Stanford Unibertsitateko aditu batzuek frogatu dute soinuak jokabide kuantikoa duela. Hain zuzen ere, erresonadore ñimiño bat baliatuta, soinuaren bibrazio-modu batetik besterako jauzi kuantikoa neurtu dute.
«Oinarrizko bibrazio-egoera batean zegoen gailu txiki batek bibraziorik gabeko egoera batera egin du jauzi»
Aspalditik dakigu argia kuantikoa dela; hain zuzen ere, fisika kuantikoaren hastapenetan argia ikertu zen. Handik gutxira, fisikariek atomoen eta molekulen jokabidea aztertu zuten, eta ohartu ziren materiak ere izaera kuantikoa duela eskala horietan. Orain, soinuaren oinarri kuantikoa argitu dute: erresonadore oso txiki baten bibrazio-moduak aldatuta, Stanfordeko fisikariek aztertu dute nola aldatzen den bibrazio hori oso oinarrizko mailan, eta jokabide kuantiko nabarmena topatu dute.
Horrek esan nahi du erresonadoreak bibratzeko modu jakin batzuk bakarrik dituela, eta, soinua aldatzean, modu horietako batetik bestera salto egiten duela, tarteko egoeretatik pasatu gabe. Efektua errazago ulertzeko, gitarra batekin alderatu daiteke; gitarraren giderrak dituen trasteek zehazten dute zein nota jo daitezkeen. Gitarrak tonu-erdikako nota-eskala bat du, eta do batetik do sostenitu batera salto egin daiteke, esaterako, baina ez tarteko nota batera. Gitarrari trasteak kenduz gero, ordea, nota batetik besterako trantsizio jarraia egiteko ilusioa lortu ahalko litzateke. Dena den, soinuaren oinarrizko eskalan, trantsizio hori ere ez litzateke jarraia izango.
Stanfordeko fisikariek antzeko esperimentu bat egin dute soinuak dituen oinarrizko bibratze-moduekin, fonoi izeneko moduak baliatuta. Ikertzaileek fonoi baten desagerpena aztertu dute; alegia, neurtu dute oinarrizko bibrazio-egoera batean zegoen gailu txiki batek bibraziorik gabeko egoera batera egin duen jauzia. Eta argi dago: fonoi baten jauziak izaera kuantikoa du.
Ezaugarri horrek aplikazio asko izan litzake etorkizunean; esaterako, baliagarria izan daiteke zehaztasun oso altuko detektagailuak edo sentsoreak egiteko. Oraingoz, oinarrizko zientzia da, naturak oinarrizko mailan nola funtzionatzen duen erakusten duen aurkikuntza bat, alegia. Gaur egun, espekulazioa besterik ez da efektua zertarako baliatuko den.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



