}

Telefono mugikorrak: arriskutsuak ote?

2001/01/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Telefono mugikorrak, mikrouhin-labeak, antena eta errepikagailuak… Uhin elektromagnetikoz inguratuak bizi gara. Eta zientzialariak erradiazio horrek gure osasunean eduki ditzaketen eraginen inguruan eztabaidatzen ari diren bitartean, medikuntzak ezinbesteko tresna bezala erabiltzen ditu, tratamendu eta diagnostikorako baliabide indartsuak baitira.

Telefono mugikorretik hitz egitean, gure buruak antenak askatzen edo igortzen duen energiaren parte bat xurgatzen du. Xurgatutako energia horrek gorputzeko ehunen berokuntza dakar hasieran, eta ondoren erantzun fisiologikoa eta termoregulatzailea gertatzen dira. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSICeko) Torres Quevedo Fisika Aplikatuko Institutuan ari den Mercedes Martinez Burdalo doktorearen iritzian, "estres kalorikoaren antzeko eraginak nabarituko genituzke, eta estres horrek gure gorputz-tenperatura igotzea dakar, zeregin fisiko edo baita mentalak eragozteraino".

Eremu elektromagnetiko hauek giza ehun biologikoekin eduki ditzaketen interakzioak aspalditik daude azterketa zientifikoen pean, erradiazio horien eragina neurtu eta muga batzuk ezartzeko asmotan. Orain arte aipatu izan da uhin horien esposizioak alterazioak ekar ditzakeela ehunetan, ur-eduki altukoehunetan batez ere, buruko minak, nekea eta kataratak (edo begi-lausoak) eragiteaz gain. Eta beste susmo edo zurrumurru batzuen arabera, uhin elektromagnetiko horiek gizonezkoen ugalkortasunean ere edukiko lukete eragina.

Dosi baxuak eta konklusio gutxi

Hala ere, CSICeko ikertzaileak dioenez, eguneroko bizimoduan erradiazio-dosiak baxuak omen dira, zientzialariek berorien eragin kaltegarri posibleen gaineko "lan koherente gutxi" dituen bitartean. Horregatik, ez dago emaitza kategorikorik minbizia zuzenean eragiten duten ala ez esan ahal izateko, dosi altuetan hartzen badira (erradiazio ionizatzaileekin, X izpiekin edo nuklearrekin gertatzen den bezala).

Puntu honetan, Osasunaren Munduko Erakundea ikerketa zientifikoak biltzen eta aztertzen ari da gaur egun, adituen arteko adostasun-falta horri amaiera emateko, eta ondoren iritzi publikoaren aurrean informazio-kanpaina serio bati ekiteko. Zeren eta Martinez Burdalo doktorearen iritziz, "alarma izugarria zabaldu da jendearen artean, telefoniako enpresak eta gobernuek segurtasuneko parametroak behar bezala erabili arren".

Baina hirietan antenak ugalduz doazen heinean, arreta eta neurri guztiak beharrezkoak dira, umeen kasuan batez ere, hauen ehunak ahulagoak eta sentiberagoak baitira, beren garuna eratze- edo osatze-bidean dago eta oraindik. Eta aditu honen gomendioa igorpen-iturrietatik zuhurtziazko distantzia batera egotea da, uhin honek giza ehunetan eduki dezaketen eragina finkatu bitartean.

Bi zentimetro mugikorretik burura

Telefono mugikorren kasuan, adibidez, nahikoa litzateke antena burutik bi bat zentimetro urruntzea, eta mikrouhin-labeei dagokienez, bestalde, metro bateko distantzia gordetzea ahal dela.

Etxe eta eraikin publikoetako terraza eta sabaietan kokatutako antena errepikagailuz hitz egitean, ordea, zorrotzagoa da Martinez Burdalo ikertzailea, eta bere ustez kontu berezia eduki behar da, zona horiek sentikortasun gehiagorekin aztertu behar direlako: ez lukete izan behar umeek jolaserako erabiltzen dituzten lekuak, ezta arropa lehortzeko ere. Bestalde, urrunago joanez, botere publikoek ere parte hartu beharko lukete puntu horretan, eta antenen inguruan erradiazioak kontrolatzeko neurketak ugaldu beharko lirateke, biztanle guztiak hezitzeko neurri bereziak hartzeaz gain (informazio-kanpainak, web orriak, eta gisa horretako neurriak).

Izan ere, eta datu biribil eta eztabaidaezinik ez dagoenez oraindik, mundu osoko herrialdeak gomendio-mailan mugitzen dira oraindik, ez baitago bete beharrezko derrigorrezko erradiazio-mugarik, erradiazio ionizatzaileen kasuan (nuklearren kasuan, adibidez) gertatzen den bezala.

Herrialde bakoitzak bere neurriak

Neurriak aldatu egiten dira herrialde batetik bestera. Horrela, Australian garai bateko neurri murriztatzaileetatik kontrol ez hain gogorretara pasatu diren bitartean, Ameriketako Estatu Batuetan neurriak eta mugak gogortu egin dira azken urteotan. "Ipar Amerikan etxetresna elektrikoek erradiazio-ihesik ba ote duten jakiteko detektagailuak saltzen dira dendetan, tresna horrek gomendatutako parametroen barruan mugitzen ote diren jakiteko", diosku ikertzaileak, betiere prekauzioa edo arreta ikerketa zientifikoak eman ditzakeen froga eta emaitza guztien aurretik doalako.
Gaur egun zientziak bide paralelo bi jarraitzen ditu: erradiazio hauen eragin kaltegarrien ikerketaren bidetik aurrera egin nahi du (erradiazio horiek gorputzeko hainbat substantzia toxikoren eragin kaltegarria gehituko lukete, hipotesi hori oraindik ere argitu gabe dagoen arren). Eta bestetik, uhin horiek eduki ditzaketen erabilera medikoetan saiatzen da, uhin ultrasonikoak baino zehatzagoak baitira irudi bidezko diagnostiko-metodo bezala, tumoreak tratatzeko tresna garrantzitsua izateaz gain.

Mugikorrek osasunean sor ditzaketen kalteak eragozteko neurriak

Zientzia eta Teknologia Ministerioak errege-dekretu bat argitaratuko du, Europako Batasunak telefono mugikorren igorpen erradioelektrikoen segurtasunaren alorrean emandako gomendioak bilduko dituena.

Ministerioko iturriek adierazi dutenez, dekretu horretan sareko azpiegiturek, eta zehazkiago esateko antena igorleek, bete beharreko gomendioak agertuko dira, antena horiek jendearengandik gorde beharreko distantziak ezartzeaz gain. Iturri horien arabera, gaur egun Espainian jartzen diren antenak betetzen omen dituzte Europako gomendioak, segurtasunari dagokionez.

Anna Birulés ministroaren hitzetan, oraingoz telefono mugikorrek osasunaren gain eduki ditzaketen eraginez ez dago ikerketa erabatekorik, "osagai teknologiko berri guztiekin gertatzen den bezala, urte batzuk pasa bitartean ez baitira ezagutzen inplikazio guztiak".

Telefonia mugikorreko konpainiak (Airtel eta Movistar, batik bat) ados agertu ziren ekimenarekin, eta edozein neurri prebentibo onartuko dutela esan zuten, aparatu horien erabilerak ekar ditzakeen arrisku potentzialen berri erabiltzaileei emateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia