Esate baterako, asko hitz egiten ari gara ekologiari buruz. Pertsonok asteak kalera irten gabe egotearen ondorioz, animalia-espezie askoren jokabideetan aldaketak antzematen dira. Baina zer diote geologoek? Eta, haien artean, zer diote sismologoek? Lurrikarak eta Lurraren bibrazioak neurtzen dituzten horiek. Bada, haiek ere antzeman diote egoera berezi honi, sismografoetan.
Lehenengoa Belgikako sismologo bat izan zen, Belgikako Errege Behatokikoa. Brusela hiriak ez du ohi bezainbeste bibratzen. Martxoaren erdialdetik, grafikoetan ikusten da Bruselan neurtutako bibrazio sismikoetan, gutxienez, % 30 murriztu direla hondoko bibrazioak, hondoko soinua deitzen zaion hori. % 30 gutxienez. Sismologoak dio batzuetan % 50eko murrizketa neurtu dutela.
Logikoa da. Errepideetan trafikoa izugarri murriztu da, kale asko hutsik daude, ibilgailu oso gutxirekin. Oinezkoak ere desagertu dira hirietatik, telelana egiten dugulako, erostera gutxi goazelako, eskolak itxita daudelako eta abar. Azkenean, horrek guztiak burrunba txiki bat eragiten du, eta sismografoek jaso egiten dute hondoko seinale moduan. Eguberrietan ere gertatzen da, esan dute sismologoek. Bruselan neurtutako seinalean, behintzat, hala da.
Baina honek guztiak ondorio interesgarri bat izan du: lurrikara txiki-txikiak detektatu ahal izan dituzte, hiriaren burrunbak estaltzen dituen mikrolurrikara horiek. Sismologoen estazioak hirietatik kanpo egoten dira horrexegatik, gizakiak eragindako bibrazioetatik ihes egiteko. Baina horrek esan nahi du ezin direla monitorizatu, adibidez, Bruselan bertan izaten diren mugimendu sismiko txiki-txikiak. Orain bai. Antzeko fenomenoak hasi dira detektatzen beste hiri batzuetan. Londresen edo Los Angelesen, adibidez.
Hiritarrek konfinamenduaren arauak betetzen badituzte, sismologoek etekina aterako diote egoera berriari. Bitxia benetan. Bilatu ez duten esperimentu bat da. Planifikatu ez dutena. Baina hor dago.
Roa Zubia, Guillermo
Elhuyar Zientzia