}

Stephen J. Gould: zientziaren ‘ipuin-kontalaria’

2002/01/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zientzialari on asko dago munduan, baina ez dira asko beren ideiak ongi transmititzen dakitenak, eta are gutxiago ideia horiek publiko orokorrari transmititzen dakitenak. Stephen Jay Gould, ordea, langintza horretan asmatu duenetakoa da.
G. Roa Zubia

Duela 60 urte New York-en jaiotako paleontologoa da, eta gaur egun Harvard Unibertsitateko irakaslerik ezagunena dela esan daiteke. Beste hainbat gauzatan lanean aritu arren, Amerikako Historia Naturaleko Museoak argitaratzen duen Natural History aldizkariko “This View of Life” zutabean azken 25 urteotan hilero idatzitakoen ondorioz bilakatu da ezagun. Artikulu horien bildumekin hainbat liburu ezagun idatzi ditu (“Darwinen ondoren”, “Flamenkoaren irriparra”, “Pandaren erpurua”…). Lortu duen arrakastaren arrazoietako bat, zientzia-aldizkari batean aritu arren, publiko orokorrarentzat ere ulergarria den eran idaztea da, besteak beste kale-kaleko adibideak erabiltzen ditu eta.

Baina Gould eboluzioaren eta giza adimenaren alorretan ekarpen handiak egin dituen zientzialaria ere bada. Eboluzioaren teoria neodarwinista, berak gizakiaren ahalmen kognitiboen eboluziorako adaptazio-eredu hertsitzat duena, biziki kritikatu (zer esanik ez kreazionismoa) eta 1972an Niles Eldredge-rekin batera ‘oreka taiduna’ izeneko teoria plazaratu zuen. Teoria horren arabera, eboluzioa ez da pixkanakako moldatze geldoen ondorioa, bat-bateko aldaketa bortitzen ondorioa baizik. Eboluzioa etena da, bere ustez, denbora laburrean izandako gertakariek eragiten baitute espezializazioa.

Guk Stephen Jay Gouldekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta hemen dituzue kontatu zizkigunak.

Besteak beste, jakina da oreka taiduna izeneko teoria plazaratu aurretik, besteak beste, Darwinen eboluzioaren teoria zela biziaren historia azaltzeko onartuenea, baina baziren beste ikuspuntu batzuk ere (neutralismoa, eboluzio ez-adaptatiboa, neodarwinismoa bera…). Oreka taidunaren teoria plazaratzean arrakasta handia izan zuen, baina eztabaidak ez ziren amaitu, jarraitu egin zuten, eta horrek argitu baino nahasketa areagotu ez ote zuen galdetzean harritu egin da. Neurri batean horrela izan daitekeela esan du, “baina bizitza konplexua da eta bizitzaren historia bezalako gauza konplexuetan, ezin genezake espero hori azaltzeko mekanismo sinple bakarra egotea”.

Ez du uste “organismoak moldatuko dituen hautespen naturala bezalako mekanismoek, edo aldaketa handiak lortzeko denbora luzean emango diren aldaketa geldoko prozesuek, edo aldaketa txikien metaketaren bidezko prozesuek azal dezaketenik hain sistema konplexua”. Azalpen guztiak uztartzen lan zaila izan daitekeela esan du, baina Darwinen hautespen naturalarekin arazorik ez duen arren, ez deritzo nahikoa biziaren historia azaltzeko.

Hori horrela izanik ere, eskolan Darwinen eboluzioaren teoria irakasten dela azaldu diogu eta beste teorien berri izateko (neutralismoa, eboluzio ez-adaptatiboa, neodarwinismoa, kreazionismoa edo oreka taiduna bera) unibertsitatera jo behar dugula. Beraz, edo teoria batzuk besteekiko alboratu egiten direla, edo Darwinen teoria gainerakoak ulertzeko abiapuntu egokia dela ondoriozta litekeela aipatu dugu.

Bera, ordea, ez dago alboratzearen ustearekin ados. Bere aburuz, Darwinen teoriak gauza asko azaltzen ditu, besteak beste zergatik dauden organismoak une bakoitzean ingurunera hain ondo moldatuta edo zergatik egiten duten eskuek lan azaltzeko, baina, esaterako, genomaren izaera edo geneen hainbat eta hainbat kopia izatea edo geneen kopia neutroak izatea azaltzeko beste eboluzio-mota baten beharra ikusten du, “hori ez da Darwinen hautespen naturala”. Dena den, eskoletan lehen aldiz eboluzioa irakastean Darwinen teoria abiapuntu egokia dela dio, hori baita muina.

Eboluzioa ezin da aurresan, eta ez du iraupena ziurtatzen

G. Roa Zubia

Esan daiteke hori izan zela EIEk antolatutako Prosa Zientifikoari buruzko I. Biltzarrean S. J. Gould-ek zabaldu nahi izan zuen mezua. Biziaren historiako gertaerak azaltzen eta ulertzen saia gaitezkeela, baina inoiz ezingo ditugula iragarri esan zuen; ez guk ez eta gainerako bizidunek. Aurresan al zitekeen asteroide batek Lurra jo eta dinosauroak desagertu egingo zirela? Ordura arte oso ondo moldatu ziren eta ingurunera ondo egokituta zeudela esan liteke, baina horrek ez zien iraupena ziurtatu. Horregatik esan zuen, besteak beste, gaur egungo teoria onartuenaren arabera, dinosauroak desagerrarazi zituen asteroideak Lurrarekin talka egin ez balu, dinosauroak oraindik hemen leudekeela eta ugaztunak txiki izaten jarraituko genukeela. Uste hori elkarrizketan ere berretsi egin zuen, baina hori aurresan edo iragarpen bat ez ote den aipatzean, irri egin eta “Bueno, bai … inoiz ezin da seguru egon, baina, hemen egon ziren 130 milioi urtetan, 65 milioi urte besterik ez dira desagertu zirela, oso ondo moldatu ziren eta ez dut arrazoirik ikusten desager zitezen. Ezin da seguru esan, noski.” erantzun zigun.

Darwinen eta oreka taidunaren artean hiru desberdintasun nabarmen edo aipagarri aipatu dizkiogu. Lehena denbora-eskala izan daiteke. Eta horren inguruan lehen arazoa denbora-eskala geologikoarena dela esan du. Izan ere, jendeari zaila egiten zaio eskala hori ulertzea, “profesionalok ere akatsak egiten ditugu etengabe, zeren beti gure bizitzaren eskalarekin neurtzen dugu, 70-80 urteko bizitza-luzerarekin. Ezinezkoa zaigu milioika urteko terminotan pentsatzea”. Adibidez, bere ustez oreka taiduna ez da bat bateko aldaketen inguruko teoria, espeziazioak nola lan egiten duen azaltzen duen teoria baizik (nola sortzen diren espezie berriak taldeen isolamenduaz, jatorrizko taldetik banandu eta eboluzionatuz). “Espeziazio hori milaka urtekoa izan daitekeenez, oreka taidunean ere aldaketak oso-oso geldoak irudi dakizkiguke, gradualismoan bezain geldoak, baina datu geologikoetara jo eta espeziazio jakin batek 3.000 urte hartzen dituela ikusten badugu, hori bat-bateko aldaketa da”.

Bigarren desberdintasuna ikuspuntuarena izan daiteke, Darwinen eboluzioa askotan nolabaiteko helburu, direkzionalitate edo hoberako moldapen gisa interpretatzen baita… “Hoberakoa bai, baina ingurune lokalean soilik; ohiko nahasketa da hori, jendeak askotan egiten duena”. Darwinek moldatzeaz hitz egiten duela eta jendea nahastu egiten dela uste du, bizitzaren historian hobekuntza gisa ikusten baitu jendeak, baina berez ez da hori. “Hurbileko ingurura hobeto moldatzearen inguruko teoria da soilik, derrigor aldaketa bat eskatzen ez duena. Darwinen eboluzioak ez dauka direkzionalitate edo aurresangarritasunik, inguru hurbilenera (denboran eta espazioan) moldatzea besterik ez da. Eguraldia hozten bada animaliak molda daitezke, baina ondoren berriz epel daiteke…, ezin dute epe luzera iragarri”.

Andolin Eguzkiza eta Stephen J. Gould Prosa Zientifikoari buruzko I. Biltzarraren aurkezpenean.
G. Roa Zubia

Dena den, hori jendearentzat ulertzeko zail samarra ote den, edo ikuspuntu klasikoarekiko aldaketa handiegitxoa ez ote den aipatu eta ulertzeko zailtasunik ez duela erantzun du. Bere ustez oso tradizio sozial gogorrak ditugu eta atsegina zaigu bizitzaren historia gauza progresibo eta aurresangarri gisa ikustea, eta gure burua garapenaren buru gisa ikustea, noski. “Ez da zailtasun naturala, nik uste emozionalki dela zaila”.

Hirugarren desberdintasun gisa taxon-kopurua eta -izaera aipatu ditugu. Ikuspegi klasikoan taxonak gutxitik ugari eta garatuagoetara aldatzen direla izaten da askotan gure pertzepzioa. “Tira, … denbora izugarri zabalean bai; nahikoa atzera jo eta bakterioetatik hasiz gero, baina ez 500 milioi urteetan. 500 milioi urteotan oinarrizko eredu berak ditugu”. Kordatuak ere hasieratik zeuden, “bai behintzat animalia konplexuen hasieratik”. Filum-kopurua ere bera da. “(…) Espezie gehiago dago gaur egun, animalia-mota gehiago dago, baina filum nagusi berak garatu dira garai kanbriarretik ona, salbuespen batekin: briozooak, garai ordobizikoan (kanbriarraren hurrengoan) agertu ziren. Gainerakoan, filum guztiak oso goiz agertu ziren biziaren historian”.

Azkenik, bukatze aldera, oreka taidunaren gaia apur bat alde batera utzita, Burgess Shale aipatu dugu. Izan ere, toki garrantzitsua izan da Goulden ikerketetan. Baina, noski, gehienok ez dugu ezagutzen eta paleontologo ez garenoi non dagoen eta zer duen azaltzeko eskatu diogu. Kanadan dagoela eta oso toki polita dela esanez hura laudatzen hasi da, baina bertan zer kontserbatu den da garrantzitsua. “Normalean fosil erregistroetan maskorrak eta zati gogorrak besterik ez dira aurkitzen, eta ez da uretako faunaren benetako dibertsitatearen maila ikusten. Baina Burgess Shalek ia lehenengo bizidunak agertu ondorengo erregistroak ditu animalia filum guztietan, eta zati bigunak ere oso ongi kontserbatuta daudenez benetako dibertsitatea ikus daiteke. Horregatik da garrantzitsua”.

Darwinen eboluzioa: abiapuntu egokia oreka taiduna ulertzeko

Darwin-ek eboluzioaren teoriak plazaratu zituenean, kontrako iritzi asko entzun behar izan zituen eta hainbat karikaturatan irudikatu zuten. Teoria horren arabera, bizidunak hainbat aldaketa txikiren bidez eboluzionatzen dugu eta moldatzen gara ingurunera. Aldaketa txiki horiek oso denbora-eskala luzean gertatzen direla esan zuen. Oso abiadura geldoan gertatzen dira.

Urte batzuen ondoren ia mundu guztiak onartu zuen teoria hura, eta gaur egun jarraitzaile sutsuak ere baditu. Hala ere, Gouldek eta Eldgredgek oreka taidunaren teoria plazaratu zuten duela 25 urte inguru. Teoria horrek ez du eboluzio geldoa ukatzen, baina biziaren historian askoz abiadura azkarragoko etenak gertatu direla dio, bai eta ia bizidun-mota konplexu guztiak hasieratik sortu zirela ere.

Gauzak zuzenean ikustea gustatzen zaion gizona

Altamirako koba aipatu genuen, bai baitakigu bertara joan nahi zuela. Inoiz ez zela koba batean egon argitu zigun. Lagun guztiek esan diotela zoragarria dela, esperientzia ederra dela, baina bera ez zela inoiz egon.

“Beraz, gonbidatu nindutenean Altamira mapan hurbil zegoela ikusi nuen eta horregatik galdegin nuen”. Ezin izan zuten sartu, baina Ekaingoa ikusi zuen “eta, bai, benetan esan zidaten bezain zoragarria da”. Ezer berezirik edo lanerako zerbait aurkitzea espero zuen susmoa genuela esan eta zera erantzun zigun: “Ez; nik uste dut esperientzia kitzikagarri bat besterik ez nuela nahi. Noski, beti ikasten da zerbait, baina benetan egin nahi nuen zerbait da”. Izan ere, beti besteren bidez jaso izan du toki horien berri, baina gauzak bere begiz ikusi nahi izaten ditu. “(…) Erreplikak ere ez zaizkit gustatzen horrelako esangura berezia duten tokietan. Benetakoa bezain politak izan daitezke, baina ez da gauza bera”.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia