}

Tximinoa eta gizakia: non dago ezberdintasuna?

2002/04/12 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Orain dela urte batzuk gizakiaren eta txinpantzearen genomak aztertu eta % 98,7an berdinak garela ondorioztatu zuten zientzialariek. Hain antzekotasun handia izanik, nola da posible hain animalia ezberdinak izatea?
Txinpantzearen eta gizakiaren arteko ezberdintasun handiena garunean dago.

Galdera hori oinarritzat hartuta, Leipzig-eko Antropologia Ebolutiboaren Max Planck Institutuko zientzialariek ikerketa abiarazi zuten orain dela urtebete. Geneak ez, baizik geneen adierazpenak aztertu dituzte gizakiaren, txinpantzearen eta rhesus makakoaren ehunetan.

Espero bezala, odolean eta gibelean antzeko adierazpen-maila ikusi da gizakian eta txinpantzean, eta ezberdina makakoarenean. Garunean, aldiz, guztiz bestelakoak dira emaitzak. Txinpantzearen eta gizakiaren geneen adierazpenak oso ezberdinak omen dira. Zientzialarien esanean, horretan egon daiteke espezie bakoitzaren berezitasuna. Hau da, zerikusi handia duela geneak noiz, non eta nola aktibatzen diren espezieak
bereizterako orduan.

Ugaztun guztiek antzekotasun genetiko itzelak dituzte. Horregatik, garrantzitsua da gizakia txinpantzearen moduko ahaide hurbilekin konparatzea, horiekiko dituen ezberdintasunek esango baitigute zein ezaugarri diren bereziki gizakiari dagozkionak.

Baina ezberdintasun genetikoak norainokoak diren jakiteko, txinpantzearen buruan zer gertatzen den ere jakin beharra dago. Jakina da lengoaia primitibo bat eta ikasteko gaitasun minimoa badutela, baina txinpantzeak zein pentsamendu-mota izan ditzakeen ezin da oraindik jakin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia