}

Txikia baino txikiagoa

2000/06/13 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Ingeniaritzaren gaurko joeretako bat molekulen tamainako teknologia egitea da. Izan ere, mikroelektronika txiki bihurtu zuena aurki handia gertatuko da

Gizarte teknologiko honek gero eta teknologia txikiagoa eskatzen du. Ordenagailu eta telefonoen garapena ikusi besterik ez dago. Asko ordainduz gero, merkatuan bi zentimetroko lodiera duten esku ordenagailuak eros litezke. Ohitzen hasiak gara. Hala eta guztiz ere, horrek dituen inplikazio teknologikoak aztertzean, benetan harrigarria suertatzen da. Dena den, horrelako tresneriak ez du teknologiarik txikiena behar. Nanoteknologia oraindik txikiagoa da.

Enpresa handienen aukera

«IBM enpresa diru asko sartzen ari da nanoteknologia garatzeko», dio Enrike Ortega EHUko irakasleak. «Enpresaren New Yorkeko egoitzan lan egin nuen, eta denok egiten genuen horren inguruko ikerketa». Duela gutxi IBMk esperimentu ospetsua plazaratu zuen. Atomoen bidez, enpresaren izena idatzi zuen, tamaina nanoskopikoan. Hala ere, hura publikoa liluratzeko erausketa besterik ez zen izan. Baina aplikazioak harrigarriagoak izan daitezke oraindik.

Ortega Fisikako irakaslea da Donostiako Arkitektura Eskolan, baina Kimika Fakultatean egingo ditu bere ikerketa lanak, Etxenikeren taldearekin. «Etxenikeren ikerketa teorikoaren osagarri esperimentala jarriko dugu martxan». Oraindik antolaketa lanetan dago. Izan ere, laborategia Donosti International Phisics Center (DIPC) ireki berriaren beste eraikin batean kokatuko dute. Lan tresna nagusiaren zain daude Ortegaren lankideak: tunel efektuko mikroskopia (STM, Scanning Tunneling Microscope). Une honetan STMa iristeko zain daude.

Baina, zer da nanoteknologia? Atomoen eta molekulen tamainan egindako egitura teknologikoak dira. Beraz, oraindik erabiltzen den teknologia gehiena mikroteknologia baizik ez da. Ideiak badaude zirkuitu horiek nanoteknologia bihurtzeko, baina oraingoz oso aplikazio zehatzak eta puntualak garatu dira. Adibidez, IBM ordenagailuen disko gogorretan puntualki erabiltzen da. Zaila da. «Mikroelektronikak gauza txikiak egiten ditu, baina betiko fisika erabilita. Maila atomikora iristen zarenean, fisika kuantikoak agintzen du». Baina horrek ez du inolako eragozpenik ekartzen. Alderantziz. Horrek propietate berriak ditu.

Esan daiteke nanoteknologia esploratze fasean dagoela. Dena den, potentzial handia dago. Aipagarria da hainbat apikazio ez dela garatu, fabrikatze prozesuan behar diren tresnak oraindik garestiak direlako. Baina telefonoetan, esaterako, nanoteknologia erabiltzen ari da dagoeneko. Hiru joera nagusiak gaur egun spin balbula, maiztasun handiko trantsistoreak (silizio-germanio multigeruzak) eta egoera solidoko laserrak dira.

Estatu Batuetako aurrekotuan diru kopuru libre bat dago eta azkenaldian nanoteknologia programan inbertitzeko erabili da neurri batean. Zehazki, 500 milioi dolar sartu dira, baina aurki inbertsio hori bikoiztuko dute. Zientzialari adituek «panela» egin dute; presidenteari erakusteko txostena, alegia. Bertan nanoteknologiaren egungo egoera eta etorkizuna aztertu dira. Txostenaren ondorioz, programa asko jarri dira martxan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia