Elhuyar zientziaren komunikazioa

Transgenikoen matazatik tiraka

2009/05/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Transgenikoen matazak hari asko ditu: nekazaritzarekin zerikusia dutenak, politikarekin, ekonomiarekin, gizartearekin, zientzia-ikerketekin... Eta, gainera, nahiko nahasiak daude. Mataza askatu nahian, hariei tiraka jarri ditugu Leire Escajedo zuzenbide-irakaslea eta Jose Ram n Maule n soziologoa. Poliki-poliki, luze eta pazientzia handiz, aritu dira biak ere.

Transgenikoen matazatik tiraka
2009/05/01 | Galarraga Aiestaran, Ana | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
ISAAA erakundearen arabera, transgenikoen lehen landaketak 1996an hasi ziren, eta, 13 urte geroago, sojaren % 70 eta artoaren % 24 transgenikoa da. Zein da hainbeste hedatu izanaren arrazoia?

(Argazkia: Jill Battaglia/123RF.)

Leire Escajedo: Bai, landaketa komertzialak 1996an hasi ziren, baina ez-komertzialak dezente lehenago. Eta zergatik hedatu diren hain azkar eta hainbeste? Bada, nik uste dut abantaila nabariak dituztelako hedatu direla hedatu diren lekuetan, kontuan izan behar baita ez direla denean zabaldu, baizik eta herrialde gutxi batzuetan kontzentratu direla. Makroekoizleak deitzen zaie, eta haientzat abantaila nabarmenak dituzten barietateak bakarrik landatzen dituzte, bereziki, herbizidekiko toleranteak edo intsektuekiko erresistenteak direnak. Oso esanguratsua da: ekoizleetako asko hirugarren mundukoak izanda, lehen mundurako lehengaiak sortzera bideratuta daude.

Jose Ram n Maule n: Hain zuzen, hedapen hori merkataritza- eta ekoizpen-eredu globalizatu baten barruan gertatu da. Eredu horretan, herrialde batzuk beste batzuen hornitzaile dira. Adibidez, Argentinan ekoizten den soja AEBko ganadua bazkatzeko da. Eta globalizazio horrengatik izan ez balitz, teknologia hori ez zen garatuko. Arto estatubatuarra ere esportatzeko da.

Esportatzeko? Ez da haiek kontsumitzeko?

L.E.: Ez. Gainera, zati handi bat giza laguntza gisa banatzeko da. AEBk ematen du munduan banatzen den giza laguntzaren erdia, Europak baino askoz gehiago. Eta ez da dirutan izaten; janaria merke saltzean datza laguntza hori.

(Argazkia: Vasyl torous/123RF)

2000. urtearen inguruan egon zen susmoa AEBk Afrikan banatutako artoa transgenikoa ote zen, eta herrialde batzuek uko egin zioten laguntza horri. Gero, AEBk argi eta garbi esan zuen eskaintzen zuten janariaren % 100 transgenikoa zela. Garatze-bidean dauden herrialde askok ezin diote horri aurka egin, janari hori behar dutelako. Orduan, herrialde batzuek erabaki zuten bakarrik onartzea landatzeko modukoa ez zen gisan (irina eta halakoak), hazi transgenikoa ereiteko arriskua saihesteko.

J.R.M.: Oso kasu esanguratsua da, bai. Giza laguntzarako egiten den artoa AEBren motor ekonomikoetako bat da. Milioi bat lanpostu sortzen ditu AEBn; alegia, ez dute laguntzen eskuzabalak izateagatik, baizik eta interes ekonomikoa dutelako. Horrez gain, aipatu izan da gainerako herrialdeetan transgenikoak hedatzeko estrategia bat dela. Estrategia benetan maltzurra.

L.E.: Bioteknologiari buruzko ikerketa-proiektuak ere ordaindu dituzte Afrikako zenbait lekutan. Alabaina, bioteknologiaren aldeko araudi bat lortzeko enbrioiak dira proiektu horiek. Afrikan, ordea, ez dira transgenikoak ekoiztearen aldekoak, merkatu-kideak galduko dituzten beldur baitira. Egia esan, Europa beste gauza batzuetan oso solidarioa izan bada ere, horretan ez da batere eskuzabala izan, trazabilitatean hain zorrotza izanda, beste herrialde batzuei arazoak sortzen ari baita.

Indian eta Txinan, berriz, bertakoak ari dira garatzen proiektu bioteknologikoak, beren baliabideak erabilita. Afrikan ez da horrela, eta nabaria da AEBren oldarkortasuna han sartzeko. Dena den, ez dut uste AEBk beste gaietan erabiltzen duen estrategietatik oso bestelakoa denik; esaterako, ehun-merkatuari begiratzen badiogu, antzera jokatzen dutela ikusiko dugu.

Hortaz, alderdi asko nahasten dira transgenikoen auzian --gizarte-gaiak, politikoak, ekonomikoak...--, baina ez dira bereziki transgenikoenak bakarrik.

(Argazkia: ISAAA, 2009.)

L.E.: Hori da. Joserrak esan duen bezala, eredu ekonomikoa ez da bidezkoa. Orain, foku bat dago transgenikoen gainean, eta miseria asko ikusarazten dizkigute, baina ez dira haiek sortuak. Kafea, tabakoa, ehungintza... begiratzen baditugu, antzekoa ikusiko dugu.

J.R.M.: Ados, baina transgenikoekin koska bat gehiago estutzen da sistema. Adibidez, Latinoamerikak esportatzeko nekazaritzaren eredua du, eta herrialde horiek AEBrekiko duten mendekotasun-jarrera indartzen dute transgenikoek.

L.E.: Bai, beharbada elikagaiak estrategikoak direlako gertatzen da hori. Elikadura funtsezkoa da, eta, gainera, juxtu abereen eta pertsonen elikaduran garrantzi handia duten espezieekin dabiltza. Horrek kolokan jartzen du elikadura-burujabetza.

Leire Escajedo San Epifanio. Zuzenbidean lizentziatua eta doktorea da, eta Zuzenbidea eta Giza Genoma katedrako ikertzailea. Nazioarteko Bioetika Elkarteak (SIBIS) ikerkuntza-saria eman zion "Bioteknologiaren aurrerapen osasungarria eta jasangarria" liburuarengatik.
(Argazkia: Argazkipress)
Eta nola eragiten du nekazaritza-sektorean?

J.R.M.: Oso zaila da oro har hitz egitea. Nik artoa eta soja aztertu ditut bereziki, bi testuingurutan, Espainian eta Latinoamerikan. Adibidez, Argentinak egiten duen soja transgenikoa lehen munduko abereak bazkatzeko da. Horrek ekartzen du labore bakarreko nekazaritza egitea, lur-sail handietan, eta makinaria asko behar da herbizida botatzeko, uzta biltzeko... Alegia, ekoizpen-eredu bat baldintzatzen du. Hala, nekazaritza-ekoizpenaren eredua aldatzen ari da, eta, eredu berrian, ekoizle txikiak ez du lekurik. Hori ari da gertatzen, Argentinan ez ezik, baita Uruguain eta Paraguain ere, besteak beste. Hala, herrialde horietako arazo handienetako bat da jendea hirietara emigratzen ari dela, nekazaritza-lurretan jendea soberan dagoelako.

Maila politikoan, berriz, dagoeneko ikusten ari gara Argentinak laster janaria inportatu beharko duela. Dena soja transgenikoa egiteko erabiltzen duenez, ez dira jendea elikatzeko janariak egiten.

L.E.: Eta, gainera, janari elaboratuak inportatu beharko ditu, beste norbaitek egindakoak, eta horiek, noski, norberak egindakoak baino askoz garestiagoak izaten dira.

Jos Ram n Maule n G mez. Soziologian lizentziatua, EHUko irakaslea da. Elikaduraren eta nekazaritza-sistemaren soziologia dira haren ikerketa-gai nagusiak; besteak beste, Euskal Herriko ekonomian eta kulturan baserriak duen rola ikertu du.
Argazkipress

J.R.M.: Ez hori bakarrik. Argentina orain ondo dago, baina, hemendik urte batzuetara, Txinak adibidez soja merkeagoa egiten badu, Argentinaren negozioa hondoratu egingo da. Eta beste kontu bat: duten zerga-sistemagatik, sojaren negozioa ondo badoakizu eta argentinarra bazara, herrialdeak ez du onurarik jasotzen aberastasun horretatik. Niretzat hori oso garrantzitsua da politikoki.

Hain zuen, Leire, lehen aipatu duzu Txina ere ari dela ikertzen transgenikoetan.

L.E.: Beren barietateak lortzeko saiatzen ari dira, bai; Txinan bertan kontsumitzeko barietateak bilatzen dituzte, kanpokoen mendekotasunik ez izateko. Baina, noski, ehungintzan eta beste guztian bezala, gero saiatuko dira hedatzen eta mundu mailako ekoizle bihurtzen.

Hala ere, kontuan izan behar da Txinak populazio-arazo handia duela, asko baitira, eta herrialdearen eremu txiki batean bizi dira, beste lekuetan ezin delako erein edo ez dituztelako bizitzeko behar dituzten baliabideak. Hortaz, transgenikoei esker, etekin handiagoa atera nahi diote lurrari. Beste helburu batzuk ere badituzte, eta hortik jotzen dute beren bioteknologia-proiektuek. Esaten dute arrozarekin ari direla, baina arrozaren genoma oso konplexua da, eta nik dakidala ez dago aurrerapen esanguratsurik oraindik; beraz, ez dago arrazoirik pentsatzeko barietateren bat merkaturatuko dutela epe motzean. Edozein modutara, lehenik barne-arazoak konpontzera bideratu beharko ditu bere proiektuak, Txinan jendea gosez hiltzen ari baita, gobernuak ezkutatu egiten duen arren. Baina ezin da baztertu merkatuan parte hartzeko asmoa izango dutenik.

Europako eredua, berriz, aipatu ditugunetatik oso bestelakoa da, ezta?
AEBk giza laguntza gisa Afrikan eskaintzen duen janari guztia transgenikoa da. Nahiz eta hainbat herrialdek ez duten transgenikorik nahi, laguntza onartzera behartuta daude.
UNEP

J.R.M.: Hala da, bai. Nafarroan, esaterako, arto transgenikoa egiten dute, abereak bazkatzeko, eta nekazariek normaltasunez erabakitzen dute arto arrunta edo transgenikoa erein. Edonola ere, lehendik zegoen ekoizpen-eredua ez da aldatzen.

Herrialde batek transgenikoak ereiteko baimena emateko, zerk du pisu handiagoa, zuen ustez: zientzia-azterketen emaitzek, arrazoi ekonomikoek edo gizartearen iritziak?

L.E.: Erabakiak hartzeko garaian, bi pauso daude. Lehena zientzialariek egiten dute; azterketak egiten dituzte, eta hortik ondorioak ateratzen dituzte. Bigarren pausoan, txosten zientifikoak irakurtzen dituen norbait dago. Eta lehen pausotik bigarrenera salto izugarria dago, zientzialariek egiten dituzten azterketetan ez baitago alde handirik; erabakia hartzen dutenen artean, aldiz, alde izugarria dago batzuetatik besteetara.

Erabakian, eragin handia du herrialdearen egoera sozioekonomikoak: ekoizlea edo eroslea den, kontsumitzaileak zenbaterainoko garrantzia duen... Adibidez, Europan kontsumitzailearen iritzia errespetatzen den itxura eman nahi dute. Beste herrialde batzuetan, adibidez AEBn, merkatu-kideek kontsumitzaileak baino askoz ere garrantzi handiagoa dute.

ISAAA erakundeak egindako mapa, iazko datuetan oinarrituta. Bioteknologiak nekazaritzan dituen aplikazioez arduratzen da erakunde estatubatuar hori.
ISAAA, 2009.

J.R.M.: Dena den, nik uste dut guztiaren atzean oinarri ideologiko bat dagoela. Zientzialariak ez du ezerezetik ikertzen; norabide batean eta helburu batekin ikertzen du, eta hor ideologia dago. Eta berdin gertatzen da politikariekin. Adibidez, niri atentzio handia eman dit Espainia izatea arto transgeniko gehien egiten duen herrialdea Europan; eta Europako Batasunak bilera bat egin duenean nekazaritza ekologikoari buruz, nekazaritza ekologikoan berrikuntzak egiteko, ministro bakarra falta da: Espainiakoa.

L.E.: Baina eskumenak autonomikoak dira, neurri handi batean.

J.R.M.: Bilera hartara Espainiako ministroa zegoen gonbidatuta, eta ez zen joan, eta ez zion inori utzi bere lekua. Horrek garbi erakusten du atzean ideologia bat dagoela.

AEBren kasuan, berriz, barietate transgenikoak arruntekin parekatzeko erabakia hartu zuenean, FDA, elikagaiez eta sendagaiez arduratzen den erakundea, Monsantoren kontrolpean zegoen. Hain juxtu, Monsantorentzat lan egin zuen politikari batek hartu zuen erabakia. Ez da ahaztu behar teknologia hauek enpresa handi batek sortzen eta kudeatzen dituela, irabaziak ateratzeko. Eta gobernuaren babes osoa du.

Argentinan, erein daitezkeen lurren erdiak soja transgenikoak hartzen ditu. Hain zuzen, soja landatzeak nekazaritza-ekoizpenaren eredua aldatzea ekarri du, eta horren ondorioak nabarmenak dira politikan eta ekonomian.
Monsanto
Zer pentsatua ematen du.

J.R.M.: Bai. Eta batek pentsatzen duenean "hau dena zertarako da?", konturatzen da ez duela inolako zentzurik, abereak bazkatzeko baita, gure dietaren akats handienetako bat haragi gehiegi jatea izanda.

Atentzioa ematen duen beste gauza bat da Nafarroako nekazari askok arto transgenikoa ereiten dutela. Nekazari horiek, ordea, ez dira artotik bizi, diru-laguntzak jasotzen jarraitzeko egiten dute.

L.E.: Ni kezkatzen nauena da bioteknologia deabrutzea, eta ateak ixtea interesgarriak izan daitezkeen beste produktu batzuei. Nik uste dut bioteknologiak asko eskain dezakeela. Hain zuzen, ikertzen ari diren barietate batzuk oso interesgarriak dira, adibidez, osasun-arazo jakinak dituzten pertsonen dieta osatzeko. Alabaina, hainbeste eragozpen jartzen ari dira orain ekoizten diren barietateei... Noski, etekin handiena ematen dutenak egiten dira... Niri pena pixka bat ematen dit ez egotea lekurik bioteknologia beste norabide batean garatzeko.

J.R.M.: Niri, berriz, beste gauza batek ematen dit pena. Pena ematen dit gizateriak dituen arazoen irtenbidea ez etortzea beste berrikuntza batzuetatik, ez izatea berrikuntza autonomoago bat, merkatutik pasatzera behartuko ez gaituena. Izan ere, janariaz hitz egiten ari gara, eta egunean hainbat aldiz jatea oinarrizko eskubidea da, edo izan beharko luke. Horrek gure osasunean eragiten du, eta nik uste dut hori ez dela ondasun komertzial bat, besterik gabe. Bestelako irtenbideak bilatu behar dira.

Nafarroako artoaz
Nafarroan gero eta arto transgeniko gehiago ereiten dute. Zergatik aukeratzen dute nekazariek hazi-mota hori?
J.R.M.: Nafarroan Monsantoren MON810 arto-barietatea erabiltzen dute. Artoari kalte egiten dion intsektu batekiko, zulakariarekiko, erresistentea da. Hori ereitea aukeratzeko, eragile asko daude. Bat produktibitatea da. Berez, arto transgeniko horrek arruntak adina ematen du. Hori bai, zulakariarekiko erresistentea denez, zulakaria badago, azkenean emaitza hobea da. Baina, badago zulakaririk Nafarroan? 2003an izurri gogor bat izan zen, eta geroztik ez da izan; hala ere, gero eta transgeniko gehiago ereiten da. Zergatik? Nola erabakitzen du nekazaritzak zer hazi erein? Nik uste dut hor dagoela koska. Hor daude sen ona, aurreko urteetako esperientzia, ingurukoek esaten dutena...
L.E.: Zulakariarekiko beldurra...
Intsektizidetan aurreztuko dute, beharbada.
J.R.M.: Bai, baina hazi transgenikoa arrunta baino garestiagoa da. Horrenbestez, zulakaririk ez badago, ekonomikoki ez da hobea.
Orduan, nolatan dute nahiago transgenikoa?
L.E.: Agian lasaitasuna ematen die, hori subjektiboa da.
J.R.M.: Egia esan, ez dakit. Baina badakit zein diren eragileak: lehen aipatutako horiek daude, eta, gainera, hazia nori erosten dioten, eta hazi-saltzaileek egiten duten publizitatea, besteak beste.
(Argazkia: ArgazkiPRESS)
L.E.: Nik uste dut beste faktore bat dela ez dutela arazorik hazi transgenikoa saltzeko. Haragian ez dagoenez jarri beharrik nolako pentsua jan duen abereak, pentsurako arto transgenikoa erabiltzeak ez du ekartzen baztertua izatea.
Kontsumitzaileak ez du eskatzen ganaduak nolako pentsua jan duen adierazteko haragiaren etiketan?
L.E.: Ez. Une batzuetan egon da adierazi beharrekoen zerrendan, baina azkenean zerrendatik kanpo geratu da, laguntzaile teknologikoak bezalaxe. Ogia egiteko legamiak edo elikagaiak egiteko proportzio oso txikian erabiltzen diren beste laguntzaileak ez dira etiketan azaltzen.
Izatez, osagai transgeniko bat proportzio jakin batetik gora dagoenean bakarrik agertzen da etiketan, ezta?
L.E.: Hori da, % 0,9 baino gehiago dagoenean.
Eta administrazioak kontrol zorrotzak egiten ditu?
L.E.: Ez, ez ditu egiten, baina egiteko baliabiderik ere ez du. Detekzio-test gutxi daude, eta proteina jakin batzuk detektatzeko balio dute. Gainera, etiketan adierazi gabe produktuan transgeniko bat aurkituz gero ere, iruzurra izango litzateke, baina ez oso larria. Behintzat, Europan baimendutako barietateetako bat balitz, ez litzateke osasunaren aurkako delitua izango.
J.R.M.: Legeaz ari garenez, niretzat arazo larrienetako bat da ez dela legea betetzen, behintzat Nafarroan. Arto transgenikoa ereiten duenak bere sailaren ertzetan arto arrunta egin behar du, polinizazioa gertatzen denean ez dadin beste sailetara hedatu. Baina nekazari askok ez dute horrelakorik egiten, eta, egiten dutenetan ere, alferrik da, ziertzoak jotzen duenean polenak erraz gainditzen baitu segurtasuneko distantzia.

Horrenbestez, hor arazo bat dago: arrunta egin nahi duenaren erabakia ez da errespetatzen, ezin baita bermatu tartean ez duela transgenikorik izango. Are larriagoa da ekologikoa egin nahi duenaren kasua, ekologikoaren etiketa izateko ezin baitu batere transgenikorik eduki. Hortaz, bere ekoizpenean transgenikoa azalduz gero, galera ekonomikoa izango luke.

Elkarrizketa osoa PDF honetan aurkituko duzu . Elkarrizketa Eusko Jaurlaritzak Genetikoki Eraldatutako Organismoen, Ohikoen eta Ekologikoen Koexistentzia Arautzeko Dekretua onartu aurretik egin zen, baina gerora izan dugu horri buruz galdetzeko aukera.

Galarraga Aiestaran, Ana
3
253
2009
5
021
Nekazaritza; Bioteknologia; Ingurumena; Giza zientziak
Artikulua
34

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia