Starlink satelite-kateak eztabaida piztu du

2019/05/31 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Starlink satelite-konstelazioaren helburua Internet-sare globala osatzea da. Arg. Mark Handley/University College London

SpaceX espazio-konpainiak Lurraren inguruan osatu nahi duen satelite-konstelazioaren lehen 60ak zeruan dira dagoeneko. 12.000 satelite jartzea da helburua, baina baliteke egitasmoa aldatu behar izatea, lehen 60 horiek sortutako eragozpenek astronomoak eta zaleak asaldatu baititu.

Satelite-konstelazio horren bidez, Elon Muskek, SpaceX konpainiaren nagusiak, Internet-sare global bat eskaini nahi die mundu osoko erabiltzaileei, baita leku bakartienetan daudenei ere. Sateliteak txikiak dira, eta Lurretik gertuko orbitan jartzea da asmoa, hiru geruzatan (350-1190 km bitarteko garaieran). 2020rako guztiak zeruan izatea zen asmoa, eta horretarako baimena badu, bai Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunarena, bai AEBetako Komunikazioen Batzorde federalarena.

Lehen 60 sateliteak maiatzaren 23an espazioratu zituen, Falcon 9 suziri baten bidez. Eta ia berehala piztu zen kezka nola aldatuko ote zuten gaueko zeruaren ikuspegia. Astronomia-argazkilari asko dagoeneko kexatu dira, argazkiak hondatzen dituztelako duten distiraren erruz, eta astronomoak ere oso arduratuta daude, bereziki irrati-astronomoak, sateliteek erabiliko dituzten maiztasunek bat egiten dutelako irrati-astronomian erabiltzen direnekin.

Sateliteek sortutako trabak konpontzeko ahalegina egingo duela adierazi du Muskek, baina, adituen uste, hori guztia sateliteak espazioratu aurretik hartu behar zen kontuan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia