Elhuyar zientziaren komunikazioa

Santiago Jimenez-ekin elkarrizketan

1988/10/01 Martinez Lizarduikoa, Alfontso Iturria: Elhuyar aldizkaria

Santiago Jimenez Garcia, Iberduero-ko Mineralogi eta Paleontologi Saileko delegatua da. Duela 150 milioi urte Lurrean hedaturik zeuden dinosauruenganako zaletasun handia du eta Errioxan aurkitutako iknitei (oinatz fosilei) buruz ikerlan garrantzitsuak egina da.

– Nola hasi zinen dinosauruak aztertzen?

Valdeté-ko aztarnategian (Préjano-n) Santiago Jimenez oinatzak aztertzen.

– Nire aitonak (ama aldekoak) erakutsi zizkidan oinatz fosilen aztarnategiak. Aitona nekazaria eta artzaina zen (aurkikuntzak egin dituguneko lurraldea oso ongi ezagutzen zuena) eta hari esker izan nuen dinosauruen arrastoen berri.

– Eta paleontologi aldetik, noiz hasi zinen gai hori lantzen?

– Paleontologi lanak enpresarekin zerikusi zuzena du. 1975. urtean Mineralogi eta Paleontologi Saila sortu zen, eta orain bertako delegatua naiz. Landalanak egiteko behar izan dudan laguntza izan dut eta horri esker Enciso-ko aztarnategia (1976) babestu ahal izan dugu. Orain Cornago-ko aztarnategian gauza bera egiten ari gara.

– Zuen landalanak batez ere non egin dituzue?

– Azken lau urte honetan, Préjano, Ambas Aguas, Muro de Aguas, Valdeperillo, Cornago, Igea, Las Casas, Grávalos eta Alfaroko mendizerraren zati bat arakatu ahal izan ditugu. Teropodo eta Ortopodoen oinatzak aurkitu ditugu; Megalosauru eta Iguanodonarenak batez ere.

– Eta urte horietan zein izan da zuen funtsezko lana?

– Oinatzak aurkitzea eta aztarnategiak babestea. Horrez gain oinatzen moldeekin erakusketak antolatu ditugu.

– Duela 100 milioi urteko bizitza aztertzen bakarka aritzen al zara, ala ba al duzu laguntzailerik?

– Landalanetarako behin-behineko taldeak ugari izaten dira, baina azpiegitura eta lan sistematikoa arazo korapilotsuagoak direnez gero, ardura pertsona gutxiagoren baitan dago. Hala ere ez nago bakarrik. Ezta gutxiagorik ere! 1975. urteaz gero Madrileko Unibertsitate Autonomo eta Salamancako Unibertsitatearen aholku nahiz laguntza baditut.

– Errioxan aurkitutako dinosauruen oinatzak zergatik sortu ziren, zure ustez?

– Nerekiko leku horretan ibai-edo zingira-ertzean edateko lekua zegoen. Hor edango zuten dinosauruek, edo hor egongo ziren. Beren oinatzak buztin plastikoan markaturik gelditu ondoren, bete, trinkotu eta gogortu egin ziren. Gero, indar orogenikoei esker, urazpitik gora irten zuten eta gaur egun duten egoerara heldu dira.

– Nolako ingurunean bizi ziren narrasti erraldoi hauek?

– Oinatzak, beren estratuetako fosilak eta uhinduren izurrak (fosilduak daude hauek ere) aztertuta, lautada zabal zingiratsutan bizi zirela esan dezakegu; itsasoak aldika urperatzen zituen delta eta estuarioak zituzten lurretan alegia. Gainera klima epela eta landare ugari izango zuten.

– Eta orain zein da zuen landalanik garrantzitsuena?

Iguanodonaren iknitak Prejano-n. Bertako artzainek aspalditik ezagutzen dituzte.

– Batez ere aztarnategiak hesi metalikoz babesten ari gara, estaltzen, higadurarik egon ez dadin urak desbideratzen, aztarnategira heltzeko bideak zabaltzen.

– Zuen lanak zientzi aldizkaritan argitaratzen al dira?

– 1987. urtean Madrileko Unibertsitate Autonomoan oinatzei buruzko lizentziatur tesina bat irakurri zen. Oraintxe bertan, lau idazlan prest ditugu argitaratzeko, eta horietako bat Irailean aurkeztuko da Estatu Batuetan. Gainera J.J. Moratalla jaunak Errioxako alderdi iknologikoaz bere doktorego-tesia oso aurreratua dauka. Tesi horretan orain arte egindako lan gehienak biltzen dira.

– Eta aurrera begira zer asmo dituzue?

– Klima-aldaketen eragina, estratuen adina, animali eta landare-espezieen identifikazioa, Mesozoikoan lurralde honek zituen fauna, flora eta baldintza geografikoak eta abar aztertu nahi ditugu.

– Zuen landalanen dibulgazioaz ere kezkatuta zaudela uste dut. Zer egiten duzue arlo horretan?

– Agian gure lanik interesgarriena herriz herri egiten dugun erakusketa da. Fosilak erakusteaz gainera hitzaldiak eta bideo-proiekzioak ere eskaintzen ditugu Mesozoikoko narrasti erraldoiez.

– Eta iknita-aztarnategien inguruan, epe motzera zein helburu duzue?

– Nere asmoa Errioxako aztarnategi paleoiknologikoak mundu-mailan dagokien graduraino igotzea da. Horretarako funtsezkoa izango da Dinosauruei buruz 1989. urtean Errioxa Beherean burutuko den Nazioarteko Simposiuma. Erbestetik ospe handiko zientzilariak etorriko direla espero dugu.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia