Donostian, fisikariak azaldu dira Zinemaldiko aktore eta zuzendari goraipatuek alde egin eta segituan. Victoria Eugenia antzokiak jartzen du glamour-puntua, eta goi mailako zientzialari horiek ekartzen dituzte istorio harrigarriak. Zinemaldian bezala. Edo ia.
“Ez dut Brad Pitt bezalakoa izan nahi” esan digu L’Huillierrek. Nahiago du laborategian “ezkutatu” eta zientzian aritu. Elkarrizketak ere ez ditu asko atsegin. Eta, hala eta guztiz ere, haren denbora eskaini digu.
Donna Strickland-ek esan zigun nolabaiteko talde edo ‘klub’ pribatu bat dutela biek, Andrea Ghez astrofisikariarekin batera. Historian bost emakumek jaso dute fisikako Nobel saria, baina gaur egun hiru hauek bakarrik daude bizirik.
Pribilegio handia izan da biekin egon ahal izatea. Donna Stricklanden elkarrizketa 2024an emititu genuen Norteko Ferrokarrilla irratsaioan. Eta Anne L’Huillierren elkarrizketa laster izango da programa berean.
Donna Strickland fisikako Nobel sariduna eta Guillermo Roa
“Donnarekin kontaktuan nago” esaten du L’Huillierrek. “Maiz hitz egiten dugu”. Ez da Nobel saria dutelako bakarrik; gainera, bien lanak erabat lotuta daude. Biek egiten dute lan laserrekin. Donna Stricklandek teknika bat asmatu zuen laserraren izpia manipulatzeko, eta argiaren intentsitatea izugarri handitzeko. Eta Anne L’Huillierrek teknika hori baliatu zuen, beste hainbat trikimailurekin batera, eta inoiz sortu den laser-pultsu laburrenak lortzeko metodoa garatu zuen. Attosegundoetako pultsuak dira, sortu ditzakegun pultsurik laburrenak, eta haiekin neurtu dezakegu denbora zehatzen.
«Stricklanden eta L'Huillierren lanak erabat lotuta daude: biek egiten dute lan laserrekin.»
Nobel saridun hauen arteko lotura harago doa; L’Huillierren ikerketak Maria Goeppert-Mayer 1963ko Nobel saridunak iragarri zuen fenomeno bat baliatzen du, bi fotoien absortzioa. Horregatik hiru emakume Nobel saridunen lanak elkartu dira attosegundoaren fisikan. Laurena, Marie Curieren aurrekariak ere sartzen baditugu.
2018an jaso zuen Nobel saria Stricklandek, Gerard Mourou eta Arthur Ashkin fisikariekin batera. 2023an, berriz L’Huillierrek jaso zuen saria Pierre Agostini eta Ferenc Krausz-ekin batera.
Elkarrizketa Anne L'Huillier fisikako Nobel saridunari, Norteko Ferrokarrillean
Strickland eta L’Huillier. Haien lanei esker gauza harrigarriak egin ahal izan dira. Adibidez, zirujau batek zehaztasun handiz hil ditzake tumore baten zelulak, eta laser hori kontrolatzen duen gailu elektronikoa ere diseinatu ahal izan da. Etorkizunean zer beste egin ahal izango den zaila da aurresatea, baina adi egongo gara.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



