Kobazuloetako labar-irudietan errepikatzen diren asoziazioen arabera, bisonteak, zaldiak eta ahuntzak konposizioen erdigunean ageri dira, eta bestelako animaliak inguruan. Zaldiak eskuinera begira irudikatu ohi zituzten, eta beste animaliak normalean ezkerrera begira. Emaitzak Journal of Archaeological Method and Theory aldizkarian argitaratu dira.
Iñaki Intxaurbe EHUko Adierazpen Grafikoa eta Ingeniaritzako Proiektuak Saileko ikertzaileak azaldu du, azterketa hori egiteko, Euskal Herriko bederatzi kobazulotako 500 motibo grafiko aztertu zituela, duela 16.000 eta 14.000 urte marraztuak. Marrazki horien kopia digitalak egin eta gero, simulazioak eta analisi estatistikoak egiteko erabili zituen. Ikusi nahi zuen ea irudi horiek ausaz marraztu ote ziren edo nolabaiteko patroi bat jarraitzen ote zuten.
Emaitzek erakutsi dute kobazulo barneko artea era ordenatu batean egin zela, eta ez ausaz. Animalia batzuk erdialdean kokatzen ziren, eta beste batzuk, berriz, horien bueltan. Bisonteak, zaldiak eta ahuntzak ziren animalia nagusiak, eta horiekin patroi estruktural bat jarraitzen zuten marrazkien egileek. Estatistikak iradokitzen du kobazulo osoko irudi guztiak hiru animalia horien agerpen eta orientazioaren arabera antolatzen zituztela.
Orain badakigu Paleolito bukaerako labar-arteak egitura sintaktiko bat zuela, eta atzean badagoela ideia grafiko bat edo kode grafiko bat, guk ulertzen ez duguna baina haientzat garrantzitsua izango zena.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



