Tabakoa mastikatzea
1989/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eskandinavian populazioaren bi bostenak tabakoa mastikatzen du. Ohitura hau hala ere, gizonezkoena da nagusiki eta emakume gutxik mastikatzen dute, eskimalek izan ezik.
Estatistikoki ikusi denez tabakoa mastikatzeak edo esnifatzeak osasun-arazo handiak sor ditzake. Besteak beste aho-minbizia agertzeko probabilitatea asko hazten da. Azterketek adierazi dutenez, esnifatzean hartzen den nikotinaren herena txistuarekin batera irensten da. Tabakoa mastikatuz gero, irentsitako nikotinaren proportzioa erdira iristen da. Beste zatia ahoko ehunen bidez iragazten da odolera. Nikotinaren zati handi bat irensten denez gero, kontsumitzaileek urdail-arazoak izateko joera handia izango dute.
Beraz, tabakoak sortzen dituen arazoak ez zaizkio erretzeari bakarrik mugatzen.