Txatbot neuronalek euskaraz jakingo dute

2020/05/21 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Epe laburrean txatbotekin euskaraz komunikatzeko erronka dute Elhuyarreko ikertzaileek esku artean, eta dagoeneko argitaratu dituzte lehenengo emaitzak.

Elkarrizketa-agente birtualak dira txatbotak, pertsonekin bere hizkuntza naturalean komunikatzeko gai direnak. Txatbotaren funtsa honako hau da: erabiltzaileak idatzitakoa (edo esandakoa) ulertu, eta ulertutakoari dagokion eragiketa egin eta erantzuna ematea. Gaur egun, hainbat eremutan erabiltzen ari dira; adibidez, jatetxe batean erreserbak egiteko, etxetresna elektrikoak kudeatzeko edo bankuko eragiketak egiteko. Horrelako txatbotek tramiteak egiten laguntzen diete erabiltzaileei, gizakien arteko elkarrizketa baten moduko interakzio baten bidez.

Txatboten erabilerak gora egitea aurreikusten da, eta datozen urteotan gero eta eremu gehiagotara zabaltzea espero da. Hortaz, baliteke etorkizun hurbilean gure eguneroko bizitzako beste osagai bat bilakatzea. Zoritxarrez, txatboten alorrean sortzen ari den teknologia eta egiten ari den ikerkuntza hizkuntza nagusiei begira dago, eta kanpora uzten dituzte euskara eta antzeko hizkuntza txikiak. Hori dela eta, Elhuyarreko I+Gko taldeak euskarazko txatboten teknologia sortzea helburu duen ikerketa-ildo bat jarri zuen abian 2019an.

Lehenengo ikerketa-lanak aginduak betetzeko euskarazko txatbot neuronalak (Task oriented chatbots) sortzera bideratu ditu Elhuyarreko I+Gko taldeak, horrelako txatbotak entrenatzeko hizkuntza nagusietako entrenamendu-datuak soilik erabilita (ingelesa eta gaztelania). Ikerketa-lan horien lehenengo emaitza argitaratu berri da, LREC 2020 (Language Resources and Evaluation Conference) nazioarteko biltzarrean onartu baitute horri buruzko artikulua. Helbide hauetan irakur daiteke:

http://www.lrec-conf.org/proceedings/lrec2020/pdf/2020.lrec-1.340.pdf

http://www.lrec-conf.org/proceedings/lrec2020/index.html

Hemendik aurrera hain ugariak izango diren txabotekin euskaldunok euskaraz komunikatu ahal izateko erronka horretan, ekarpen esanguratsu gehiago egiten jarraituko du Elhuyarreko I+Gko taldeak.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia