Primateak klonatu dituzte lehen aldiz
2018/01/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Dolly ardia lortzeko erabili zen teknika berberarekin sortutako bi makako aurkeztu berri ditu Txinako Neurozientzien Institutuak. Teknika zelula somatikoen nukleo-transferentzia da, eta, orain arte, ez zuen emaitza onik eman primateetan. Alabaina, batzuek interes handia zuten primateak klonatzeko, genetikoki gure espeziearen hain antzekoak izanda, ikerketa biomedikoetarako oso baliagarriak izango liratekeelakoan.
Hain zuzen, ikerketetan, genetikoki eraldatutako animaliak erabiltzen dira, eta abantaila bat izango litzateke genetikoki informazio berbera duten klonak izatea, guri eragiten diguten gaitzak ikertzeko. Makakoak klonatu dituzten ikertzaileek azaldu dutenez, helburu horrekin sortu dituzte bi makako-kumeak.
Cell aldizkarian argitaratu dute esperimentua, eta zelula somatikoen nukleo-transferentzian oinarritutako teknikan egindako moldaketak ere azaldu dituzte. Adibidez, zelulak birprogramatzeko erabilitako konposatuen berri eman dute, eta aitortu dute ez direla zelula helduak birprogramatzeko gai izan. Hala, enbrioi-zelulak birprogramatuta sortu dituzte enbrioiak. Enbrioi horien garapena ere ez da izan oso arrakastatsua: makako emeen umetokietan ezarritako 60 enbrioietatik, bi baino ez dira jaio.
Aipatzekoa da primateak ikerketetan erabiltzeko Txinako arauak ez direla beste herrialde askotakoak bezain zorrotzak. Izan ere, Europan, Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdetan, primateek babes handia dute, eta oso mugatuta dago haien erabilera. Eta, nola ez, bada giza klonazioaren auzia berpiztu duenik ere, ikertzaileek argi esan duten arren ez dutela horretarako asmorik.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia