru guztietan euskararen gaitasuna eta doitasuna orain baino askoz maila apalagoan zeuden. Nire ustez, UEUk izan duen merezimendurik handiena hauxe da: euskara jakintzaren tresna izan dadin landu beharra gu guztiongan txertatzea eta bultzatzea, hain zuzen. Horrela, urtearen sasoi mugatu batean hartzen genuen arnasak gero urtean zehar gure ohizko lanean (kasu askotan, enea barne, unibertsitatean), geure gaiak euskaraz lantzera bultzatzen gintuen. UEUtik pasatako batzuk gure gaiak euskaraz ematen hasi ginen hortik oso gutxira (nire kasuan, fisika Donostiako Kimika Fakultatean 1976an). Pixkanaka, Euskal Herriko Unibertsitatean ereindako hazia bere uzta ematen hasi zen eta euskaraz irakatsitako gaiak gero eta ugariagoak izaten hasi ziren une horretatik aurrera.

Nik beti UEU zerbait bultzagarri, lagungarri edo osagarri bezala ikusi izan dut: ez ohizko unibertsitateak ordezkatzeko, osatzeko baizik. Horregatik, ene iritziz, UEUren eta gure inguruko unibertsitateen arteko nolabaiteko loturak edo erlazioak areagotu egin behar dira, azken batean UEUren “bezero” gehienak, nola edo hala, beste unibertsitate horietakoren batekin uztartuta gaude eta.

Bukatzeko, orain arte ere argi eta garbi eduki eta esan izan dudan iritzi bat berriro plazaratu nahi dut: UEUk desagertze aldera jo beharko luke, baldin eta beste unibertsitateetan gaiak normaltasun osoz euskaraz eskainiko balira; baina hori gertatzen ez den bitartean...