}

Rhin ibaiko aparraren misterioa argitu dute

2002/08/07 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Suitzako Schaffhausen-en, jende asko inguratzen da Rhin ibaiaren ertzera. Izan ere, oso leku ederra da eta turista asko erakartzen ditu. Horregatik, 1970eko hamarkadaren hasieran uretan aparra azaltzen hasi zenean, jendea asko kezkatu zen. Gerora, aparra desagerrarazteko saiakera ugari egin dira, baina orain arte ez da jakin zein den benetako erruduna: Ranunculus generoko landare arrunt bat.

Hasiera batean pentsatu zuten industrien edo ibaian gora gertu dagoen ur-tratamenduko estazioaren isuriek sortzen zutela aparra. Baina isuriak kontrolatzeko neurriak hartu zirenean ere, aparrak bere horretan segitu zuen. Gainera, analisiek argi utzi zuten ez zegoela ohiz kanpoko poluziorik, eta azaltzen ziren etxeko eta industrietako detergente-arrastoak
ez ziren nahikoak hainbeste apar sortzeko.

Gerora konturatu ziren aparra agertzen hasi zen garai berean landare bat asko ugaritu zela. Landare hori Ranunculus fluitans da, eta oso zabaldua dago Europa guztiko ibai eta erreketan. Kontua da aparra sortzen duen substantzia bat ekoizten duela, saponina. Eta udan saponina gehiago ekoizten du; hau da, aparra askoz ere nabarmenagoa da turista gehien dagoenean.

Dena dela, hasierako susmoak ez ziren hain okerrak. Izan ere, landare hori neurriz kanpo ugaritu bada, industriek urtetan isuritako fosfatoengatik da. Ondoren,
ur-tratamenduko estazioa martxan jarri zutenean, jalkina gutxitu egin zen, eta horrek landareari hedatzen lagundu zion.

Aparrak susmo txarrak pizten dituen arren, saponina-maila ibaiak duena baino 50 aldiz altuagoa izanda ere ez litzateke toxikoa izango ibaiko landareentzat eta animalientzat. Edateko ura ere ibai-azpiko geruza batetik hartzen dute, eta guztiz segurua da. Behintzat, orain badakite zerk sortzen duen aparra, eta ez da gutxi.

Gehiago jakin nahiez gero, egin klik hemen

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia