}

Sai zuriaren ohitura koprofagoak

2002/04/25 Elhuyar Zientzia

Sai zuriek bi ezaugarri berezi dituzte: aurpegiko kolore horia eta ardi-gorotzak jateko duten ohitura. Doñanako zentro biologikoko ikertzaileek bi ezaugarrien arteko lotura estua frogatu omen dute, Nature aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera.

Koprofagia ez da hegaztietan behatu ohi den jokabidea. Nahiko arriskutsua izan daiteke, gorotzetan infekzioak sortzen dituzten mikroorganismoen kontzentrazioa oso altua delako; gainera, ez dira oinarrizko elikagaietan oso aberatsak. Baina ungulatuen gorotzetan, karotenoide-kontzentrazioa nahiko altua dela ikusi da. Hegaztiek ezin dutenez karotenoa sintetizatu, elikagaietatik hartu beharra daukate. Saiek gorotzak jaten dituzte bitamina hori lortzeko.

Jerezko zooan bizi diren lau sai erabili dira ikerketan. Aurretik lau hilabetez okelaz elikatu ostean, dieta aldatu eta behi-gorotzez elikatu zituzten 10 egunez. Bukaeran, odolean zuten karotenoide-kontzentrazioa askoz altuagoa zen hasieran baino.

Zientzialariek badakite organismoan soberan dagoen karotenoidea azalean geratzen dela eta horri kolore horia ematen diola. Sai zuriak aurpegi horia izatearen arrazoia hori dela uste dute orain.

Antza denez, sai zuriek aurpegiko kolore horia osasun onaren adierazgarri moduan erabiltzen dute bikotea topatzerako orduan. Gorotzak jatean sor daitezkeen infekzioei aurre egiteko bezain osasuntsuak direla adierazi nahi omen dute horrela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia