}

Superreroaleak berriro

1994/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Egunetik egunera ari dira superreroaleei buruzko berriak sortzen. Aurreko alean (Elhuyar. Zientzia eta Teknika, 78. alea, 1993.eko abendua) “Zientzi berriak laburki” sailean “Markak Hobetzen” izenburupean Zurich-en superreroankortasuna 133 K edo -140 ºC-tan lortu zutela genion. Orain berriz, Houston-en ikerlari-talde batek eta Grenoble-n beste batek presioaren bidez superreroankortasuna hurrenez hurren 160 K (-133 ºC) eta 150 K-eko (-123 ºC-ko) tenperaturetan lortu dute.

Bi taldeek erabilitako materiala kobre oxido, bario, kaltzio eta merkuriozko nahastea da. Grenobleko taldean, Argentina, Errusia eta Frantziako zientzilariek dihardute eta Houstongoan Paul Chu jaunaren gidaritzapeanari dira ikerlariak.

Superreroankortasuna tenperatura horietan materiala asko konprimatuz lortu dute. Presio normalean material hauek 25 K baino tenperatura txikiagoetan dira superreroale, baina Houstonen 150.000 bar inguruko presioak eta Grenoblen 235.000 bar ingurukoak eragin dizkiete laginei. Kristalak deformatuta atomo arteko distantziak murriztu egin dituzte eta horregatik igo da tenperatura kritikoa (materiala superreroale bihurtzen denekoa, alegia).

Superreroale bihurtzeko presio ikaragarri horiek behar direnez gero, badirudi aplikazio praktikoetarako material hauek zailtasun handiak izango dituztela. Hala ere, fenomenoa hobeto ulertzeko balio dute eta fisikariei tenperatura altuagoak lortzeko bidean duela gutxi zabaldutako ezkortasuna gainditzen lagunduko diete.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia