SARS-CoV-2aren gertuko bi ahaide aurkitu dituzte Japonian eta Kanbodian

2020/11/26 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Rhinolophus cornutus espezieko saguzarra. Arg. Wikipedia

Orain arteko ebidentziek diote SARS-CoV-2a ferra-saguzarretan sortu zela, baina ez dago argi zuzenean saguzarretik gizakietara transmititu zen edo bitarteko ostalari baten bidez. Hori bai, badirudi ez dela bat-batean azaldu zen birus berri bat. 2019an ezagutu bagenuen arren, aurretik existitzen zela uste dute ikertzaileek. Izan ere, Nature aldizkariak jakinarazi duenez, SARS-CoV-2arekin estuki erlazionatutako beste bi koronabirus aurkitu dituzte aspaldian izoztutako saguzarren laginetan. Biak, Txinatik kanpo, gainera.

Bata Japoniako laborategi batean aurkitu dute, 2013an harrapatutako ferra-saguzar japoniar batean (Rhinolophus cornutus). Rc-o319 izeneko birus hori sekuentziatuta, ikusi dute bere genomaren % 81 dela SARS-CoV-2 birusaren parekoa. Hortaz, ez dirudi nahikoa antzekotasunik dutenik pandemiaren jatorriari buruzko informazio baliagarria emateko. Bigarren birusa Kanbodian aurkitu dute, 2010ean harrapatutako Shameleko bi ferra-saguzarretan (Rinolophus shameli). Oraindik ez dute guztiz sekuentziatu, baina uste dute ezagutzen den SARS-CoV-2aren ahaiderik gertukoena izan daitekeela. Besteak beste, giza-zeluletan sartzeko birusak baliatzen duen proteinaren genea sekuentziatzea falta da. Sekuentziazioaren emaitzak emango du ahaidetzaren neurria, baina % 99ko antzekotasuna izan beharko luke egungo birus pandemikoaren arbaso zuzena izateko.

Arbaso zuzena izan edo ez, badirudi Rinolophus saguzarretan ohikoak direla SARS-CoV-2rekin estuki erlazionatutako birusak. Txinak 2013ko saguzar batean aurkitu zuen RaTG13 birusa, orain arte aurkitutako antzekoena (% 96ko parekotasuna du). Orain, berriz ere ekingo dio Txinak aspaldian izoztutako saguzarrak aztertzeari, datu gehiagoren bila, uste baita SARS-CoV-2aren gertuko ahaide gehiago egon daitezkeela laborategietan, oraindik aurkitzeke. Estatu Batuetako ikertzaileek Laos, Malasia, Nepal, Tailandia eta Vietnameko laborategietako saguzar izoztuak ikertuko dituzte, SARS-CoV-2aren arbaso zuzenaren bila horiek ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia