}

Saturnoren eraztunak, kukumikuka

2008/04/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Saturno ikusteko ohitura duen edozein, teleskopio kaskarrena erabilita ere, ohartuko zen Saturnoren eraztunak gero eta argalago ikusten direla azkenaldian, eta Cassini banaketa (eraztunetan ageri den zerrenda ilun bat), adibidez, gero eta nekezago ikus daitekeela.
Saturno Eguzkiaren inguruan biratzen ari dela, tarteka, Lurretik eraztunen ertza baino ezin dugu ikusi. (Argazkia: NASA)

Planeten errotazioarekin lotuta dagoen fenomeno bat da, ikuspuntu-kontu bat. Saturno Eguzkiaren inguruan biratzen ari dela, tarteka, Lurretik eraztunen ertza baino ezin dugu ikusi. Eraztunen plano-gurutzaketa deritzo fenomeno horri; hau da, biratzen ari dela, eraztunen alde bat ikustetik beste aldea ikustera pasatzen gara, eta, trantsizio horretan, une batean, ertza baino ez dugu ikusten. Eraztunok oso argalak direnez, ematen du desagertu egiten direla aipatutako ertza bakarrik ikusten baldin badugu.

Hamabost bat urtean behin gertatzen da fenomeno hori, eta orain ari da gertatzen. Pixkanaka, Saturnoren eraztunak gero eta argalago ikusiko ditugu, eta 2009ko irailaren 4an guztiz desagertuko dira. Eklipseetan gertatzen den bezala, dena den, guztiz desagertu eta gero, berriz agertzen hasiko dira.

Edozein teleskopio erabilita ikus daitezke eraztunak. Galileok berak ikusi zituen XVII. mendeko teleskopio batekin.

Lehenengoa, Galileo Galilei

Galileo izan zen fenomeno hori ikusi zuen lehena, baina ezin izan zuen ulertu zer gertatzen ari zen. Egia esan, Galileo bera izan zen Saturno teleskopio batekin ikusi zuen lehena, 1610ean. Harrituta gelditu zen, planeta biribil bat beharrean planeta hirukoitz bat behatu baitzuen. Ikusten zuenez, Saturnok belarri antzeko batzuk zituen, ia-ia Saturno ukitzen ari ziren beste bi gorputz, denak batera mugitzen zirenak.

Galileok ez zuen inoiz jakin ikusten zituen haiek, berez, eraztun-itxura hartzen duten izotz-partikulen multzo handiak direla. Partikulok Saturnoren inguruan orbitatzen ari dira, eta hainbat tamainatakoak dira; t xikienak izotz-ale mikroskopikoak, eta, handienak, etxe baten adinakoak .

Baina

garai hartako teleskopioak ez ziren gai eraztunak desberdintzeko, eta orain dugun informazio guztia emateko.

Egia esan, Saturno ez zen oso deigarri gertatzen Galileorentzat, eta, horregatik, aldian-aldian baino ez zion begiratzen. Zenbait hilabetez begiratu gabe egon ondoren, 1612ko udazkenean begiratu zion, eta, kasualitatez, aipatutako plano-gurutzaketa batekin egin zuen topo. Zur eta lur gelditu zen; atentzio handiz begiratuta ere, bere begi-bistatik desagertu ziren urtebete lehenago ikusi zituen gorputz haiek, eta biribil-biribila ikusi zuen Saturno. Etsita, Saturnorantz begiratzeari utzi zion denbora-tarte batean.

Eraztunik ikusi ez arren, begiratu!

Plano-gurutzaketarekin batera, Saturnoren ipar-polo urdina ikusi ahal izango dugu. (Argazkia: NASA)

Aipatu dugun bezala, Galileori gertatu zitzaionean, eraztunei begiratzeari utzi zion. Baina eraztunek 'ematen' duten argia desagertutakoan, aukera paregabea dugu normalean ikusi ezin ditugun Saturnoren osagaiak ikusteko, hala nola satelite txiki batzuk. Hain zuzen, Lurretik identifikatu dituzten Saturnoren satelite gehienak eraztunen plano-gurutzaketen garaietan aurkitu dituzte.

Gainera, plano-gurutzaketarekin batera, Saturnoren ipar-polo urdina ikusi ahal izango dugu. 2005ean deskubritu zuten hango zerua urdina ikusten dela, Lurrean bezala , Cassini espazio-zunda Saturnoren ipar-hemisferioaren gainetik igaro zenean. Oro har, Saturnoko hodeiak urre-kolorekoak dira, baina, zerbaitengatik, ipar-hemisferioko latitude altuetan urdin bilakatu dira.

Deskubritu zuenetik, Cassini -ren bitartez baino ezin izan zaio kolore urdin horri begiratu, geruza urdina eraztunen atzean 'ezkutatuta' zegoelako. Orain, berriz, eraztunak ezkutatu dira, eta Lurretik bertatik ikusi ahal izan dute fenomenoa. Ez da hain txarra, beraz, eraztunak denbora-tarte batean ezkutatzea, ezta?

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia