}

Seinale misteriotsuak

1996/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kaliforniako Astronomia Elkarte bateko kideek ezuste galanta hartu zuten iaz, egunero egunero 2,3-2,4 gigahertz bitarteko seinale misteriotsuak jasotzen hasi ziren. Baina ikertzaileak gerora ohartu zirenez, seinale horiek ez zetozen urruneko galaxiaren batetik, beheko solairuko mikrouhinetik baizik.

Kaliforniako Astronomia Elkarte bateko kideek ezuste galanta hartu zuten iaz Lurretik kanpoko bizi adimentsuaren bila ari zirela. 60 metroko teleskopioaz baliatuz, espaziotik heltzen den seinale oro aztertzeari ekin zioten.

Kontua da, teleskopio erraldoiarekin lanean buru-belarri ari zirela egunero-egunero 2,3 2,4 gigahertz bitarteko seinale misteriotsuak jasotzen hasi zirela. Ikertzaileak gerora ohartu zirenez, seinale horiek ez zetozen urruneko galaxiaren batetik, beheko solairuan bizilagunak pizten zuen mikrouhinetik baizik.

Bitxikeri hutsa dirudien arren irakurle, gertakari horrek hainbaten lana erabat oztopa dezake. Izan ere, bizi estralurtarraren bila abiatuta, jatorri argirik ez duten seinaleak aurkitzea arrunt bilakatu da azken urteotan, astronomozaleek behin eta berriro salatu dutenez. Gero eta seinale gehiago jasotzen dituzte ikertzaileek eta horrek berebiziko nahaspila sortzen du. Beraz irakurle, pazientzia beharko duzu behaketak egin eta tajuzko emaitzak eskuratu nahi badituzu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia